Ibai Maruri Bilbao
Bilboko Auzo Elkarteen Federazioko lehen presidentea Javier Muñoz izan zen, eta bigarrena, Carlos Ruiz. “Apustua egin zuten ni sartzeko idazkari moduan. Muñoz joan zenean, Ruiz geratu zen arduradun. Baina, pentsionisten mugimenduan ere bazegoenez, ardurak uzten hasi zen, eta ni hasi nintzen ardura gehiago hartzen gutxika. Eskertzen diet hartutako formazioa eta prestakuntza”, gogoratu du Alaitz Argandoñak (Bilbo, 1980). Otsailetik, bera da presidente berria, federazioak duen hirugarrena.
Federazioa “gaztetu” egin dela esan duzue Hiritarrok-en, zuen aldizkarian. Zertan nabarituko da? Aldaketak etorriko dira?
Aldaketa batzuk egon dira dagoeneko Muñozek kargua utzi zuenetik. Adibidez, ikastaroak egitean. Lehen, hizlari bat etortzen zen eta bere hitzaldia egiten zuen; informazioa jasotzen genuen, baina ez genuen askorik parte hartzen. Muñozek utzi zuenean, aldatu egin genuen erabat, eta jardunaldiak antolatzen hasi ginen, lantaldetan banatuta. Garai berrietara egokitzen hasi ginen. Orain, auzo elkarteetako partaideak biltzen gara, eta gai bati buruz eztabaidatzen dugu, eta iritzia ematen dugu. Beste aldetik, batzar orokorrak ere aldatu ziren. Orain ez da batzarretan bertan ematen informazioa: aldez aurretik banatzen da informazioa, eta prestatuta eroaten dugu, eztabaidatzeko.
Egia da azken urteetan sartu direnak gazteak direla, eta hori nabaritzen da bileretan. Lan egiteko beste era bat dugu orain. Sartu dira emakume gehiago, eta horrek ere ematen dio beste giro bat federazioari. Beti erakunde feminista bat izan den arren, emakume gehiago egoteak beste ikuspuntu bat ematen diola uste dut.
Baina, aurrera begira, aldaketaren bat baduzu buruan?
Ni duela hamar urte sartu nintzen federazioan. Badaude betiko helburuak, eta jarraitzen duguna lantzen: parte hartzea bultzatzea —laster izango dugu arautegi berria—, irisgarritasuna… Baina helburu berriak ere sortu dira. Agian ez jende gaztea sartu delako, baina bai auzo elkarte berriak sartu direlako. Anaitasuna sartzean konturatu gara aisialdiarekin dugun arazoa, turistifikazioa… Nire helburu pertsonala da auzo elkarteak erakargarriago bihurtzea gazteentzat. Nik ikusten dudana da federazioan egon dela aldaketa, bai, baina, auzo elkarteetara begiratzen baduzu, ohartzen zara haietan ez dela sartzen jende gazterik, ez dutelako erakargarri ikusten. Erakargarri bihurtzea lan egiteko arlo garrantzitsua dela uste dut. Ez dakit zelan egingo dugun; pentsatu beharko dugu, baina gure apustua hori izan behar da.
Zein da auzo elkarteen eta federazioaren garrantzia Bilbon?
Auzo elkartera joatea errazagoa da. Azken finean, zure auzoan gertatzen diren gauzei buruz hitz egingo duzu, eta zure helburuak errazago beteko direla ikusiko duzu. Badaude beste mugimendu batzuk —ekologismoa, feminismoa…—, baina horietan ez duzu ikusten hain argi pausoak ematen eta helburuak lortzen direnik. Auzo elkarteen borrokan, berriz, eguneroko gauza xumeak lantzen ditugu, eta errazago lortzen dira. Gainera, auzokideen artean harreman polita sortzen da. Oso erakargarria da auzo elkarte bat.
Garrantzia? Nola ez! Instituzioek badute garrantzia, itzela, baina azken batean auzotarrok gara gure auzoan gertatzen denaz gehien dakigunak. Horregatik, guk izan behar dugu instituzioen iturria eta haien aurrean bozeramaile. Guk badakigu zein diren lehentasunak auzo bakoitzean. Federazioaren lana zailagoa da. Auzo elkarte batean badakizkizu zeintzuk diren auzoaren premiak, eta gogor borrokatzen zara haien alde. Federazioan, ikuspegiak orokorragoa izan behar du, eta hori da gehien kostatzen dena. Ez goaz auzo bat defendatzera, Bilbon gertatzen diren arazoak konpontzera baizik. Askotan zure auzoan gertatzen den hori beste auzo batean ere gertatzen da, eta elkarri konta diezazkiokegu esperientziak. Leku bateko proposamena beste baterako ere egokia izan daiteke. Arazoa da batzuetan erakunde publikoek kontrabotere moduan ikusten gaituztela, eta ez digute hainbeste kasurik egiten. Baina gu ez goaz instituzioetara agintariei boterea kentzera, herritarren proposamenak eramatera baizik. Agintariek ez dute aprobetxatzen auzo elkarteek duten potentziala: entzungo balute guk duguna esateko, hiri hobea kudeatuko lukete.
Zazpikaleetako auzo elkarteak turistifikazioaren inguruko jardunaldiak atzeratu behar izan ditu koronabirusagatik. Nola orekatu daitezke bilbotarren interesak eta turismoa?
Hiri eredu mota bati buruz berba egiten ari gara. Bilbo pausoak ematen ari da, baina ez dakigu nora. Sortzen ari garen hiria hiritarrontzat da, ala kanpotarrentzat eta enpresentzat? Azken bolada honetan turistifikazio larria sufritzen ari gara. Turismoa ondo dago, eta etekin ekonomiko eta kulturalak ematen ditu. Baina, azkenean, hiritarrok pairatzen ditugu horren ondorioak: etxebizitzaren prezioen igoera, kaleen okupazioa… Gure kontrako ondorioak dira, baina etekinak betikoek jasotzen dituzte: hotelek, enpresek… Guk kalteak baino ez ditugu ikusten.
Herritarren segurtasuna eta bizikidetza da orain lantzen ari zareten gai nagusia. Bilbon arazoa dago segurtasunarekin?
Justu kontrakoa. Bilbo hiri segurua da; datuek hala diote. Komunikabideetan agertzen da Bilboko leku batzuk arriskutsuak direla, eta guk hori eztabaidatu nahi dugu. Zergatik eskatzen du jendeak polizia gehiago egotea kalean? Gure ustez, hori ez da bidea. Segurtasun falta ez da erreala; Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren datuek gezurtatu egiten dute. Guk uste dugu bizikidetzari buruz hitz egin behar dugula. Auzo batzuetan aurreratuago daude gai honen inguruan, eta orain federazio moduan landu nahi dugu. Uste dugu segurtasun faltaren sentsazioa desagertu egingo litzatekeela bizikidetza era positiboan landuko bagenu.
Otsail amaieran Eraginek deitutako apustu etxeen aurkako manifestazioa babestu zenuten. Arazo larria direla esan zenuten.
Bilbo apustu etxez betetzen ari dira, ez dakigu noren babesarekin. Gazteriaren eta diru gutxien dutenen kontrako negozioak dira; eurek sufritzen dituzte kalte nabarienak. Ikastetxeen ondoan ere badaude, eta hori ezin da onartu. Arazo larria da, bai, eta uste dugu ekarriko dituen ondorioek ihes egiten digutela.
Bilboko Udalak ekaineko osoko bilkuran onartuko du Bilboko Hirigintza Plan berria. Alegazio fasean dago orain. Zuek hainbat aurkeztu dituzue. Zer erantzun jaso duzue?
Hamaika aurkeztu genituen: auzo elkarteek pila bat, federazioak ere bai… Berandu iritsi ziren erantzunak, eta modu txarrean. Ia guztiei ezetz erantzun digute. Onartu direnak txikikeriak izan dira; gure ustez, aparteko garrantzirik ez duten kontuak. Baina guk gauza garrantzitsuez hitz egin nahi dugu. Adibide bat jartzeko: ez goaz baranda bat eskatzera —horiek ere oso garrantzitsuak diren arren—, aldaketa handiak eskatzera baizik. Baina horiek ez dizkigute onartzen. Kezkatzen gaituena da plana behin betiko onartzean urteetan indarrean egongo dela, eta ezingo dela aldatu. Gertutik ari gara izaten prozesuaren berri, baina oso etsita gaude.
Udalak azkenaldian hartu dituen neurri garrantzitsu asko mugikortasunari lotuta egon dira; besteak beste, bilbotarrontzako “hiri erosoago” bat lortzeko. Erabaki onak hartzen ari direla iruditzen zaizue?
Askotan, Bilbo erdiguneko arazoak hobetzeko neurriak hartzen dira. Erdigunean daude, adibidez, garraio publiko guztiak. Kanpoko auzoetan bizi garenok ez dugu hainbeste garriobiderik. Txartel bakarraren auzia ere hor dago: oso motel lantzen ari dira indarrean jartzea. Auzoak kontuan hartu behar dira mugikortasuna diseinatzean, baina ez gaituzte entzuten. Erdigunea zelan ondo konektatu baino ez dute buruan. Bilbotik kanpokoek esango dute Bilbo garraio publikoaren paradisua dela, metroa, tranbia, trena, autobusak eta funikularra ditugulako, baina, auzo periferikoetan bizi bazara, errealitatea beste bat da. Adibidez, ni Arangoitin bizi naiz, eta auzora igotzeko autobus bat eta igogailua ditut. Igogailua sarri-sarri matxuratzen da. Oraintsu ere suhiltzaileek joan behar izan zuten barruan geratu zirenak ateratzera.
EHUren Medikuntza Fakultate berria eta Garellanoko bosgarren dorrea egingo dira Basurtun. Bizilagunek salatu dute auzoa urbanizatuegi dagoela.
Deustuko erriberan ere fakultateak eraikiko dituzte, uharte berrian. Garrantzitsua ez da zer egingo duten, baizik eta auzokoen iritzia kontuan hartu ote duten. Horrelako makroproiektuak auzokoekin adostu behar dira. Gero eurek sufrituko dituzte ondorioak. Hainbat auzotan daude horrelako proiektu handiak pentsatuta, baina inorekin ezer adostu gabe. Gero etortzen dira salaketak, baina, behin proiektua martxan dagoela, gutxi egin daiteke.
2018an onartu zuen Bilboko Udalak Auzoen Aldeko Ituna. Zer utzi du itun horrek?
Gobernuko bi alderdiek onartu zuten; orduan zeudenak daude orain ere [EAJ eta PSE-EE]. Oposizioak ez zuen onartu. Eta auzo elkarteon iritzia kontutan hartu gabe egin zuten. Horrela jarraitzen dugu. Gu ez gara parte hartzen ari itun horretan.
Zelakoa da federazioaren eta udalaren arteko harremana?
Urtero irailerako geratzen den ikasgaia da. Batzuetan harremana dugu, baina ez zuzena. Guk hilen behin edo bi hilean behin bildu nahi dugu, baina ez dute nahi. Arlokako bilerak lortu ditugu; hirigintza plana aurkeztu zenean, adibidez, aurkezteko deitu gintuzten bilera batera. Beste harreman mota bat behar dugu, zuzenagoa. Kontua ez da gure eta haien arteko harremana bakarrik. Nik uste dut arazoa dela parte hartze eredua. Ez dute nahi parte hartzea. Guk parte hartzen dugu barrutietako eztabaidetan, baina han erabakitzen dena ez da behin betikoa; azken hitza udalak du. Federazioak egin zuen lehen manifestazioa parte hartzea eskatzeko izan zen, eta oraindik ez da ezer aldatu. Barrutietako parte hartzea arautzeko dekretu berri bat prestatzen ari dira, baina ez dakigu zertan dabiltzan zehazki.