Gorputza lemazain

Gorputza lemazain

Natalia Salazar Orbe

Osasunaren Mundu Erakundeak ahalik eta esku hartze txikiena gomendatzen du erditze fisiologiko, normal edo naturaletan, amaren eta haurtxoaren segurtasuna bermatzeko eta albo ondorioak eragozteko. Konplikaziorik eta patologiarik gabeko haurdunaldietarako gomendioa da. Zenbakiek bestelako egoera bat erakusten dute, ordea: “Ospitaletan gauzak aldatu diren arren, oraindik interbentzionismo maila altua da, eta erditzeen %90 ez dira fisiologikoak. Normalizatuta dago hainbat farmako eta teknika erabiltzea erditzeen denborak murrizte aldera”. Bego Karrandi emaginaren hitzak dira. Etxean erditzeko aukera eskaintzen du Silvia Burgorekin batera. Laguntza behar dutenean, Dani Soler batzen zaie. “Egun, eskaria eskaintza baino handiagoa da. Askotan familiei ezetz esan behar diegu”.

Karrandi duela bi urte eta erdi hasi zen etxeko erditzeetan laguntzen. Emagin izateko ikasketak abiatu aurretik, bazekien bide hori hartuko zuela. “Erditzea gure gorputzak egin dezakeen prozesu normal bat da, arnasketa eta digestioa bezala. Naturaltasunez bizi genuen, eta egun ospitaleetara eraman den prozesu fisiologiko bat da. Gure gorputzetan konfiantza galtzea eta emaginen autonomiaren galera ekarri du horrek guztiak”.

Aukera hedatzen ari da

Astiro, baina gauzak aldatzen ari direla esan du. “Aldaketak txikiak eta motelak dira. Esango nuke azken urteetan apur bat hedatu dela Euskal Herrian etxean erditzeko aukera. Azken boladan, koronabirusa dela eta, jende gehiagok etxean erditzea pentsatu du, alternatiba posible gisa hartuta”.

Uste du etxeko erditzeak normalizatu arte gauza asko aldatu behar direla. “Beste herrialde batzuetan, Holandan eta Ingalaterran, adibidez, osasungintza publikoak bere gain hartzen ditu etxeko erditzeak. Aukera desberdinak daude, eta emakumeak erabakitzen du non erditu. Katalunian gero eta zabalduago daude erditze etxeak. Aukera interesgarria dira. Politak eta gozoak dira; ez dira arrotzak. Eta ospitaletik kanpo baina, era berean, hurbil daude”.

Karrandiren ustez, emakumeek eta familiek erditzeko erabaki askeak hartu ahal izateko, informazio guztia izan behar dute eskura. “Erantzukizuna besteengan utzi beharrean, informazioa eskatu eta guk geuk erabakitzeko eskubidea daukagu. Hala ere, ez da erraza paziente pasiboaren rola gainditzea eta subjektu aktibo bihurtzea. Osasun sistemak paternalismoz artatzen gaitu. Gure osasuna eta gorputza medikuntzaren esku uztera ohituta gaude. Aldaketa hau emateak ahaldundu egiten duen bezala, beldurtu ere egiten gaitu”. Etxean erditu ahal izateko, baldintza batzuk bete behar dira: arrisku gutxiko haurdunaldia izan behar da, eta etxetik ospitalera gehienez ordu erdiko bidea egon behar da.

Etxean erditzearen onurak aipatu ditu: “Asko dira, emakumeari ematen dion segurtasunetik hasita. Dilatatzeko eta erditzeko, oxitozina hormona jariatu behar dugu, eta hori lasai, seguru eta eroso bagaude lortzen da. Etxeak mugimendu askea bermatzen dizu, gorputzak eskatzen dizunaren araberakoa. Kontrakzioak ez daudenean korridoretik ibiltzea oso ohikoa izaten da. Dutxa uneak ere egoten dira, baita lo kuluxkak ere. Igerileku bat eramaten dugu, uraren beroa oso analgesiko ona baita. Gainera, bikotekidearen rola aktiboagoa da; gehiago eusten dio emakumeari. Emakumeak eta jaioberriak ezartzen dute denbora eta erditzearen erritmoa, eta guk hori errespetatzen dugu. Hori da niretzat onurarik onena”.

Etxeko erditzeak, seguruak

Zientziaren onespena ere badute. “Etxeko erditzeak seguruak direla dioen ebidentzia zientifiko asko dago. Aurten Kanadan etxeko erditzeei buruz egindako ikerketarik handienaren arabera, arrisku txikiko haurdunaldien kasuan, patologiarik ez dagoenean, etxean erditzea ospitalean erditzea bezain segurua da ama eta umearentzako. Interbentzionismo gutxiago dakar, eta erditze esperientzia positiboagoak lortzen dira”.