Natalia Salazar Orbe
Ate joka ari da hizkuntza ohiturak astintzea eta euskararentzako guneak irabaztea helburu duen ariketa. Herriz herri sortu dira jada batzordeak, eta egunotan aurkezpen ekitaldiak egiten aritu dira, motorrak berotzeko. Besteak beste, Euskaraldiari lehen bultzada emateko ekitaldia egin zuten asteartean, Bilbon. Gogora ekarri zuten duela bi urte 17.000 bilbotarrek egin zutela ahobizi eta belarriprest roletan aritzeko aukera. Konpromisoa hartu zuten haiei aurten ere bat egiteko deia egiteaz gain, pausoa eman ez zutenak aurten pausoa ematera animatu dituzte.
Berritasunekin dator Euskaraldia. Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan leloari jarraituta, aurten era guztietako elkarte, erakunde, komertzio, ostatu, enpresa, kirol talde eta kolektiboak ere inplikatu nahi dituzte. Eskaera zuzena egin diete: “Entitate guztiei eskatu nahi dizuegu euskaraz lasai aritzeko espazioak identifikatu, sortu eta babestu ditzazuela”. Ariguneak deritze espazio horiei. “Erabaki kolektiboak” eskatu dizkiete, eta konpromisoak: “Erakunde modura euskaraz funtzionatzeko aukera eskaintzen duten espazio eta guneak identifikatzea, kide guztien arteko adostasunak bilatzea eta euskaraz aritzeko gune horiek babestea”.
33 ‘arigune’ jada, Galdakaon
Bilbon ez ezik, herriz herri ere batzordeak osatzen ari dira. Galdakaon, 33 entitatek eman dute izena jada arigune gisa aritzeko. Asteartean egin zuten aurkezpena han ere. Besteak beste, ondokoek hartu dute konpromisoa: Andra Mari Lanbide Heziketako institutuak, hainbat kirol talde eta elkartek, udalak, Andra Mari dantza taldeak, pentsiodunek, Udaltzaingoak, zenbait tabernak, euskara elkarteek eta Mozoilo irratiak. Zerrenda luzea da, eta beste entitate eta taldeei ere dei egin diete izena emateko. Irailaren 27ra arteko epea dute entitateek eta elkarteek horretarako. Euskaraldia azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da.