Fermin Txoren lau faseak

Igor Elordui Etxebarria

Aspaldi ezagutzen dut Fermin Txo jauna, artean jauna ez zeneko sasoitik, alegia. Denbora asko pasatu da elkarren berri izan barik. Gehiegi. Baina Ferminekin, Mintxo-rekin, gertatzen zait urteak eta urteak pasatu ahal direla elkar ikusi gabe, baita elkarren berri izan gabe ere, eta berriro elkartzen garenean ematen duela atzo bertan izan zela batera egon ginen akabuko aldia.

Beti daukat gogoan Mintxo. Beti nago hari deitzeko. Eta gogo hori are handiagoa da konfinamendua hasi zenetik, baina, nori ez zaio pasatzen, gauza bat dela edo bestea dela, egunero kale. Baina, ai, atzo Mintxok berak deitu zidan.

Minutu erdian garbitu genituen etxeko kontuak eta beste gauza batzuei buruz hasi ginen berbaz. Eta, zelan ez, koronabirusari buruz: hildakoak, testak, berrogeialdia, pandemiaren ondorio ekonomiko, sozial eta politikoak, konfinamenduaren arintzea… Puntu horretara ailegatuta, Mintxok esan zidan bera ari dela prestatzen bere deskonfinamendu propioa, bere normaltasun berri propiora egokitzearren. Eta berak ere lau fasetan banatu duela. Azaldu zidanez, 0 fasea, hausnarketa-fasea aspaldi pasatu du. Haren ustez, konfinamendua delakoa azken bi hilabete hauek baino askoz harago doa. Jaiotzen garenetik gaude, zelanbait, konfinatuta. “Askatasuna ez da terraza aukeratzea, lagun. Kartak markatuta daude”, bota zidan, “kapitalismo hiltzailearen joko-arauak aldatu nahi baditugu, hortaz ohartzea da lehenengo gauza”. Gero zerbait esan zidan The Truman Show pelikulari buruz eta urrezko kaiola bati buruz…

Orain lehenengo fasean dago Mintxo; “planifikazio fasea”, haren hitzetan. Haren ustez “zer den garrantzitsua eta zer ez ikasi dut” bezalako esaldiak hutsalak dira, eta ekintzak behar dira. Txikitik handira egin behar ei da, musean legez. “Kartak markatuta daude, baina ez jokatzea ez da aukera bat”. Bada, ekintza-sortak hiru eremutan banatu ditu, eta horiek dira hurrengo faseak:

Bigarren faserako, “fase afektiboa”, zerrenda bat egin du maite dituen senide eta lagunena (“zu, jakina, bertan zaude”, lasaitu gura izan ninduen). “Ez lotsak, ez aurreiritziek, ez rolek ez didate galaraziko ahal dudan bezain laster besarkadak eta musuak ematea zerrendan zaudetenoi”.

Hirugarren fasean, “fase sozioekonomikoan”, neurri txikiak “baina esanguratsuak” hartzetik hasiko dela esan zidan: “Ez Movistar ez Euskaltel, ez halako ostiarik, Izarkom! Eta argindarra Goienerrekin. Nire diruarekin ez dira aberastuko, ez horixe! Erosketak, ahal dudan gehienetan, herriko dendetan, eta bertako ekoizleei erosi ahal badiet, hobeto. A, eta zenbat gauza ditudan sobera! Gutxiagorekin igual-igual bizi ahal naiz”.

Laugarren fasea, “politikoa”, dela eta, esan zidan gauza bakarra izan zen erradikalizatu egin dela. Gehiago? —galdetu nion. “Bai, gehiago. Zorionez”, erantzun zidan. Eta inoiz baino argiagoa (eta koherenteagoa) iruditu zitzaidan nire laguna.