Naturari hegoak zabalduta

Naturari hegoak zabalduta

Natalia Salazar Orbe

Luma zuriz jantzitako koartza ertain batek aurkezten du Basozaleak elkarteak argitaratu duen Hegaztiak Getxo inguruan liburua. Landareak dauden eremuetan ibiltzen da hegazti hori. Baita paduretan ere. Bolueko hezeguneetan, Gobela errekan eta Abran ikus daiteke koartza ertaina Getxon. Hala azaldu du Angel Asensiok. Getxoko Basozaleak elkarte mikologiko eta botanikoaren presidentea da bera. Ingurumenaren dibulgazioan egiten duten lanaren beste emaitza bat da argitalpena. Orain arteko laugarrena.

“Getxoztar askok ez dakite zer daukaten inguruan. Aberastasun handia dago. Gure kezka betidanik izan da herritarrei erakustea zer duten inguruan: landareak, fauna, hegaztiak… Horiek erakustea da gure helburua”. Liburuan 163 hegaztiren irudiak eta horiei buruzko informazioa jaso dute. Datu zehatzak aipatu dituzte espezie bakoitzari buruz: euren ezaugarriei buruzko deskribapen laburra egin dute, nongoa den azaldu, eta Getxon edo inguruetan zein lekutan beha daitekeen adierazi dute. Edonori zuzendutako gidaliburua da. Horregatik ez dute egin modu teknikoegian.

Getxo eta haren inguruak “eremu pribilegiatuak” dira hegaztiak behatzeko. Hala azaldu du Asensiok. “Itsaslabarrak aproposak dira itasoko hegaztientzako. Horrez gain, Bolue hezegunea dugu. Hori ere eremu interesgarria da: bertan bizi diren hegaztiez gain, penintsularako bidean bertan geldialdia egiten duten beste zenbait hegazti ere egoten dira. Oso inguru ona da”.

Liburua osatzeko lana ez da izan erraza. “Jaso ditugun hegaztietako batzuk oso gutxitan etortzen dira gure ingurura eta oso zaila izan da aurkitzea eta argazkiak egitea. Oso lan gogorra da. Hegaztiak asko mugitzen dira batetik bestera”. Burubelarri aritu diren bi biologoren lana goraipatu du Asensiok: “Natura eta argazkilaritza maite dituzte, eta lortu dute hegaztioi argazkiak egitea”.

Asensiorekin batera liburua ontzeko taldea osatu dute Zigor Ugartetxek, Enrique Elexpuruk eta Jose Luis Ugartetxek. Irabazi asmorik gabeko Basozaleak elkarteko kideak dira laurak. “Gure elkartea naturista da, harreman handia du naturarekin. Batez ere, mikologiari eta botanikari lotutakoak lantzen ditugu, basalandareak eta perretxikoak aztertzen ditugu”.

Lau liburu

Hala ere, naturarekin lotutako ororen dibulgazioa dute helburu. Horren adierazgarri dira argitaratu dituzten beste hiru liburuak ere. “Horietako batek natura bera du ardatz: lur eremuari eta Getxoko kostaldeari buruz hitz egiten du. Beste liburu bat perretxikoei eta landareei buruzko informazioarekin osatu genuen. Hirugarrenean, Getxoko zuhaitz eta zuhaixkei buruzko informazioa jaso genuen”.

Hegaztiak Getxo inguruan lana ontzeko, Basozaleak elkartetik kanpoko herritarren laguntza ere izan dute. “Guk ez genituen argazkiak utzi dizkigute, oso zaila baita urtean behin pasatzen den hegazti baten argakiak lortzea. Jakin bagenekin hegaztiok izaten direla gurean, eta horien irudiak lortzen lagundu digute”.