Natalia Salazar Orbe
Getxoko Andra Mari auzoko Iturribide kaleko 24. zenbakiak ez du ohikoa zuen jendearen joan-etorririk azken asteetan. Bertan du egoitza Itxas Argia dantza taldeak. Astero pasatzen ziren handik dozenaka ume, guraso, gazte eta heldu. Denek zuten egiteko bera: euskal dantzetan trebatzea eta horiek irakastea. Gainerako leku, txoko eta kaleetan gertatu den bezala, egun batetik bestera bertan behera utzi behar izan zuten jarduera guztia. “Entseguak bertan behera utzi behar izan genituen. Ekitaldiak ere, berdin. Eta pentsatu genuen: ‘Bukatu da ja? Eta, orain, noiz arte ezin izango dugu ezer egin?'”. Irune de la Maza taldeko kidearen hitzak dira. Hala ere, ez ziren geratu besoak gurutzatuta. #NikEtxeanDantzatukoDut egitasmoa sortu zuten, buruari hainbat buelta eman ostean.
Interneteko sareak hartuko zuen indarraz eta garrantziaz jabetuta, horretara jotzeko beharra argi ikusi zuten. Taldeko kideak irakasle birtual bihurtuta, dantzak ikasi eta praktikatzeko aukera eskaini behar zutela erabaki zuten. Eta horretan ari dira. Bideo laburren bidez, dantzen pausoak irakasten dituzte, banan-banan, gero pieza osoa interpretatzeko. Asteazkenero argitaratzen dute bideo bat.
Taldeari lotutako umeei, familiei zein bestelako kide eta jarraitzaileei begira abiatu zuten egitasmoa. Errepertorioa gero eta zabalagoa da. “Orain arte, egin ditugu jota, arin-arina, Agurra edota banango dantza”. Zazpi jauzi ere eskaini dute, eta jauziei ere ekin diete. Facebook eta Instagramen daude denak ikusgai.
Itxialdia noiz arte luzatuko den eta gero zer-nolako neurriak etorriko diren, malguagoak izango diren jakiteko zain ere badaude. Horren arabera erabakiko dute bideoen bidez azaltzeko eta ulertzeko errazak diren zeintzuk dantza eskaini. “Familian egin daitezkeenak eskaintzen ditugu, edo dantza taldekoek egin eta praktika ditzaketenak. Baita gurekin zerikusirik izan ez arren, apur bat ikastera animatu direnentzakoak ere, edo, behintzat, denbora-pasarako ikusten dutenentzako dantzak ere”.
Etengabeko talde lana
Itxas Argia dantza taldeko kideek asteazkenero argitaratzen dute bideo berri bat. Badute sare sozialez eta komunikazioaz arduratzen den lantalde bat. Haiek erabaki zuten egitasmoa martxan jartzea. Hala ere, ideia taldera zabaldu zuten, eta hainbat kide azaldu dira proiektuan parte hartzeko prest. “Zeintzuk pauso egin behar diren zehazten dugu; bakoitzak bat aukeratzen du, eta horrela banatu izan ditugu: bakoitzak pauso bat grabatu behar du. Komunikazio taldeko kide batek editatzen ditu bideoak, eta muntaketa ere berak egiten du”.
Lan erraza dirudi: bakoitzak bere lana bete, grabatu, muntatzeko arduradunari bidali, eta sarean jartzeko prest dago. Buruhauste bat baino gehiago sortzen die prozesuak, ordea, De la Mazak dioenez: “Zailena grabatzea da. Gu ohituta gaude irakastera, baina irakasleen eta ikasleen arteko kontaktu fisikoaren bidez. Bideoarekin hasten zarenean, ez dakizu oso ondo zer-nola egin. Minutu batean egin behar duzu, oso luzea ere ezin daitekeelako izan. Azken batean, sare sozialek muga dute, eta ezin duzu zerbait luzea bota. Beraz, pentsatu behar duzu minutu batean zer-nola azaldu ondo. Horrez gain, ondo ulertu behar naute, eta ondo ikusi. Horregatik uste dut horixe daramagula txarren”.
Bakoitzak duen sakelakoaren gaitasuna ere ez dela bera azaldu du. “Han aritzen gara, argia ona ote den; jarri hor; ez, berriro grabatu; ez duzu aipatu hau, edo beste hori. Hasi berriro. Dena den, honi esker badugu entretenitzeko zerbait”.
Andra Mari auzoko taldearen proposamenak zer-nolako oihartzuna izango zuen zalantzak zituzten bertako kideek. Hainbat mezu jaso dituzte. “Batzuek idatzi egiten digute, edo galdetu. Eta badakigu taldearekin harremanik ez dutenetatik ere baten bat animatu dela. Oso pozik gaude. Itxialdi honetan, gu aritzen garen dantzaren esparruan eragin txiki bat izan dugu”.