Natalia Salazar Orbe
Milaka ikasle ikastetxeetara itzuli dira, sei hilabeteren ondoren; Haur Hezkuntzakoak eta Lehen Hezkuntzakoak joan den astean, eta asteon, berriz, DBHko hirugarren mailatik aurrerakoak ere. COVID-19ak zaildu egin du itzulera. Ikastetxe batzuetan lehenagotik zituzten gabeziak areagotu egin dira, eta beste batzuetan, arazoak sortu. Egoera horretan daude, besteak beste, Bilboko Garcia Rivero ikastetxeko eta Mujika eskolako hezkuntza komunitateko kideak. Espazio eta langile gehiago eskatu dituzte ikasleen osasun fisikoa eta mentala babesteko eta kalitatezko hezkuntza duina aldarrikatzeko.
Atxuriko Garcia Rivero ikastetxean aldarrikapen otordu baten bidez kaleratu zituzten eskariak, ostiralean. Ikastetxearen aurrealdean, metroa ondotik igarotzen zitzaiela eta bidean eserita bazkaldu zuten irakasleek, ikasleek eta familiek, jantokiko langileak ere bertan zeudela. Eusko Jaurlaritzak asteon onartu die beste begirale bat kontratatzea jantokirako. Baina ikasturteko lehen astean langabezian egon ziren jantokiko beharginak. Eta haiek lau hezitzaile gehiago eskatzen zituzten, bai eta denbora gehiago ere sukalderako, prestaketa lanetarako eta desinfekzioa egiteko.
Igor Uribe irakaslea da, eta baita Garcia Rivero ikastetxeko ikasle baten aita. Barrutik ezagutzen ditu, beraz, sistema, haren egoera eta Atxuriko eskolaren beharrak. Lehenago ere espazio falta aldarrikatu izan dute. Orain, behar hori areagotu egin da. Konponbide bila ari dira erakundeekin. Inguruan dituzten eraikin publikoak erabili ahal izatea eskatu du: “Aurrez aurre Campuzano institutua daukagu, eta hamar metrora, berriz, Atxuriko antzinako geltokia. Atxuriko gizarte etxea gure eskolatik bost minutura dago. Atxuriko parke eta kantxa estaliak ere erabili ahalko genituzke. Espazio eta langile gehiago aldarrikatzen ditugu”.
Baliabide gehiago nahi dituzte, baina, horrez gain, Uribek uste du “irizpide pedagogikoa” eta “umeen ongizatea” lehenetsi behar direla une oro. “Jakin badakigu —eta gurea ez da eskola bakarra— Lehen Hezkuntzako umeak ari direla gela barruan musukoarekin gorputz hezkuntza egiten. Horrek ez dauka inolako logikarik ez irizpide pedagogikorik. Ez dauka inolako azalpenik ez justifikaziorik”.
Gimnasioari ere ez diote ohiko erabilera ematen, jantoki modura erabiliko dutela espero baitute. “Atxuriko liburutegia ere itxita dago; ez du mailegurik ematen. Hemengo ume askok ez dute euskarazko materialera gerturatzeko beste modurik. Hemengo ume batzuek ez dute euskararekin harremanik izan martxoaz geroztik”. Musika saioetarako musika gelarik ere ez dutela salatu du.
Era horretako hainbat adibide aipa daitezkeela azaldu du. “Segurtasun faltsu baten izenean, neurri ez-pedagogiko batzuk ari dira hartzen, eta COVID-19a eta egoera bera baino okerragoak dira”. Gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak ezarritako protokoloa euren kontingentzia planera egokituta bete behar dutela ikastetxeek. Hala ere, eskaera zuzena egin du: “Ez dezagun kontingentzia planetan protokolo horren interpretaziorik zurrunena egin, inolako justifikaziorik ez duten neurriak hartuta”.
Mujika eskolakoen kezka
Zazpikaleetako Mujika eskola publikoko hezkuntza komunitatea ere kezkatuta dago. Eskola txikia da, eta COVID-19 birusak sakondu dituen gabeziak konpontzen laguntzeko eskatu diete erakunde publikoei. Asteartean eskola saio bat irudikatu zuten aire zabalean, leku gehiago eskatzeko. Bilboko Udalari Santa Maria kalea egokitzeko eta ordutegi zehatz batzuetan jolasleku modura erabili ahal izateko eskatu diote, eskolak ez baitu kanpoan horretarako lekurik. Horretarako zirkulazioa eten beharko luke udalak. La Bolsa eraikina erabili ahal izateko eskaera ere egin diote, leku faltari irtenbidea emateko.
Eusko Jaurlaritzari, besteak beste, jardunaldi jarraitua egiteko aukera eskatu diote. “Oso zaila da gutxieneko distantzia eta segurtasun neurriak bermatzea. Lanaldi jarraituak aukera emango lieke familia askori seme-alabak etxera bazkaltzera eramateko. Horrek jantokia arinduko luke, eta lana eta familia uztartzea erraztuko”, adierazi du Ines Egino guraso elkarteko ordezkariak. Horrez gain, Hezkuntza Sailari zuzendu zaie langile kopurua handitzeko eskatzeko. “Geletako ratioak baimendu baino handiagoak dira. Hezkuntzak badaki, baina ez dio erantzun eskaera horri”, esan du.
Herriz herriko ikastetxe askotako komunitateek kezkaz bizi dute ikasturte hasiera hau. Horren adierazgarri, asteartean greba egin zuten hezkuntza komunitateko langileek aurrez aurreko hezkuntzarako itzulera segurua eta adostua aldarrikatu zuten. Sindikatuen arabera, %70eko oihartzuna izan du grebak; Jaurlaritzak esan du %41,9koa izan zela. Garraio, jangela eta garbiketa alorretan azpikontratatutako langileak ere batu zitzaizkion grebari.
Garcia Riveroko eta Mujika eskolako hezkuntza komunitateak bat egin zuten grebarekin, eta deialdi bateratua egin zuten. Horiekin batera atera ziren Luis Briñas eskolakoak eta Karmelo ikastolakoak ere. Azkeneko horretan giza baliabideak eta baliabide fisikoak eskatu dizkiote Hezkuntza Sailari, “jantoki zerbitzu segurua eta osasungarria eskaini ahal izateko”.