Peru Azpillaga Diez
Hego Ameriketatik eta, batik bat, Ekuadortik Donostiara heltzen ziren pertsonen beharrei erantzuteko jaio zen Ecuador Etxea, 2000. urtean. Harrera eta aholkularitza gune izateko sortu zen, heldu berri ziren pertsona horiei etxebizitza edota lana bezalako oinarrizko premiak asetzen laguntzeko. Gaur egun, ordea, hori baino askoz gehiago da, batez ere, Bilboko herri mugimenduan diharduten elkarteentzat eta kolektiboentzat. Horientzat guztientzat Ecuador Etxea haien egunerokotasuneko lana kamera batez lagundu eta lau haizeetara zabaltzen dituen proiektu komunikatiboa da. Hots, ohiko komunikabideetan agertzen ez direnen bozgorailua da.
2005. urtean sortu zen Ecuador Etxearen Bilboko delegazioa. “Garai hartan etorkinen erregularizazio prozesu asko hasi ziren, batez ere familien berrelkartzeari lotuta”, azaldu du Evelyn Morales elkarteko kideak. “Jende gazte asko hasi zen etortzen Bilbora, adingabeak gehienak, eta horri erantzuteko sortu genuen”, erantsi du. 2008an formalizatu zuten delegazioa. “Gazteak ginen guztiak, eta gazteengana zuzentzen ginen; asko kirol kantxetan batzen ziren, eta, maiz, auzokideen estigmak eta aurreiritziak jasan behar zituzten. Guk haiengana jo genuen, eta, hasiera batean, kirol taldeak sustatzen hasi ginen”.
Hainbat proiektu
Hainbat proiektu garatzen hasi ziren. “Urteekin konturatu ginen lan mugatua egiten genuela: jai kulturalak, kirola, gastronomia… Hori guztia ondo dago, baina ez genuen gure jarduna horretara mugatu nahi; orduan jarri genuen martxan Ecuador Etxearen proiektu komunikatiboa”.
Prozesu natural bat izan zela azpimarratu du Moralesek: “Facebooken profila sortu genuen, baita oinarrizko web orri bat. Sare sozialen bidez, immigrazioaz gain beste borroka batzuk ere jorratzen zituzten beste kolektibo batzuekin harremantzen hasi ginen”. Horretaz gain, haien ekitaldietan erabiltzen zuten kamera bat zutela esplikatu du: “Gure ekintzak komunikatzeko baino ez genituen erabiltzen, eta kalera ateratzea erabaki genuen”. Manifestazioak, protestak, jardunaldiak… Ecuador Etxetik zerbait gertatzen zen tokietara joan, eta argazkiak ateratzen hasi ziren. “Gauza oso potenteak egiten zirela ikusi genuen, baina gero eragile horiek ez zuten indarrik egindako hori komunikatzeko”. Hori dela eta, hutsune hori betetzeko hautua egin zuten, eta haien sareen bidez gauza horiek guztiak komunikatzeari ekin zioten.
2012an, esaterako, Espainiako abortuaren legearen testuinguruan, kolektibo feministekin elkarlanean hasi zirela kontatu du Moralesek, eta, gutxinaka-gutxinaka, urte hartan garatu zen borroka prozesu guztia erregistratu zuten. “Urteetako lanaren ostean, gure lekua egin dugu herritar horien guztien borrokak komunikatzerakoan”.
Herri mugimenduetako ekintzak komunikatzen hasi zirenean, jendeari arrotza egiten zitzaiola aitortu du Moralesek. “Atzerrian jaio diren bi pertsona, gauza guztiei argazkiak ateratzen ibiltzea… Arraroa zen, ezta? Guztiz ulergarria den mesfidantza bat zegoen”. Gerora, ordea, elkarte horien partetik “oso harrera ona” izan dutela azpimarratu du. “Asko eskertzen dute egiten dugun lana; gu hasi ginen momentura arte ez zegoelako Bilbon egiten ziren ekintza eta protesta horien guztien zabalpena egiten zuen hedabiderik”. 2016an bazkide kanpaina bat egin zuten, besteak beste, euren lanak benetan balio ote zuen jakiteko, eta emaitza oso ona izan zutela azpimarratu du.
Ohiko hedabideekin konparatuta, irabazi asmorik ez izateaz gain, bestelako lana egiten dute. “Gure helburua ez da soilik argazkia ateratzea; prozesuak hasieratik amaierara arte laguntzen saiatzen gara. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu prozesu osoa komunikatzeko gaitasuna izatea, eta, batez ere, bertan egotea”. Era berean, Bilbon gertatzen denaren B aldea komunikatzen dutela dio, ohiko komunikabideetan lekurik ez duen hori. “Telebistan agertzen diren gauza txar horien aurrean, egunero borrokan dauden herritar horien guztien lana zabaltzea; amore ematen ez duten horiena; egunak joan egunak etorri, kalean borrokan jarraitzen duten horiena… esperantza helarazteko modu bat ere bada”.