Bertsoak irekiko du etxea

Bertsoak irekiko du etxea

Ibai Maruri Bilbao

Joan den otsailean abiatu zuen Euskararen Etxeak Hi(ZKI)bridoak zikloa, euskarazko sorkuntzari plaza berri bat emateko asmoz. Erakundearen eta, batez ere, eraikinaren beraren berrantolaketaren ondorio izan zen. Otsailaren 27an izan zuten lehen emanaldia, Itxaro Borda idazleak eta Ibon RG musikariak ondutako Buztinezko etorkizuna. Beste lau ikuskizun falta zirela, martxoan pandemia iritsi zen, eta bertan behera utzi behar izan zuten. Udaberrian etendakoak udagoienean izango du jarraipena. Errealitate berrira egokitu dute zikloa: ikusle edukiera murriztu beharko da, eta ikuskizunak streaming bidez ere zabalduko dira. Lehenaz datorren astean gozatu ahal izango da. Txakur Gorria Sormen Kolektiboak Orainmenean bertso saio berezia —”historik o-feminista”—taularatuko du. Sarrerak, doan.

Bi helburu ditu Orainmenean proiektuak. Kolektiboko Nerea Ibarzabal Salegik azaldu du. Batetik, bertsolaritzaren orain arteko genealogia ikuspuntu feministatik aztertzea eta hainbat emakume bertsolariren izenak, bizitzak, bertsoak berreskuratzea eta jende askorentzat ezagutaraztea. “Haietako askok ez zeukaten argazkirik, eta egin diegu irudi bat, aurpegi bat jarri. Ez da haien benetako aurpegia, baina gizon bertsolari askorekin egin izan da. Adibidez, Bilintx-en argazkia irudi bat da”. Hala, argazki edo irudi horien erakusketa bat egongo da ikuskizunean; liburu bat ere atondu dute, eta ikusleek erosteko modua izango dute.

Bestetik, orainarekin lotzekotan, ikuskizunari bertso-saio formatua eman diote. Ahalik eta emakume bertsolari sare osatuena josten ahalegindu dira. “Plaza bat izatea nahi dugu, guk elkarregaz kantatzeko; eremu feminista bat bertsotarako. Eta, ahal dela, plazetan hasten ari diren neskentzako lehen plaza bat izatea ere nahi dugu, eroso kantatuko duten plaza eredu bat”.

Amaia Agirre eta Maite Berriozabal ibiliko da gai jartzaile, txandaka. Eta saio bakoitzean dagokion eskualdeko bertsolari emakumeek parte hartzea gura dute. Euskararen Etxekoa izango da estreinaldia, eta, oraingoz, lotua duten saio bakarra ere bada. Agirreren esanetara, Txakur Gorriko Malen Amenabar, Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal bera ariko dira kantuan, gaur zortzi. Kanturako kari nagusietako bat izango dute iraganeko bertsolariena.

Plazetan, izen barik

Ibarzabalen esanetan, genealogiak erakutsi die uste baino emakume gehiago ibili direla, plazan ere bai. “Emakume askoren jarduna etxera mugatu da, baina plazara irten zirenak ere badira, isildu ez zirenak, Lore Jokoetan irabazle izan zirenak urte askotan, eta horien izenak ere ez zaizkigu hainbeste heldu”. Irabazle izan arren haien izenak ezkutatuta egon direla salatu du.

Hi(ZKI)bridoak zikloa beste bertso saio batekin amaituko da: Miren Amuriza eta Maialen Lujanbio bertsolariak Mari Luz Esteban idazlearen esanetara ibiliko dira kantuan, literaturaren inguruan.

Hi(ZKI)bridoak 
Otsailean hasi zen Hi(ZKI)bridoak zikloa, Bilbon, Euskararen Etxean. Pandemiagatik eten ostean, orain egingo dira falta diren ekitaldiak.
Urriaren 8an, 19:30ean
‘Orainmenean’. Bertsolaritzan beti kontatu izan da gizon bertsolarien historia. Hala ere,  hainbat plazandreren arrastoak badira. Txakur Gorria Sormen Kolektiboak ahalegina egin du historia hori zalantzan jartzeko. Andrez osatutako bertso saioan, bertsolariek genealogiaren parte diren datuak eta gertaerak izango dira abiapuntu.
Urriaren 22an, 19:30ean
‘Muga’. Xabier Montoiaren Anfetamiña liburutik abiatzen da Muga. Alberto Gonzalez musikariak kantu bihurtu du. Poesia, rock musika eta ikus-entzunezkoak batzen ditu, besteak beste.  J.A. Goñi Areta Juxe argazkilariaren irudiekin jantziko dute saioa.
Azaroaren 13an, 19:30ean
‘Habiak’. Musika eta artea lotzen dituen ekitaldi bat da, eta Anariren Habiak diskoa du ardatz: erakusketa kolektiboa izango da, diskoan bildutako hamabi kantuen interpretazio plastikoekin.
Abenduaren 10ean, 19:30ean
Bertso saio literarioa. Mari Luz Estebanek kantuan jarriko ditu Miren Amuriza eta Maialen Lujanbio. Hark irakurritako pasarte literarioak izango dira abiapuntua.