Peru Azpillaga Diez
Osasun larrialdiaren ondorioz, abiatu eta gutxira, Loraldia festibalaren seigarren aldia gelditu behar izan zuten antolatzaileek. Hala, sormenean oinarritutako kultur jaialdiak bertan behera utzi zituen udaberriarekin batera Bilbon loratzekoak ziren ekitaldi guztiak. Geroztik, ordea, Loraldia kultur elkarteko kideak ez dira geldirik egon, eta eutsi egin diote euskal kulturaren proposamen berritzaileenak plazaratzeko asmoari. Horregatik, behin segurtasun neurriak arazorik gabe bete ahalko direla bermatu ostean, martxan jarri dute berriz ere aurtengo festibala.
Udagoienean loratzen da lemapean, bihar bertan abiatuko da aurtengo festibal berezia, Bilboko Itsasmuseumen, Iñigo Astizek eta Mikel Ayerbek eskainiko duten Högeitavat mendeko emanaldi poetikoa poesia performancearekin. Egitaraua urriaren 22ra arte luzatuko da, eta diziplina anitz, askotariko formatuak eta hainbat motatako ekintzak bilduko ditu. Besteak beste, Loraldia Udagoiena udazkeneko aldian, teatroa, dantza, musika, literatura, artea eta bertsolaritza egongo dira gozagarri.
Osasun larrialdira egokitzeko hartutako neurri berezien artean, gainera, Loraldia festibalaren antolatzaileek hiru eguneko esperientzia digitala txertatu diote aurtengo aldiari. Osasun krisia dela eta, Loraldia Udagoiena jaialdiko ikuskizunak mugatuta egongo dira, batez ere edukierari eta pertsonen arteko harremanari dagokionez. Muga horiei aurre hartu ahal izateko, ohiko zuzeneko ikuskizunez gain, Esperientzia digitala izeneko proposamena garatu du Loraldia Kultur Elkarteak. Teknologia baliatuz, streaming bidezko ekintza eta ikuskizunen emankizuna baino gehiago izango diren hiru egitasmo antolatu ditu; Loraldiaren eta EITBren webguneen bidez ikusi ahalko dira.
Abantaila gehiago
Kanta batek mundua eralda dezake? izenburupean eskainiko den solasaldi musikatua izango da lehenengoa, urriaren 4an. Bertan, Noan Chomskyren manipulazio mediatikoaren hamar estrategiak abiapuntu hartuta, Harkaitz Cano, Petti eta Ana Galarraga musikak duen indar eraldatzaileaz ariko dira. Bigarrena lau egun beranduago izango da, urriaren 8an: Alos Quartet taldeak, beste musikari batzuez lagunduta, dantza eta musika uztartuko dituen ikuskizun bat eskainiko du. Azkenik, urriaren 18an izango diren Mikel Urdangarinen solasaldia eta kontzertua ere egongo dira ikusgai streaming bidez. Antolatzaileen ustez, bide digital horiek edukiera mugak ezartzen duen baino jende gehiagorengana heltzeko aukera emango dute, eta, sare sozialen bidez, esperientzia hori publikoaren ekarpenekin osatuko dute.
Aurten, gainera, festibalaren komunitatea osatzen duten lorazainen figura indartu nahi izan dute antolatzaileek. Norbanako horiek deskontu bereziak izaten dituzte jaialdiko sarreretan. Udazkeneko aldi berezian, ordea, haiei zuzendutako abantaila gehiago izango dira. Alde batetik, edukiera txikia izanda, salmenta lehenetsia izango dute lorazain guztiek. Horrekin batera, urriaren 17an ospatuko den Lorazain Egunerako doako sarrera izango dute, eta esperientzia digitaleko saio bitan aretoan egongo dira.