Astika auzoa eta proiektua eraisteko baimena salatu dute bizilagunek

Astika auzoa eta proiektua eraisteko baimena salatu dute bizilagunek

Natalia Salazar Orbe

Gutxienez XVI. mendekoak dira Erandioko Astika auzoko baserriak. 2002az geroztik eraikinak eta auzoa bera “berritu eta biziberritu” dituzte Astika Herria osatzen duten bizilagunek. Euren egitasmoa, baina, arriskuan ikusten dute orain. Oraintsu jakin dute Erandioko Udalak etxeak eraisteko baimena eman diola Labartain SL enpresari. Gainera, salatu dute erabakia ez dietela jakinarazi. “Haien interes espekulatzaileek makroazpiegitura bat eraiki nahi dute gure bizi proiektua garatzeko dugun lekuan”.

Duela hemezortzi urte okupatu zuten espazioa deskribatu dute bertako bizilagunek: “Autobidez eta lantegiz inguratutako lursail berdea, oasi bat”. Jatorri anitzeko pertsona anitzek garatu duten proiektua da Astikakoa. “Sistemaren errealitate itogarriaren benetako alternatiben bila batutako jendea gara. Burujabetzaren eskutik, gure ametsak eta bizi proiektuak gauzatzeko eta aurrera eramateko askatutako lekua da Astika”.

Uztailaren 9an izan zuten udalak emandako eraiste baimenaren berri. Astikaren kontrako erasotzat jo dute, eta erabakiak “kutsu sinboliko nabaria” duela uste dute: “Auzoa kapitalarentzako toki estrategikoan dago, bi autobide eta merkatal gune eta industria gune banaren artean. Horregatik, Astikako baserriak eta bertan garatzen dugun bizi proiektua erronka sinboliko eta materiala dira porlanaren eta indibidualismoaren gainean eraikitzen den bizi eredu kapitalistarentzat”. Azaldu dute Astika elkar topatzeko eta sozializatzeko lekua izan dela, baita kolektiboki esperimentatzeko, ikasteko eta hazteko lekua ere. “Bertan bizi garenok eta bizi ez garenok identitate partekatu bat eraiki dugu; sentimendu amankomun bat, kolektiboki munduari aurre egiteko modu bat eraiki dugu”.

Afera horretan kapitalaren eta bizitzaren arteko talka ikusten dute Astikakoek. Alde batean, gutxi batzuen interes ekonomikoak kokatu dituzte. Beste aldean, eurak, “mundu zuzenago eta solidarioago baten alde borrokan jarraitzen dugunok”.

2010az geroztik antzeman dituzte Astikatik aterarazteko mugimenduak. Erandioko Udalak orduan nekazal lurzoruak zirenak zoru industrial bihurtu zituela azaldu dute; azken urteetan Labartain enpresa lurrak erosten aritu dela, eta orain udalak baserriak eraisteko baimena eman diola. “Urte luzez isilpean, herritarrei ezer esan barik, eramandako proiektuak dira”.

Orube huts ugari Txorierrin

Txorierri lantegi eta orube hutsez betetako eskualdea izanik, “kontsumoan eta porlanaren industrian oinarritutako proiektua” Astikara eraman nahi dutelako kexatu dira.

Memoriara eta historiara begira ere babestu beharreko eremua dela uste dute. “Astikako baserriak gure lurraldearen historia dira: haietaz dugun lehenengo albistea XVI. mendekoa da. Erortzear aurkitu ditugun eraikin historikoak dira, eta urteotan berreraiki eta zaindu ditugu”.

Lur horietan jarraitzeko eskubide osoa dutela sinetsita daude Astika proiektua garatu dutenak: “Hemezortzi urtez landutako eta zaindutako proiektu bat da hau. Zeharo zilegia da lur hauetan jarraitzeko eskubidea”, esan dute. Eta gehitu: “XVI. mendeko baserriak elkarlanaz eta autogestioaz biziberritu ditugu, eta baita etorkizunez bete ere. Gure ametsak aurrera eramateko oinarria eta mamia dira”.