Doinu jamaikarren irla

Doinu jamaikarren irla

Peru Azpillaga Diez

E uskal Herrian Jamaikako kultura musikala sustatzen duen kolektibo autogestionatua da Pantx Records. 2007an sortu zen, Bilbon; hainbat musika proiektutan, binilo saiotan, fanzineen munduan eta irratsaiotan ibilitako hainbat kide elkartu zirenean. “Betidanik mugimendu alternatiboetan ibilitako pertsonok osatu genuen proiektu hau, gure ibilbideen jarraipen edo batura moduan”, zehaztu du Beñat Gabiña kideak.

Kideen aniztasun horren isla garbia da Pantx Recordsen lana. Izatez diskoetxe bat bada ere, hori baino askoz gehiago biltzen du proiektuak. “Uste genuen gure inguruan hutsune bat zegoela musika jamaikarrari deritzonean, bai diskoak ekoizteko prozesuan baina baita gauzak antolatzerako orduan ere; horregatik, diskoetxe bat sortzeaz harago, bestelako jarduerak ere jorratuko zituen kolektiboa jarri genuen martxan: Pantx Records”.

Gabiñak adierazi duenez, hasieratik izan zuten argi diskoetxea izan behar zela proiektuaren ardatza. Betiere, “diskoetxe arrunt eta komertzial batetik aldenduz, eta autogestioan oinarritutako bestelako eredu horizontal eta asanbleario baten alde eginez”. Ideia politiko konkretuen inguruan eraikitako proiektua da, beraz, Pantx: antiautoritarioa, euskalduna, antirrazista… “Musika erabiltzen dugu gure ideiak plazaratzeko, eta gure praktikaren bidez, argi utzi nahi dugu badaudela mundu komertzialetik kanpo jarduteko aukerak”.

Azken urteetan, arrakasta

Pantx Records diskoetxeak biniloak baino ez ditu ekoizten. Azken urteetan argitaratutako lanek arrakasta izan dutela esan du Gabiñak: “Justu konfinamendua baino lehen, Subsitak and the Aggromondarrak taldearen LPa atera genuen, eta, orain dela gutxi, Suaia eta Ama Rebel taldearen single bat kaleratu dugu”. Horretaz gain, “geldirik egoten ez dakiten horietakoak” izanik, esku artean proiektu berriak dituztela jakinarazi du. “Batetik, euskal talde baten single bat dugu kaleratzeko prest. Bestetik, bilduma berezi ba prestatzen ari gara beste kolektibo batzuen laguntzaz, euskal musika folklorikoa jamaikar estilora eramateko. Azkenik, idazle jamaikar baten poemen antologia bat ere argitaratu nahi dugu; ea dena egitea lortzen dugun!”.

Diskoetxeaz gain, Gelboe’s estudioa, Pagasarri All Stars taldea eta Selektorren pintxadak emanaldiak antolatzen ditu Pantx Records kolektiboak. Gelboe’s, estudio ibiltaria izatetik —hasieran grabagailu eramangarria eta mikrofonoa eramaten zituzten musikarien txokoetara—, estudio egonkorra izatera pasatu da. Manba Beltza espazioa eraiki dute beste kolektibo batzuekin elkarlanean, eta bertan ekoizten dituzte haien lanak. “Gure helburua beti izan da herri estudioa sortzea. Baliabide ekonomiko nahikorik ez duten taldeek gurera jo dute askotan, batez ere, pertsonalki ezagutzen gaituztelako eta badakitelako jasoko duten harreran oinarritzen dugula gure lana”, nabarmendu du Gabiñak.

Pagasarri Ska All Stars duela hiru urte sortutako banda da, Pantx Records kolektibotik jaiotako taldea, Pantx Recordsen soinuak islatu nahi dituen zuzeneko banda. “Ez da talde finko bat, eta kideak aldatuz joaten dira”, erantsi du. Horretaz gain, Errementarian’s deituriko estudioko taldea ere bada Pantxen parte, kolektiboaren soinu propioa garatzea helburu duen taldea, hain zuzen.

Baina Pantx Records sortu zenetik, Selektorrak izan dira kolektiboaren izena Euskal Herrian zehar gehien zabaldu dutenak. Bizitza oso aktiboa izan dute eta ehunka izan dira orain arte egin dituzten emanaldiak. Besteak beste, hainbat jaialdi eta egitasmotan parte hartuz. Izan ere, Pantx Recordsen beste ezaugarrietako bat gainontzeko elkarte eta kolektiboekin izaten duten elkarlana baita. Horren adibide diren bi egitasmo nagusi azpimarratu ditu Gabiñak: The Reggae Train eta Mundialito Antirrazista.

“The Reggae Train Euskal Herrian zehar musika jamaikarraren inguruan batzen garen kolektiboek elkarlanean antolatutako egitasmoa da, gure lanari bultzada emateko”. Desberdina da oso Mundialito Antirrazista. Pantx Records kolektiboak beste hainbat eragilerekin batera antolatutako kirol eguna da. Karmela gune autogestionatuan jokatzen dute azken urteetan arrazismoaren aurkako futbol txapelketa.