Natalia Salazar Orbe
Mikel Bilbao Ruiz Mundakako alkateak EAJren talde bereko bi alkateordeak kargugabetu ditu, dekretuz. Asteazken arratsaldean jakin zen albistea; EH Bildu oposizioko taldeak oharra zabaldu zuen sare sozialetan. Izan ere, Bilbaok EH Bilduko bi zinegotzi proposatu zituen alkateordetzarako, eta ez dute onartu proposamena. Arrazoiak oharrean azaldu dituzte: “Bere sorreratik EH Bildu Mundakak herriaren alde lan egiteko asmoa erakutsi du eta horrela izaten jarraituko du, baina argi dauka egungo zinegotzi banaketarekin ez daukala kargu horiek hartzeko zilegitasunik”. Bide batez, kezka ere agertu dute udalean sortu den egoerak ondorioak izan ditzakeelakoan eguneroko kudeaketan.
Astelehenean Mundakako EAJk egin zuen iragarpenaren ostean dator alkatearen dekretua. Jeltzaleek iragarri zuten talde bereko alkatearen aurkako zentsura mozioa aurkeztuko dutela, eta taldetik kanporatu dute. Esan dute herritarren hobe beharrez hartu dutela erabakia. “Alkatearen eta EAJren udal taldeko gainerako kideen arteko desadostasunak izan dira abiapuntua”. Hala dio EAJk iragarpena egiteko zabaldu duen oharrean.
Mikel Bilbao ez da EAJ Eusko Alderdi Jeltzaleko kidea. 2019ko ekainean, herrian nagusitu zen zerrendan zinegotzi independente gisa agertzea onartu zuen. EAJk adierazi duenez, Bilbaok iazko ekainean agintaldia hasi zuenez geroztik, okertuz joan da alkatearen eta beste bost zinegozien arteko harremana, “bereziki, COVID-19aren pandemiak baldintzatu duen aldi honetan”. Haien hitzetan, egoera horrek “nabarmen zaildu du Mundakako herritarrek merezi duten udal kudeaketa ona egitea”.
Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidentearen esanetan, euren taldearen eta Bilbaoren arteko ideiak eta iritziak ez zetozen bat. Ondorioz, “desadostasunak” zituzten jeltzaleek udal hauteskundeetara aurkeztu zuten programa kudeatzeko orduan. “Ezinezkoa izan da udal taldea eta alkatea ados jartzea”.
Zentsura mozioaren bidea hartu dute, Bilbao ez delako EAJko kidea. Hala azaldu du udal taldeak: “Alderdikidea ez denez, ezin zaizkio aplikatu EAJren barne araudian halako kasuetarako aurreikusten diren neurriak. Udalean zentsura mozioaren bidez baino ezin da egin”.
Bizkaiko Hitza saiatu da Mundakako alkatearekin harremanetan jartzen, baina idazkari baten bidez esan du ez duela adierazpenik egingo zentsura mozioa aurkeztu arte, eta, orduan, ohar bat argitaratuko duela. Edizio hau ixterako, jeltzaleek mozioa aurkeztu gabe zuten.
Gehiengo osoa
EAJren taldeak gehiengo osoa du Mundakan, eta horrela jarraituko du egungo alkatea kanporatuta ere: sei zinegotzi ditu, Bilbao barne, eta EH Bilduk, hiru. Alkatearen dekretuaren berri izan aurretik, zenbait komunikabidek iragarri zuten balitekeela Irati Gondrak (EAJ) hartzea orain Mundakako alkatetza.