Arrantzaldi bereziak eta aparteko neurriak itsasoan

Arrantzaldi bereziak eta aparteko neurriak itsasoan

June Prieto

Ezohiko Antxoa Eguna ospatuko dute Ondarroan bihar; etxetik eta modu berezian. Eta ezohiko antxoa arrantzaldia da aurtengoa: inoiz baino beranduago iritsi da. Aste Santua pasatuta hastekoak baziren ere, Bizkaiko arrantzaleak duela bi aste itsasoratu ziren.

Igotz Galatea Lekeitioko Kalamua itsasontziko kapitaina da, eta beste hamalau gizonekin batera dabil beharrean. “Aste honetan, lasai ibili gara: aurreko domekan jakin genuen denok negatibo eman dugula, eta itsasora joan ginen”. Baxurako arrantzale guztiei testak egin dizkie Eusko Jaurlaritzak —eta baita osasun agintariek ezarritako beste neurri batzuk ere—, besteak beste, ontzian ezinezkoa delako segurtasun distantziak mantentzea. “Ezin gara ibili maskararekin; busti egiten da, eta ezin dugu arnasa hartu”. Hala ere, itsasontzian garbitasuna zorrotz mantentzen dabiltza, lixibarekin eta urarekin.

Porturatzerakoan ere neurri bereziak hartzen dituzte. “Portuan dauden pertsona horiek eskularruak eta maskarak eramaten dituzte, derrigorrez. Lonjara sartzeko, tenperatura hartzen dizute, eta soilik bat sartu daiteke”.

Galateak azaldu duenez, osasun neurrietan baino gehiago, antxoaren prezioan nabaritu dute berrogeialdiaren eragina. “Kontserba enpresek hemengo arrain handia hartzen dute, baina tamaina txikiko antxoa, adibidez, asko Marokora eta Italiara joan izan da. Baina orain mugak dauden moduan egonda, gaizki”. Kanporako arraina ere hemen geratu da, eta prezioek behera egin dute. Normalean, 1,3 eta 1,5 euro artean ordaintzen da lonjan antxoa kiloa, baina orain 0,30era ere egon da.

Neurriez eta prezioez gain, nabarmendu du marinelen arteko giroa ona dela. Gogoratu du testak egin baino lehen soilik hamalau gizon joan zirela itsasora. “Bat geratu zen lehorrean, bere semeak sintomak eduki zituelako”.

Itsasotik bueltatzean, baten batek sintomak edukiz gero, ontzia gelditu egin behar da: marinel guztiek berrogeialdia bete beharko lukete lehorrean, eta baita ontzia desinfektatu ere. Horregatik, asteburua etxean pasatzerakoan neurri gogorragoak hartzea proposatu die bere arrantzaleei. “Gure egoera berezia da, beste beharginekin alderatuta. Denok egoten gara elkarrekin leku txiki baten, eta badaezpada neurriak zaintzeko eskatzen diet”.

Hurrengo kanpainarako zalantzak ugariak dira. “Hegaluzetan irteteko, uste dut garrantzitsua izango litzatekeela testak egitea”. Izan ere, hegaluzetan 10-15 egun egon daitezke itsasoan. “Badakigu noiz irtengo garen, baina ez noiz bueltatuko garen. Beraz, uste dut, oso garrantzitsua dela itsasoratzean denok jakitea ez dagoela inor kutsatuta”.