Odolaren zain

Maite Berriozabal Berrizbeitia

Arrautza egosiak zuritu dituenak badaki zer den hau. Badaude arrautza batzuk gu zoriontsu egiteko jaioak, badakizue zeintzuei buruz ari naizen, bai, azalari ertz batetik tira egin orduko leun eta zuri geratzen diren horiek, bizitzeak merezi duela gogorarazten dizuten arrautza horiek. Eta besteez zer esan… Zer esan azalari tira eginez mamia apurtzen zaien horiez, egosita daudela ere ez dakitenez, kraterren erruz arrautza izateari uko egin dietenez, arrautza disidenteez, barruko gorrotoa hauspotzen dizutenez, arrautza pasibo agresiboez, bihotz txarreko arrautzez… Eta ez da pazientzia edo abilezia kontua, ez, hori horrela da.

Eta kontuak zer diren, ze normalean, egun hobea dudanean bihotz oneko arrautzekin egiten dut topo, eta, aldiz, hilekoa etortzeko hamar bat egunen faltan nagoenetan izendatu ere egin nahi ez ditudan beste horiek sartzen zaizkit hozkailuan. Horrela, beste azalpenik eman gabe. Munduak nire kontrako erromeria agresibo bat abiatzen du eta nik ezin dut ezer egin. Horrelakoetan disimulatu egin nahi nuke eta ezer gertatuko ez balitz bezala jokatu, irribarre egin arrautzaren mendekuari, baina ezin. Amorratu egiten naiz, amorratu eta tristatu aldi berean. Triste amorratuta egoteagatik eta amorratuta triste egoteagatik.

Horrelako egunetan etxe alboko tabernaren terrazako barre algara bakoitzaren jabeari aurpegi txarrez begiratzen diot balkoitik. Beraien begiradarekin topo eginez gero begirada erretiratzen dut ausarki, baina barrutik txarto begiratzen jarraitzen diet. Zer uste dute, ba, ze motibo izan dezake barre egiteko etxepe batean dagoen terraza ustez desinfektatu bateko inork. Leihoa itxi eta hobe mugikorreko zaratan murgildu. Hobeto nago nire bakardadean, sakelakoaren bitartez nire barruarekin konektatuta.

WhatsAppeko profileko irudi guztiak errepasatu ostean, taldeetara bidalitako eta inorentzako eta denentzako diren bideoak errepasatzen hasten zara. Sei minutukoa luzeegia da, hobe beste hiru minutuko hori. BBVA jartzen du goian eta badakizu moralkeriaz mozorrotutako publizitatea dela. Beno, badaezpada zabaldu egiten duzu. Berrogeita hamar bat urte bueltako gizon zuri zoriontsu bat hasten da irakaskuntzarako bere bokazioaz hizketan. Ohartzerako negarrez ari zara, mukiak mugara iristen dira, baina barrutik gorroto duzu tipo hori, baina zelan hunkitu zaituen, zeinen ondo hitz egiten duen kabroiak, ze zaila dena. Joder, baina ze polita, ze nazka, ze pena.

Horrelako egunetan munduaren ederrena eta ankerrena batzen dira une eta leku berean. Negarra eragindako emozioaren arabera desberdina omen da malkoaren kimika. Eta horrelakoetan laborategi bat betetzeko lain mukizapi lagin desberdin izan ditzakezu etxean zehar barreiatuta. Ohearen ertzari emandako kolpeak eragindako amorrua, ireki ezin den potoak sortutako ezintasuna edota agurtu barik alde egiten duen maitalearen eszenak eragindako pena, dena kabitzen zaizkizu gorputzean eta denak egin diezazuke gainezka.

Dena da gogaikarri eta dena da eder. Dena aldi berean eta dena odolaren zain.