“Lehen Urratsa egitasmoa txalotzekoa da, baina epe motzerako erantzuna da”

“Lehen Urratsa egitasmoa txalotzekoa da, baina epe motzerako erantzuna da”

Ibai Maruri Bilbao

Etxegabeek kiroldegietan pasatu dute konfinamendua. Kasu batzuetan hoteletara ere eroan dituzte. “Guztiok harrapatu gaitu jokoz kanpo. Bilbon behintzat ez da erantzun txarra eman. Etxebakoak 24 ordu egon dira konfinatuta, ezagutzen ez duten eta aukeratu ez duten jendearekin, eurek erabaki gabe eta noiz arte izango den jakin gabe. Bakoitzaren arazoak eta adikzioak ere hor egon dira; ez da erraza kudeatzen. Eta uste dut ondo egin dela”, esan du Joseba Gayak (Laudio, Araba, 1971). Etxebakoen eskubideen aldeko BesteBi plataformako bozeramaile eta Bizkaiko Caritaseko etxegabeen arloko arduraduna da. Hala ere, espero du hurrengo batean erakunde publikoek gauzak “hobeto” egitea, “erantzun duinagoa ematea”.

Etxebako bakoitzaren egoera ezberdina da. Adikzioak dituzte batzuek, buruko eritasunak edo bestelako gaitzak. Hori kontuan hartu da? Arreta egokia eman zaie?

Alde horretatik ondo jokatu dute erakunde publikoek. Bilbon normalean kalean eskura dauden erantzun edo baliabide batzuk desagertu dira. Eta erakundeek antolatu dituzte unitate mugikorrak kiroldegietara joan eta zerbitzu horiek eskaintzeko; metadona eroateko edo arreta psikiatrikoa eskaintzeko.

Konfinamenduaren helburu nagusia birusa ez hedatzea eta kutsatzeak eragoztea izan da. Lortu da etxebakoen artean?

Ez dugu kutsatzeen berririk izan, eta badirudi baietz.

Konfinamendu honek erakutsi du kalean uste baino jende gehiago bizi dela.

Ez da erraza jakitea zenbat jende dagoen horrela. Bi urtean behin zenbaketa bat egiten da autonomia erkidego osoan. Bilboko Udalak hamabostean behin egiten du berea. Baina jende guztia leku jakinetan sartzea egokia izan da jakiteko zenbat diren, eta ikusi da zenbakia oso altua dela. Informazio gehiago edukitzeko ere balio izan du. Bagenekien zenbatzen genuen baino jende gehiago zegoela kalean. Horiek agertu dira, baina badakigu oraindik ere are jende gehiago dagoela etxe barik. Batzuk euren kabuz moldatu dira, lonjetan edo txaboletan babestuta, eta kalean ibili dira bueltaka, kiroldegietara joan barik.

Zer beste azaleratu da?

Pertsona asko dagoela irauten etxeetan baina erroldatu gabe, alokairu kontraturik gabe, gizarte zerbitzuen laguntzarik gabe, lan prekarioetan eta lan kontraturik gabe. Sare handi bat dago, legez kanpokoa, duintasunik gabe bada ere, jende askori irauteko aukera ematen diona. Hori guztia azaleratu da orain. Kontratu gabe lanean zeuden horiek guztiak lanik gabe geratu dira. Bat-batean babesgabe geratu dira, kalean.

Kiroldegiak lanean hasi dira berriro. Etxebakoei aterpea bermatzen jarraitzeko, erakunde publikoek Lehen Urratsa izeneko programa ipini dute martxan. Ez da inor geratu kalean?

Programa horri esker, hainbat elkarte finantzatu dira pertsona hauek kalean ez geratzeko. Kiroldegietan egon diren bitartean, etxebakoen egoerak aztertu dira, profilak zehaztu dira, eta horiei egokitutako konponbideak eskainiko zaizkie orain. Bilboko Udalak eskaera bat egin zien elkarteei profil horiei egokitutako programak proposatzeko, jende hori kalean ez geratzeko. Elkarteek aurkeztu dituzte euren proiektuak. Horren arabera, jende guztiari balorazio bat egin zaio, eta balorazioaren ondorioekin bidali dira leku batzuetara edo besteetara. Horretan gaude orain.

Zer iruditzen zaizue? Nahikoa dela uste duzue?

Alde batetik, alternatiba bat da, baina batzuek seguruenik ezetz esango dute, ez zaielako gustatuko eskainiko zaien aukera. Eta, bestetik, urte amaieran bukatuko da programa. Txalotzeko egitasmoa da, baina epe motzerako erantzuna: etxebakoen arazoa estrukturala da, eta beste aldaketa batzuk beharko ditugu jende honekin egiten dugun lanak emaitzak emateko eta gerorako ere bide bat izateko. Orain, ondo; baina ez da nahiko.

Etxebakoen ezagutza handitu izana aukera bat izan daiteke irtenbideak ematen hasteko?

Konfinamenduko lehen hilabetean esaten zuten gauzak aldatu egin behar direla eta asko ikasiko dugula, baina asteak pasatu ahala ez da horrelakorik entzun. Aldaketa sakonak behar dira. Laster hauteskundeak izango ditugu, eta ez dut uste kontuan hartuko dituztenik gure ongizate sistema honek behar dituen hobekuntzak. Oso argi geratu da zer egin behar den, baina ez dut politikarien buruan aldaketa horiek egiteko asmorik ikusten. Gizarte laguntzako sareak indartsuagoa izan behar du. Baina horretarako egiten dena inbertsioa dela ulertu behar da, ez dela gastua.

Aurreikuspen ekonomikoak ez dira onak. Kezka duzue?

Jende asko egoera txarrean geneukan, baina konfinamenduan ugaritu egin dira. Orain laguntzak ematen ari dira erakundeak; ikusiko dugu nahikoa diren. Negozio asko betiko itxi dituzte. Ez dakigu zer izango dugun hemendik aurrera.