Natalia Salazar Orbe
Sei astez etxetik atera gabe egon dira, eta hainbat adituk salatu dute umeen eta gazteen beharrak ez direla hartu kontuan pandemiari aurre egiteko protokoloak ezartzean. Orain bai, kalera ateratzen dira; astelehenaz geroztik, denbora mugarik gabe, gainera; baina orain gutxi arte, ordubeterako baimena besterik ez dute izan. Hala ere, ezin dute lagunengana nahi bezala eta aske gerturatu. Nerabezaro aurreko garaian daudenentzat, sasoi hori da lagun taldeak osatzekoa eta gurasoengandik askatasun apur bat hartzekoa. Ezinezkoa dute, ordea, COVID-19arekin. Adituek ohartarazi dute horrek gabezia handiak sortzen dizkiela.
“Ez naiz ausartzen esaten epe luzera garapenean arazoak izango dituztela, baina bai momentu honetan haien izateko era aldatu egin dela, helduena aldatu den moduan: norbaitekin topo egiten dugu, eta distantzia bat mantentzen dugu. Gainera, ez dute argi zer egin dezaketen eta zer ez, guk geuk ere askotan ez baitaukagu argi. Egoera oso aldakorra da, eta haientzat ez dago mezu argirik”. Nahia Idoiaga Mondragonen hitzak dira. Psikologiako doktorea da, eta EHUko irakaslea. Hainbat aditurekin batera, ikerketa bat egin du konfinamenduan umeek zeintzuk gabezia izan dituzten aztertzeko. Orain galdeketak egiten ari dira, argitzeko 18 urtera arteko ume eta gazteek zer beharrizan duten ase gabe, kalera denbora mugekin aterata —astelehenera arte, 14 urtera arteko gazteek ordubeteko muga zuten— eta lagunekin segurtasun distantzia zaindu beharra izanik. Kontuan izan behar da, gainera, 14 urtetik beherako gaztetxoek ezin dutela kalera atera heldu batek lagunduta ez bada.
Ume txikiengan zein nagusiagoengan, denengan izango du eragina urruntze fisiko horrek, Idoiagaren ustez. “Egia da nagusiek konfiantzazko beste gune batzuk behar dituztela, eta eurak bakarrik elkartu. 8 urtetik aurrerakoak ohituta daude eskolan-eta euren kontura ibiltzera. Beraz, autonomia kentzen diegu”.
Txikienengan ere arazoak sortu ditu egoerak, ordea. “Nagusi horiek euren arteko harremana nolabait mantendu ahal izan dute, bideo deien bidez. Txikienen artean harremanak garatzeko era ez da berba egitea soilik. Askoz ere gorputz mugimendu handiagoa izaten dute, eta ez daude ohituta bideo deien bidez berba egitera. Orduan, bereziki txikienentzat, arlo digital hori ez da laguntza handia, eta harremanak ez dira izaten ari haiek behar duten modukoak”.
Konfinamendu betean 1.500 galdetegi egin zituzten 2 eta 14 urte arteko ume eta gazteen egoera ezagutzeko. Orain, 2 eta 12 urte arteko ume eta gazteentzako galdetegi bat eta 12 eta 18 urte artekoentzako beste bat zabaldu dituzte, neurriak arindu ostean zer-nolako gabeziak dituzten argitzeko. KideOn-en webgunean daude.
Etxetik atera gabe zeudela umeek eta haien familiek erantzundako galdetegietatik ondorioztatu dute lau planotan izan dituztela gabeziak: emozionalean, sozialean, fisikoan eta akademikoan. Idoiagak eman ditu azalpenak, eta, haren ustez, ondorioetako asko konfinamendu neurriak arindu direnera estrapolatzeko modukoak izango dira. “Batzuetan erantzuten zailak diren beldurrak dituzte. Haserrea sumatu dute, gertatzen ari dena ez dutelako ondo ulertzen, eta askotan gurasook ere ezin diegulako ondo azaldu, guk ere ez ditugulako ulertzen gauza asko. Bakardade sentimenduak ere agertu dira umeengan: eurek harremanetarako beste era bat behar dutelako. Bakarrik sentitzen dira. Eta, orain, elkar ikusi arren, ezin dute lehengo harreman motarik eduki”.
Umeentzat eta gazteentzat “elkarrekintza soziala guztiz funtsezkoa” dela azaldu du. “OMEk osasuna definitzen du alderdi fisiko, emozional eta sozialak hartzen dituen plano baten moduan. Eta arlo sozialean gabeziak dituzte”.
Gazteek euren artean harremanak garatzeko leku aproposa dira udalekuak. Aurten, baina, kolokan daude. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek bertan behera utzi dute Udalekuak 2020 programa. Gainerako eragileak zer eta nola eskain dezaketen aztertzen ari dira, baina “ezjakintasuna” salatu dute. Bizkaiko Urtxintxa Eskola da horietako bat: “Ez dakigu zer segurtasun neurri egon behar den, zenbateko taldeak osatu behar diren, zer baldintzatan… Horrek edozein egitasmo martxan jartzeko zailtasun nabariak dakartza”.
Tokian tokiko aisialdi taldeek udako jarduerak gauzatzeko asmoa badutela esan dute, “baina ez dago inongo bermerik administrazio publikoak aurrera egiten utziko diela; eta, utziz gero, zein baldintzatan izango den. Ezjakintasun handia dago, eta administrazioaren irizpide falta”.
Oso garrantzitsu deritzo Urtxintxa eskolak gaztetxoei euren artean egoteko aukera eskaintzeari: “Inoiz baino behar handiagoa dago udako jarduera eskaintzak lantzeko, kalearekiko, naturarekiko eta herriarekiko harremana berreskuratzeko; berdinen artean egoteko, jolasteko eta hortik ikasteko; arnasa hartzeko, gozatzeko, beldurretik zaintza kolektibora eta maitasunera salto egiteko. Euskararen arnasgune ere badira udako jarduerak, eta horren beharra ere nabaria da”.
Ohiko udalekuez bestelako eskaintza prestatu beharko dute, ordea, “haurrek eta nerabeek kalearekin harreman positiboa berreskura dezaten”. Izan ere, esan dutenez, “konfinamenduan askori beldurrean oinarritutako mezuak helarazi dizkiegu”.
Zailtasunak zailtasun, Gautegiz Arteagako Baratze baserri eskolak udaleku itxiak eskainiko ditu. Cristina Cela zuzendariak azaldu du zer-nola egingo duten: “PCR probak egingo dizkiegu umeei, begiraleei eta bertan aritzen diren guztiei, sartu aurretik. Udalekua handik atera gabe egingo dugu. Berrogeialdian bezala egongo gara bertan, baina jarduerak eta jokoak egingo ditugu elkarrekin”. Badaki probek kostu handia dutela. Hala ere, era horretan “umeak lasai ibil daitezke euren artean jolasten normaltasunez, distantziarik zaindu beharrik gabe”. Umeek behar hori dutela esan du.
Udaleku publikoek askoz prezio txikiagoak dituzte beharra duten familientzat, eta merkeagoak ere badira. Pribatuetan ez dute horrelako aukerarik.