“Poz handia ematen dit nire laguntza eskaini ahal izateak”

“Poz handia ematen dit nire laguntza eskaini ahal izateak”

Peru Azpillaga Diez

1.075 kilometroko aldea dago Muskiz eta Tarifa (Andaluzia, Espainia) artean. Distantzia handia, edozein garraio motatan egiteko; are gehiago, bizikletaz egiteko asmoa izanez gero. Hori da, ordea, Alberto Vallesek (Muskiz, 1968) bere buruari jarritako erronka: inongo geldialdirik gabe sorterritik penintsula hegoaldera joatea bizikletaz. Bihar bertan abiatuko da, eta minbiziaren aurka borrokatzeko dirua lortzea du helburu.

Prest bihar bertan abiatuko duzun erronkarako?

Bai, erabat. Inoiz egin gabeko distantzia bat da hau niretzat, baina ziur naiz egin dezakedala. Egunero ateratzen naiz entrenatzera, eta erronka berritzaile honi heltzeko irrikaz nago.

Zure herritik Tarifaraino kilometro asko daude, ordea.

Bai, 1.075 kilometro. Herriko plazatik aterako naiz, baina ez dugu nahi jende asko biltzerik, osasun neurriak errespetatzeko. Horregatik, Tarifara jo baino lehen, buelta bat emango dut herritik bizikletaz, jendea agurtzeko. Nire asmoa da 60 ordu baino gutxiagotan ibilbidea osatzea. Hala ere, nahiago nuke denbora gehiago beharko banu.

Zergatik diozu hori?

Helburu nagusia delako Aspanovas elkartearentzako finantzaketa lortzea. Erronka honen bidez, kilometroak salduko ditugu, eta ni saltzen diren kilometro guztiak egiteko prest agertu naiz. Hau da, berezko distantzia baino kilometro gehiago saltzen badira, ibilbidea luzatu egingo dut, saldu diren kilometro guztiak bete arte. Hori egin behar badut, Pedro Galarzak bere laguntza eskaini dit Veletako mendatea —Europako mendaterik handiena— nirekin batera igotzeko. Dena den, baldintzen araberakoa izango da dena; ni indartsu nago, eta ziur naiz lortuko dudala.

Zergatik hautatu duzu Aspanovas elkartea laguntzea?

Haur minbiziaren aurka lan egiten duen elkarte bat da. Elkarte horiek ere finantzaketa asko galdu dute koronabirusaren ondorioz, egungo egoeran oso zaila baita egitasmo solidarioak antolatzea. Horregatik, bakarka aritzen garenok baino ezin ditugu halako egitasmoak planteatu. Nik argi nuen erronka hau egin nahi nuela, eta, haiekin kontaktuan jarri nintzenean, ilusio handiz hartu zuten. Laguntza handia eskaini didate.

Hau ez da, ordea, egiten duzun lehenengo erronka solidarioa.

Ez. Oso sentzibilizatuta nago minbiziaren aurkako borrokarekin. Duela zazpi urte, aita galdu nuen oso minbizi luze eta gogor baten ondorioz, eta, orain, duela urte bat baino gutxiago, gertuko senide gazte bat galdu genuen. Horrek asko eragin zidan, eta, orduan, nire pedalkadei zentzua ematea erabaki nuen: erronka solidarioak egitea otu zitzaidan, eta hala hasi nintzen honekin.

Zer erronka egin dituzu geroztik?

Lehendabizi, Muskizetik Santiagora joan nintzen geldialdirik egin gabe. Gero, Everesting bat egin nuen, Ezkerraldeko lehenengoa. Gure herriko Borja auzoko aldapa batean, Everest mendiak dituen 8.848 metroak egin nituen. Orain dela gutxi, abuztuan, 24 orduko geldialdirik gabeko erronka bat egin nuen Sodupen, eta, denboraldiari amaiera emateko, Deabruaren ibilbidea izena eman diodan erronka abiatuko dut bihar.

Zergatik deitu duzu horrela?

Claudio Chiappucci Il Diavolo ezizenez ezaguna den txirrindulariaren omenez. Beti miretsi izan dut, zeukan izaera borrokalariagatik eta ematen zuen ikuskizunagatik. Erronka eta txapelketa guztiak haren maillota soinean nuela egin ditut, eta oraingoan hari eskaini nahi izan diot ibilbidea. Egia esan, ez dit hutsik egin, harekin harremanetan jarri ginean oso harrituta eta ilusio handiz hartu baitzuen erronkaren ideia. Laguntzeko jarrera azaldu du hasieratik, eta bere esku zegoen guztia eskaini digu.

Zergatik jarri diozu izena erronkari?

Ez dudalako nahi erronka hauek gauza indibidual bat izaterik. Sodupekoa, Everesting-a eta oraingo Deabruaren ibilbidea denboran mantentzen diren erronkak bilakatzea da helburua, eta ni ez banaiz, beste batek egin ahal izatea. Geroz eta berekoiagoa den gizarte honetan, izaera solidario hori bizirik mantendu dadin. Hau da gazteei utzi nahi diedan ondarea.

Zer-nolako garrantzia dute halako erronkek?

Nik nire ekarpena baino ez dut egin nahi. Finantzaketa nahikorik ez duten eta izan beharko luketen ikerketa horiek bultzatzeko; hala nola haur minbizia eta leuzemia. Aspanovasen moduko elkarteek sekulako lana egiten dute, aspalditik gainera, eta poz handia ematen dit nire laguntza eskaini ahal izateak. Bizikletan ibiltzearen hirugarren hanka dira erronka solidarioak: lehendabizikoa terapia da; bigarrena, zaletasuna; eta hirugarrena, edukia. Egiten dudan honi zentzua ematea eta besteei laguntzeko erabili ahal izatea.

Zer lotura duzu bizikletarekin?

Txikitatik pilotan ibili naiz. Pilota utzi nuenean hasi nintzen bizikletan, gaztea nintzela, baina gero, lan kontuengatik eta, utzi egin nion ibiltzeari. Orain dela bi urte, buruko gaitz bat hauteman zidaten, eta kirola egitea gomendatu zidaten. Orduan hartu nuen berriro ere bizikleta, eta, geroztik, egunero ibiltzen naiz. Txapelketetan eta erronketan erabat murgilduta nabil, gainera.