“Itsas hondakinen %80 guk gure egunerokoan sortzen ditugunak dira”

“Itsas hondakinen %80 guk gure egunerokoan sortzen ditugunak dira”

Ibai Maruri Bilbao

Mater egurrez eraikitako antzinako atunontzi tradizionala da. 2000. urtean erretiratu egin zuten. Desegin aurretik, baina, salbatu egin zuten, arrantzaren inguruko museo bihurtzeko. Gaur egun, ontzi museo ekoaktiboa da. “Pasai San Pedron [Gipuzkoa] dugu egoitza, eta ez dugu soilik arrantza jasangarriaz hitz egiten; baita ingurumenaren zaintzaz ere. Programa zabal bat daukagu urtean zehar eskolekin lan egiteko, eta udan ingurumen hezkuntza lantzen dugu familiekin; sentsibilizazio kanpainak ere egiten ditugu”, azaldu du Sara Lizarza (Donostia, 1992) itsas zientzialari eta Mater-eko proiektu arduradunak. Bizkaian dabiltza egunotan: aste hasieran Ondarroara iritsi ziren, eta Bermeon egongo dira domekara arte, Portugaleten 15era arte, eta Bilbon 18ra arte.

Zer egiteko aukera izango dute itsasontzira joango direnek?

40 minutuko bisita gidatu bat eskainiko diegu barkua barrutik ezagutzeko, eta itsasoa da gai nagusia. Itsasoak zer ematen digun jakiteko, itsasoari balioa emateko eta hura maitatzeko jarduerak ditugu. Ondoren, itsasoaren arazoak ere ezagutzen ditugu; ez bakarrik hondakinak, baita gehiegizko arrantza eta klima aldaketa ere, eta, bukatzeko, itsas zaindariak izateko zer gauza erraz egin ditzakegun ere lantzen dugu. Zero Zabor Uretan programa dugu martxan. Sentsibilizazio kanpaina bat da, eta haren leloa da Zaborrik onena, sortzen ez dena.

Hondakinak biltzen ibiliko zarete portu bakoitzean, ezta?

Portu guztietan itsasoratuko gara hondakinak biltzera. Portu batzuetan, bertako urpekariekin ibiliko gara urpeko garbiketak egiten. Portuetan kaiola bat daukagu, paseoan edo uretan aurkitzen diren hondakinak kaiolara botatzeko, eta portu bakoitzean zer hondakin mota dauden erakutsiko dute.

Zer topatzen duzue?

Munduko edozein portutan bezala, denetarik dago. Batetik, arrantza hondakinak: sokatxoak, hariak eta horrelakoak. Zigarrokin pilo bat ere egoten da, eta, orain, COVID-19a dela eta, eskularruak eta maskarak ere topatu ditugu.

Dagoeneko itsasora iritsi dira?

Hilabetero garbiketak egiten ditugu boluntarioekin Pasaiako kala batean. Konfinamenduan ezin izan ginen joan, baina berriro hasi gara. Ekainean, eskularruak eta maskarak topatu genituen. Ez dira bakarrik kostaldean erabiltzen direnak. Ur zikloak erakarrita lehorretik datozen hondakinak ere iristen dira itsasora.

Beraz, Ondarroako portuan agertuko diren hondakinek ez dute zertan izan herrian botatakoak?

Zientzialariek egindako kalkuluen arabera, itsasoan dauden hondakinetatik %80 lehorrean sortu dira, ez kostaldean. Ibaiek itsasoraino ekartzen dituzten hondakinak izaten dira gehienak.

Ez da, beraz, hainbatek uste duten moduan, itsasontzietatik botatzen dena.

Guztiok daukagu erruaren parte bat, eta baita konponbidea ere, baina arrantzaleek eta marinelek ez dute erru guztia. Inondik ere ez. %80 guk gure egunerokoan sortzen ditugun hondakinak dira; gure etxeetan eta gure herrietan.

Azken urteetan, kontzientzia sortzeko kanpainak egiten dira. Igartzen da emaitzetan?

Jendeak ezagutzen du arazoa. Baina beste gauza bat da ea ekiten dioten. Gure egunerokoan jokatzea kostatzen da. Jende askok esaten du beraiek ez dutela ezer botatzen lurrera eta etxean birziklatu egiten dutela. Bale, oso ondo, baina harago joan behar da. Hondakinik onena sortzen ez dena da. Ezin gara mugatu birziklatze sistemara. Guk saiatu behar dugu egunerokoan zabor gutxiago sortzen. Munduko beste tokiekin konparatuz, hemen birziklatze sistema ona daukagu, baina ez da efizientea. Adibidez, Gipuzkoan edukiontzi horira botatzen denaren%40 baino gutxiago birziklatzen da. Hau da, gero hondakindegira edo erraustegira joaten dira, eta hortik ere itsasora iristen dira. Beraz, iturria itxi behar dugu. Gure ohiturak aldatu eta hondakin gutxiago sortu behar dugu kontsumitzerakoan.

Plastikoa da hondakinen artean itsasoak daukan mehatxurik handiena?

Zalantzarik gabe: hondakinen %70 plastikozkoak dira. Plastikoa ez da inoiz desagertzen. Ehunka edo milaka urte behar ditu degradatzeko, baina mikroplastiko bihurtuko da, eta betiko geratuko da itsasoan. Duela ehun urte norbaitek erabilitako plastikozko botila oraindik hor egongo da.

Bioaniztasuna eta klima aldaketa ere lantzen dituzue. Igarri duzue klima aldaketa?

Gure itsas hondoan ugariena gelidium alga da. Berak sortzen ditu bere itsas basoak. Animalia askorentzat bizilekua da. Aztiko eta EHUko zientzialarien arabera, azken 30 uteetan desagertzen ari da. Gure neguak gero eta eguzkitsuagoak dira, eta lehortu egiten da. Bioaniztasunean asko nabaritzen da klima aldaketa. Ura berotzen bada, hemengo populazioak aztoratzen dira, eta hemen ezagutzen ez diren espezieak etortzen dira, ur epelagoetakoak; ekosistema erabat aldatzen da.