Jaiak “inoiz baino beharrezkoagoak” direla uste dute Berrizko eragileek

Jaiak “inoiz baino beharrezkoagoak” direla uste dute Berrizko eragileek

N. S. O.

Berrizko Udala ere hasi da udako kultur agenda elikatzen. Herriko jaiak, ordea, bertan behera utzi zituen. Hainbat eragileren elkarlanari esker ospatu zituzten, joan den asteburuan. Hiltegixe gaztetxea, Berrizko Gazte Asanblada, Oka elkartea, Umerri Eskola Aktiboa eta Azeri Gorriak aritu dira lau eguneko egitaraua osatzeko elkarlanean.

Ez da lan erraza izan: hala aitortu du Oka elkarteak. Azaldu dutenez, udalak iragarri zuen jaiak bertan behera geratuko zirela, eragileekin harremanetan jarri gabe. Udalarekin elkarrizketak abiatu zituzten orduan. “Ez da erraza izan. Oztopoak izan ditugu, baina, azkenean, lortu dugu”.

Frogatu dute posible dela jaiak antolatzea. “Inoiz baino gehiago behar genituen”. Eragileen arteko elkarlana eta inguruko sortzaileenganako babesa beharrezkotzat jo dituzte. “Uste genuen elkarlanerako inoiz baino behar handiagoa zegoela, eta, elkar zaintzeko, inoiz baino gehiago behar genituela jaiak. Herriko sortzaileei plaza bat emateko beharra ere bazegoen, nola dauden kontuan hartuta. Hala, bada, egokitu egin beharko genituen arren, jaiak inoiz baino beharrezkoagoak ziren”.

Espazioa eta ikus-entzule kopurua kudeatzea izan da lanik zailena. “Ez digute erraztasunik eman. Baimenak lortzeko, emanaldi bakoitzerako onartzen den jende kopurua zehazteko, gainean egon behar izan dugu. Adibide bezala, udalak aulkiak dauzka, eta horiek erabiltzeko ere oztopoak izan ditugu. Hasieran esan ziguten ez zizkigutela utziko. Ekin egin behar izan genuen, eta erabili aurretik eta ostean garbitzeko protokoloa geneukala adierazi genien”. Azkenean, lortu genituen.

Zailtasunak zailtasun, pozik daude emaitzarekin. Berrogei eta ehun lagun artean elkartu dira emanaldietan. Dantzek eta kontzertuek erakarri dute ikus-entzule gehien. Hala ere, ekitaldi guztiak jo dituzte arrakastatsutzat: “Jaietan LGTBIri buruz mahai inguru bat antolatu, eta jendea biltzea, edota Martxoaren 8az edo Azaroaren 25az kanpo, jaietan erresistentzia feminista ardatz izan zuen manifestazioa egitea bera arrakastatsua da”. Bidea ireki dute, eta, asteon, Zaldibarrek hartu die lekukoa.