Ibai Maruri Bilbao
Berriatuan Atxurrako haitzulo margolanak topatu berri zituzten, eta ikertzen zebiltzan, Diego Garate Maidaganen zuzendaritzapean. 2015a zen. Barrikan, 1989an aurkitutako Aranbaltzako neanderthalen aztarnategian ere indusketa lanak orduan hasi zituzten. “Garai askotako aztarnak genituen esku artean. Batetik, Madeleine aldiko margoak, duela 15.000 urte inguru egindakoak. Bestetik, Erdi Paleolitoko edo Goi Paleolitoko aztarnak, duela 110.000 urtekoak. Indarrak batu behar genituela ohartu ginen. Horrela sortu genuen Edestiaurre arkeologia elkartea”. Iaztik, Iñaki Libano arkeologoa da elkarteko presidentea. Jose Migel Barandiaran izan zuten gogoan izena hautatzeko orduan: “Idatziz behin edo behin erabili zuen, baina modu informalean sarri deitzen zion Edestiaurre historiaurreari. Neologismo bat da. Gure aitzindari izandakoari keinu bat egin nahi izan genion”.
Lagun talde bat egon zen elkartearen hastapenetan; baina ez edonor: hamabost kideetan, denak ziren unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak; baita Burgosko Gizakiaren Ikerketa Zentroko kideak ere. “Bizkaiko eta inguruetako ondare arkeologikoa ikertu, babestu eta ezagutaraztea zen gure asmoa”. Libanok berak harago joan gura izan du, eta kargua hartu zuenetik kanpora begira ere ipini dira, elkarteari izen ona eta sona emateko asmotan. Hala, gaur egun, Andaluzia aldean —Espainia— eta Frantzian ere badabiltza beharrean. Eta horrek elkartearen kideak ugaritzea ere ekarri du: ehunen bat dira oraintxe. Dena den, gehientsuenak oraindik ere Uribe Kosta eta Uribe Butroe aldekoak dira.
Izan ere, Libanoren esanetan, eremu horretan oraindik ere bada zer aztertu. Oraintsu, Neolito garaiko aztarnategi bat topatu dute Sopelan, duela 6.500 urte ingurukoa. “2015ean harrizko erretegi batzuk aurkitu genituen. Sutan berotzen diren harriak dira. Berotuta, zulo batean sartzen zituzten, eta gainean barazkiak edota haragia ipintzen zieten. Harri gaineko erretzea da teknika. Gaur egun oraindik ere erabiltzen dute Indonesia aldeko aborigenek. Neolitoan ohikoa zen”. Egunotan, azken aurkikuntzen inguruko artikulu bat atontzen dabil Libano, Sopelako udal aldizkarirako.
Zehaztu du 1979an hasi zela eskualdean ikerketak egiten. Harrezkero, historiaurreko 65 aztarnategi inguru topatu ditu Uribe Kostan, Paleolito Behetik hasi eta erromatarren garaira arte. “Getxon ere ibili naiz indusketak egiten, eta erromatarren aztarnategi bat topatu dut Galea inguruan. Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Bizkaiko Arkeologia Museoarekin ibili naiz. Zerbait berria da, ezagutu gabea. Oraindik argitaratzeko daukagu”.
Gehiena, topatzeko
Libanoren ustetan, Uribeko kostaldea eta Jata eta Sollube mendien artean hedatzen den harana “izugarria” da. “Oso gutxi ikertu da. Uste dugu egon daitekeenaren %6 edo %7 bakarrik aztertu dela. Askoz gehiago dago, izugarri. Seguruenik, bost bat urtean, Edestiaurrekoon lanari esker, aztarnategi gehiago agertuko dira”. Katalogatu gabe dauden dolmenak topatu dituzte azkenaldian: bat Lemoizen dago, beste bi Gorlizen, eta oraindik dolmena den zalantzan dauden beste bat Lemoizko Andraka inguruan.
COVID-19aren pandemia dela eta, lan asko etenda eduki dituzte. Baina itzuli dira beharrera. Kobazuloetara oraindik ez. Eusko Jaurlaritzaren baimenaren zain daude irailean burdinazko hesiko bunkerren fotometria egiteko. Bisita birtualetarako, hiru dimentsioko ikus-entzunezko bat garatu nahi dute. Bunkerretan ibiliak dira, eta 1937ko lurrazala agerian utzi dute. Orduko hainbat aztarna, Arkeologia Museoan dituzte.
Euskal Herritik kanpo, Errioxa eta Burgos artean, Demanda mendilerroan ere lanean dabiltza, eta hango gobernuen baimen zain daude irailerako. Besteak beste, Donemiliaga Kukulako San Millan de Susoko monasteriora sartu nahi dute hurrengo. Goi Erdi Aroko margoak aztertzen dabiltza mendilerroan, VII. eta X. mendeen artekoak. Uste dute monasterioko bizantziar estilokoekin lotura izan dezaketela.
Aranbaltzako indusketetan aurtengoa azken kanpaina izatea espero du Libanok. Atxurrara ez dira urtarriletik itzuli, pandemiagatik. Oraingoz, aire zabaleko lanetan baino ez dabiltza, osasun agintariek ezarritako segurtasun neurriak beteta: maskara aurpegian eta distantzia gordeta.