Errepideak eta autoak, ‘berbetan’

Errepideak eta autoak, ‘berbetan’

Ibai Maruri Bilbao

Diputazioak Bizkaiko Bide Azpiegituretako 2020-2023 Berrikuntza Plana onartu du, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak arlo horretan garatuko dituen erronkak, helburuak eta jarduerak jasotzen dituen dokumentua. 25 milioi euro inbertituko dira, hiru lan ildotan banatuta dauden 225 proiektutan. “Bizkaiko Foru Aldundiak bide luzea egina du errepideen eta bidegorrien kudeaketarako neurri berrien eta esperientzia pilotuen aplikazioan. Eskarmentu horri esker estrategia hobea eta plan osoagoa aurkeztu ditzakegu”, nabarmendu du Imanol Pradales diputatuak. Etorkizunera begira ipini dira, eta honela irudikatu dute, adibidez: mezu bat jaso du foru errepideetako batetik doan ibilgailuak; bi kilometroko auto ilarak topatuko dituela istripu baten ondorioz, eta atzetik anbulantzia datorrela.

“Etorkizuneko bide azpiegituren zirriborroa irudikatzen hasi gara”, ohartarazi du Pradalesek. Dagoeneko martxan daude berrikuntza teknologiko batzuk; probatzen ari dira. Eta, planari esker, hedatuz joango dira. Batzuk azpiegiturak eraikitzeko kontratuen baldintzetan jasoko dituzte. Etorkizun horretan azpiegiturak ibilgailuekin komunikatzeko gai izango direla esan du; informazioa eta datuak trukatuko dituzte. Ibilgailu batzuek horretarako gaitasuna dutela esan du; gama altuko auto batzuek. Orain errepideak prestatu behar dira komunikazio horretarako.

Plan horri esker, Bizkaiko errepideak “laborategi” bihurtuko dira: ibilgailuak eta errepideak konektatzeko balioko duten sistema adimendunak eta bestelako ikerketa, garapen eta berrikuntza proiektuak probatu ahal izango dituzte sektoreko enpresek eta ikerketa zentroek. Foru errepideen sarearen digitalizazioa eta informazio trukea lortu gura da wifi eta 5G sareei esker. Baina ez soilik gidariekin; baita administrazioarekin ere. Muskizen, Arenako zubian, azken berritze lanetan sentsore batzuk ipini zituen diputazioak. Azpiegitura osatzen duten elementuen egoeraren edo osasunaren inguruko informazioa ematen dute. Helburua da sistema errepide guztietara hedatzea. Hala, azpiegituren egoera zein den jakingo dute arduradunek: hondatzen hasiak diren, konponketarik beharko duten. Era berean, droneak eta sateliteak erabiltzen hasi dira, mendi magalak eta ezpondak kontrolatzeko. Hala, gaur egun, foru errepide sarean 43 tunel, 16 zubibide eta 31 ezponda daude teknologia berri horien bidez monitorizatuta.

Jasangarritasunari ere erreparatu diote planean. Industria hondakinak eta agregakin siderurgikoak berrerabiltzen hasia da diputazioa errepideetako zoruaren geruzetan, zabortegietan ez uzteko. “Emaitza onak” izan ditu, eta berrikuntza klausula gisa sartuko da Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak esleitzen dituen kontratu guztietan. Horrez gain, LED argiztapena, pintura fotoluminiszenteak eta euritan islatzen diren pinturak lehenesten ditu plan berriak.