Ibai Maruri Bilbao
Joan den astelehenetik, bizkaitarrak herrialde guztian ibil daitezke, ezelango muga barik. Osasun agintariek “tentuz” ibiltzeko eskatu dute. Berez, berri ona da, baina hainbatek arduratuta hartu dute neurria. “Herrian kezka dago, eta guk udalean ere badugu”, aitortu du Lanestosako alkate Martin Crespok. Hedaduraz Bizkaiko herririk txikiena da; populazio aldetik ere ez da handia. Baina udako hilabeteetan lepo betetzen da, lasaitasunak, naturaren aberastasunak eta ondare arkitektonikoak erakarrita. “Ez dakigu zehatz zenbat udatiar etortzen diren oporraldia gurekin pasatzera. Bigarren etxebizitza asko daude gurean. Uraren kontsumoari erreparatzen diogu, gutxi gorabehera kalkulatzeko. Eta laukoiztu egiten da”. Orain arte, ez dute COVID-19 kasurik izan. “Adinekoen egoitzarekin arduraz geunden, baina testak egin dizkiete, eta, egoiliar eta langile, denek negatibo eman dute”. Udatiarrak iristen direnean hori aldatuko den beldur dira lanestosarrak.
Bigarren etxebizitza asko dituzten herri gehienek dute sentimendu bera: “Datozela, baina kontuz”. Gaur-biharretan igarriko da gehiago etxe aldaketa egingo dutenen joan-etorria, asko dira-eta hirietako ordutegi zorrotzei ihes egin guran daudenak. Hori ikusita, udalak neurriak hartzen hasi dira dagoeneko. Plan bereziak taxutzen ari dira, segurtasun neurriak beteko direla bermatzeko. Bakiok, berbarako, Udaltzaingoa indartuko du: normalean behar egiten duten bost poliziei beste lau gehituko zaizkie. Plentzian hainbat kale soilik oinezkoentzako izango dira, pertsonen arteko distantzia mantentzea errazteko. Mundakak bertan bizi direnentzako aparkaleku kopurua handituko du; egun-pasa doazenek ezingo dituzte erabili.
Batez ere, kostaldeko herrietan dituzte bizkaitarrek bigarren etxebizitzak, itsasoa bertatik bertara edukitzeko. Hain zuzen, horrek kezkatzen du Gorlizko alkate Nagore Utxupi: “Udatiarrentzako lekua badugu. Etor daitezke, segurtasun neurriak betetzeko asmotan badatoz. Baina Plentziako eta Gorlizko hondartza hau da Bizkaiko hirugarrena bisita kopuruan. 20.000 lagun ere egon izan dira egun bakarrean. Horri diot nik beldur itzela”. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak joan den barikuan iragarri zuen herrialdeko hondartzak ekainaren 15etik aurrera irekiko direla. Udaletako ordezkariekin adostu behar dute noiz eta zelan egin; gaur dute horretarako bilera.
Utxupi “irrikatan” dago diputaziokoek zer neurri hartuko dituzten jakiteko. Oraingoz, paseatzeko dute zabalik euren areatza, eta ez dute jende pilaketarik izan. Eguzkia hartzea edo bainatzea libre izango direnerako plangintza bat behar dela uste du. Sarbidea kontrolatzea zail ikusten du. Berak denbora muga ipiniko luke: ordubete pertsonako. “Baina zelan kontrolatu? Jendearen zintzotasunean konfiantza izatea eskatzen du horrek. Zelan jakin ez duela ordubete baino gehiago egin hondartzan?”. Kanpotarrei hondartzara joatea debekatzearen aldekoa da Utxupi. “Ezohiko egoeran gaude, eta ezohiko neurriak behar dira”.
Lanestosan itsasorik ez, eta igerilekua erabiltzen dute beroari aurre egiteko. Horiek ere irekiko dira, baina Espainiako Gobernuak oraindik zehaztu barik du horretarako eguna. Crespo zalantzaz beteta dago. “Zelan bermatuko dugu segurtasuna? Erabiltzaile muga bat jarri beharko da. Nork kontrolatuko du? Gure udala txikia da. Soroslea ordaintzeko beste diru badugu, baina ez sarrera kontrolatuko duen bigarren bat kontratatzeko”.
Hondartzak sortzen dio kezka Eako alkate Iratxe Arriolari ere. “Marea gora datorrenean, ez dago lekurik. Zelan bermatuko dugu pertsona arteko distantzia mantentzen dela?”. Kalean ere jendea pilatuko den beldur da. Horregatik, autoak kendu dituzte erdiko kaletik, oinez erosoago ibili ahal izateko eta ostalariek terrazak zabalago jarri ahal izateko. “Orain arte oso ondo moldatu gara, eta kanpotik datorren jendeak ere agindutako neurriak errespetatzea nahi genuke”.
Zerbitzua indartu
Aurrerantzean, epidemia kontrolatzeko giltzarria lehen arretaren zerbitzua izango da, ospitaleei lekukoa hartuta: anbulatorioetan atzeman, artatu eta kontrolatu beharko dira kasu berriak. “Ean medikuaren kontsulta baino ez dugu, eta orain itxita dago. Anbulatoriora Lekeitiora joaten ibili gara. Nork egingo du kontrol hori gurean?”. Arriolak aspaldiko aldarrikapena ipini du berriro mahai gainean. “Honelako herri batean ezin dugu eskatu anbulatorio handi bat jartzeko. Baina hemendik 15 minutura Gernikako ospitalea dugu. Izenean ‘ospitalea’ jartzen du, baina ez ditu ospitale baten funtzioak betetzen”. Koronabirusaren krisia hasi zenetik hainbatetan eskatu dute eskualdeko alkate batzuek ospitalean oheak jartzeko, hasiera bateko proiektuan jasota zegoen legez.
Arriolak uste du herri txikien arazoa zerbitzu falta dela, eta horrelako egoeretan agerikoagoa dela. Salatu du Bizkaiko ospitale nagusiak Bilboko metropoliaren bueltan daudela. “Krisi honek balio behar luke metropoliaren eta landa inguruaren artean bakeak egiteko. Ulertzen dut eurek natura behar dutela, eta herri txikietara etorri nahi dutela. Datozela, pozik hartuko ditugu; datozela bizitzera ere. Baina guk bizitzeko zerbitzuak behar ditugu”.
Gorlizen anbulatorio txiki bat dute. “Orain arteko udaldietan ondo moldatu gara. Baina aurten ikusteko dago. Ez dadila koronabirusaren bigarren kolperik etorri. Bestela, larri ibiliko gara”. Esan du Osakidetzari zerbitzua indartzeko eskatu beharko diotela. Lekeition, ohikoa izaten da mediku gehiago egotea oporraldian. “Beti indartzen da, eta aurten inoiz baino gehiago. Gainera, gure anbulatorioa prest dago koronabirusari aurre egiteko; arnasteko aparatuak ditu”, zehaztu du Koldo Goitia alkateak. Lanestosan mediku barik egon dira asteotan, Ean eta landa inguruko herri txiki guztietan legez. Alkateak argi du: “Hona etortzekoak direnek egin dezatela testa etxetik irten aurretik. Eta sintomak dituztenak ez daitezela etorri. Ez gaitzatela arriskuan ipini”.
Herriok, hein batean, udatiarren beharra dute aurrera egiteko. “Herri turistikoa gara. Bisitariak dira gure ekonomiaren oinarri nagusietakoa. Aste Santuan hasten da denboraldia, eta aurtengoa itzela izan zitekeen egin duen eguraldi onari esker. Baina ostalari batek esan didanez, urtea zeropetik hasi dute”. Beraz, udatiarrak noiz etorriko irrikaz dago. Baina, era berean, urduri: “Arduratuta gaude Lekeition eta inguruan orain arte oso kasu gutxi izan ditugulako. Edo zortea izan da, edo geografikoki aparte dagoen eskualde batean bizi garelako izan da. Kontua da ez gaituela hain gogor jo. Posible da koronabirusa lehenengoz uda partean etorri izan balitz kolpe gogorragoa hartu izana, herria jendez beteta izango genuelako eta bisitarien joan-etorria egunerokoa izango litzatekeelako”. Horregatik, udatiarrei eskatu die osasun agintariek ezarritako neurriak “zorrotz” betetzeko, bertakoek “egin duten moduan”. Herria prest dute datozenerako.
Kantabria, Burgos edo Errioxako etxera, uztailean
Bizkaitar askok dute bigarren etxebizitza Euskal Herritik kanpo: bereziki, Kantabrian, Burgos iparraldean eta Errioxan. Debekatuta egon den arren, hainbatek jo dute Kantabriara eta Burgosera konfinamendu zorrotzeneko asteetan; hala salatu dute herriotako alkateek. Erkidego guztiek lau faseak gainditu arte ezingo da beste erkidego bateko etxebizitzara joan; seguruenik, uztail hasieran gertatuko da. Kantabria eta Errioxa lehen fasean daude; Burgosen, zero fasean eta lehenean, herriaren arabera.