Tirabirak eteteko irtenbide bila

Tirabirak eteteko irtenbide bila

Natalia Salazar Orbe

Alarma egoera ezarri aurretik, hainbaten begirada txarretara ohituta zeuden txakur jabeak; azken asteotan, ostera, haserrea pizten dute, edo inbidia eman. Koronabirusaren eraginak etxetik ez ateratzera kondenatu ditu herritar guztiak, baina txakur jabeei egunero kalera ateratzeko baimena eman diete, maskotek txiza eta kaka egiteko. Herri batzuetan mugatuago dute irteera. Leioan egunean hirutan atera daitezke gehienez, eta, asko jota, etxetik 60 metrora. Hamar minutuko osterak soilik egin ditzakete. Txakurrak euren ugazabekin batera ateratzen dira kalera, noski. Eta izan da balkoietatik kritikatu dituenik. Gizakiaren lagunik onena ei den animaliaren eta pertsonen arteko elkarbizitza ez baita idilikoa.

Konfinamendu egoera berezi honetatik kanpo ere, ugazaba askok ez dituzte errespetatzen txakurrak lotuta ibiltzeko edo gorozkiak jasotzeko arauak; txakur jabeek, berriz, debeku zurrunak salatu dituzte. Elkarbizitza hori gozatu eta batzuen eta besteen eskubideak bermatze aldera, gero eta herri gehiagotan ari dira jartzen txakurrak askatuta atera ahal izateko guneak. Gune horiek dituzten gabeziez mintzatu dira erabiltzaileak.

Halako eremu bat ireki duten azkenetako bat Bermeoko Udala da. Aubidxen kokatu zuten gunea, 1.200 metro koadrokoa, otsailean. Hesitu egin dute eremua, animaliak solte arazorik gabe ibil daitezen. Txakurren jabeek 24 orduz erabil dezakete espazioa. Mahaiak, iturriak, zakarrontziak eta txakurrentzako jolasak daude bertan. Segurtasuna bermatze aldera, umeek eta gaixorik dauden txakurrek debekatua dute sartzea. Herriko kaleetan bezala, eremu horretan ere txakurren gorozkiak jaso beharko dituzte jabeek.

Bizkaiko herrietan txakurrentzat dauden beste gune batzuen antzekoa da Bermeokoa. 110.000 txakur inguru daude Bizkaian, herrialdeko albaitarien elkargoak iaz emandako datuen arabera. Txakurrak kalean ibili ahal izateko tokia ipintzen dute gune horiek. Ereduak askotarikoak dira: batzuk hesituta daude, eta beste batzuk hesirik gabeak dira; askok txakurrak ateratzeko ordutegi zehatzak dituzte; eta beste batzuek, berriz, egun osoan ematen dute aukera hori.

Hesirik ez dituztenetan, arazoak sor daitezke txakurren, haien jabeen eta bestelako erabiltzaileen artean. Derion dituzte halako ermuak. Sergio Vicente da bertako Txakur Lagunak elkarteko presidentea. Hark eman ditu azalpenak: “Hiru metrotik behin, metro bateko altuera duten makilak daude jarrita Derioko guneetan, txakurren tokia zein den zehazteko. Nola azalduko diot nire txakurrari eremu horretatik ezin dela atera?”. Vicentek adierazi du ezinezkoa dela txakurrek ulertzea makila batek hesi lanak egiten dituela.

Egoera horiek gorabeherak sor ditzakete. “Tirabiraren bat izan da txakurrentzako gunean korrika egitera joan izan diren korrikalariekin. Eremua jarduera jakin baterako ipinita badago, hor sartzen denak badaki txakurrak egon daitezkeela. Hori eremua itxita dagoen kasuetan gertatzen da. Gurean, ordea, gunea irekita dago, eta jendea ondotik pasatzen da. Parkeko eremurik lauena denez gurea, ondotik korrika ibiltzen ziren korrikalariekin izan dugu gorabeheratxoren bat. Ulertu behar dute txakurren eremutik korrika pasatzen badira litekeena dela baten batek zaunka egitea edo euren ondoan korrika hastea. Hala ere, ez da izan arazorik”.

Txakurrentzako gune horiek hesita, itxita egotea izango litzateke onena. Hala uste du Sonia Garciak. Katutxakur Bizkaia elkarteko kidea da. Taldearen sortzaileetako bat izan zen, eta Bilbon bizi da. “Bilboko txakurrentzako gune guztiak hesita egotea izango litzateke ideala. Denak. Txakurren eta beste erabiltzaileen artean ahalik eta kontaktu gutxien egon dadin, nahi duena korrika edo oinez pasa dadin ingurutik arazorik gabe. Izan ere, batzuetan, askatuta egoteko orduetan animaliak zoroen pare ibiltzen dira jolasean. Norbait pasatzen bada ingurutik, lurrera botatzen dute pertsona hori. Noren errua da? Inorena ez. Hala ere, nori egingo diote errieta? Txakurraren jabeari, noski. Beti gertatzen da berdin”.

Egoera hori ulergarria ere badela uste du Garciak. Hainbat arrazoi eman ditu: “Denei ez zaizkie gustatzen animaliak. Denak errespetatzen ditut nik. Txakurra lotzeko esaten badidate, lotu egiten dut”. Txakur jabe guztiek ez dute berdin jokatzen, ordea. “Askok paso egiten dute, ez diete kasurik egiten arauei. Eta kontra egiten dizute, gainera. Nik esaten diet: ‘Ez al zara jabetzen zu bezalakoengatik gaizki pasatuko dugula guk eta gure txakurrek?'”.

Txakurrak lotu gabe

Gogorarazi du txakurrak kaletik ezin daitezkeela askatuta joan. “Parke batean txakurra askatzeko debekua badago eta lotu gabe baduzu, errua zurea da. Argi dago”. Era horretako jokabideak bertatik bertara ezagutu ditu: “Ume asko txakurren beldur dira, buruan hala sartu dietelako. Alaba ikastolara eramaten dudanean, parkean txakurrak lotu gabe ateratzen dituzten pertsona asko egoten dira. Debekatuta dago, ordea! Txakurrak askatuta daramatzate eskolako ordutegian. Egoera horiek salatu dituen lehenengoa ni neu naiz”.

Vicentek ere ez du gustuko txakur jabeek behar ez bezala jokatzea. “Terraza batean banago, txakurrak lotuta edukiko ditut. Ez dut ondo ikusten taberna bateko terrazan inork txakurra aske izatea. ‘Nire txakurrak ez du egiten haginka’ esaten dutenak ulertzen ditut, nireak ere oso lasaiak direlako. Hala ere, zakurra zakur da. Umeren bat badago puxika batekin eta lehertzen bazaio, zakurra ikaratu egin daiteke. Makilarekin doan zahar batek makilakada bat eman diezaioke zakurrari eta ‘utikan hemendik!’ esan. Eta txakurra aztoratu egin daiteke. Agian ez dio egingo ezer, baina zaharra lurrera erortzen bada eta aldaka apurtzen badu, arazo bat da. Edo txakurrak hankarekin umeari aurpegian atzamarka egiten badio ere, berdin. Ez da leku egokia txakurrak askatuta ibiltzeko, ez txakurrarentzat, ezta bestelakoentzat ere”.

Denen sen onari dei egin diote batak zein besteak, batzuen eta besteen arteko elkarbizitza ahalik eta onena izan dadin. Vicentek gogorarazi du herri askotan izaten den arazoa: gorozkiak ez batzea. “Bilatu beharko da nork utzi duen kaka lurrean. Era berean, nork botatzen dituen zigarro puntak eta gozoki poltsak. Txakur gunera noanean eta umeen bazkariko edo askariko beirazko potetxoak aurkitzen ditudanean, jakin beharko dut nork utzi dituen. Izan ere, lorezaina handik pasatu eta apurtzen baditu, nire txakurrak zauriak egingo ditu hanketan. Besteei zer egin behar duten esan aurretik, guk ere ondo egin behar ditugu gauzak. Hori dela eta, guretzat borroka garrantzitsua da jendeak txakurrak lotuta eramatea eta animalion kakak jasotzea”.

Lan horretan ari da elkartea. Hainbat hitzaldi eman dituzte; besteak beste, txakurren eta katuen kakek gizakiei kutsatzen dizkieten gaixotasunei buruzkoak. “Txakurren ugazabak kontzientziatu daitezen nahi dugu parkean txakur kaka bat uztea norberarentzat ere txarra dela. Ez soilik besteentzat: zuretzat eta zure txakurrarentzat ere bai. Gerra beheragotik hasi behar da”.

Isunen alde

Arauak hausten dituztenei isunak jartzearen aldekoa da Garcia. “Herritarrak kontzientziatu beharko lirateke arau hauste horiek ikusten badituzte Udaltzaingoari deitzeko. Jendea kexatu egiten da, baina ez du salaketarik jartzen. ‘Zertarako deituko diet udaltzainei? Ez didate kasurik egingo’, esaten dute. Argazkia egin eta udaltzainek berehala aurkituko dituzte txakurra eta ugazaba. Isun horiek ondo daude portaera horiek bukarazteko”.

Hala ere, denek errespetuz jokatu behar dutela uste du, eta ulerkorragoak izan. “Mendira zoaz, eta txirrindulariak jaisten dira ziztu bizian. Kexatu egiten dira txakurrarekin zoazelako. Baina zuk harriak botatzen dizkidazu-eta bizikletaren gurpilarekin! Bakoitzak bereari baino ez dio begiratzen. Inor ez dago gustura inorekin. Egoerak okerrera egingo du”.

Vicentek ere zail ikusten du elkar ulertzea. “Tristea da, baina uste dut denok izan behar dugula egin nahi dugun jarduerarako mugatutako eremu bat. Txakurren eremua hesita dagoen lekuetan, txakurrik gabe dagoen inor ez dagoenez, ez daukazu arazorik inorekin. Txakurrak dituzten erabiltzaileen artean ez da arazorik izaten. Arazoa sortzen da txakurren eremua beste zerbaiterako erabiltzen denean”.

Bestalde, erabakiak eta neurriak hartu behar dituzten agintariei ere zentzuz jokatzeko eskatu die Vicentek. “Umeak Derioko udalekuetan daudenean, txakurrentzako gunean egiten dituzte hainbat jarduera. Ez dago ondo. Batetik, daukagun espazio bakarretik bidaltzen gaituzte. Bestetik, txakurrek txiza eta kaka egiten dituzte. Nahiz eta nik nire txakurraren gorozkiak jaso, ez da leku egokia ume bat belartzan jolasean aritzeko eta galletak jatera esertzeko”.

Udalari mezu zuzena bidali dio: “Uribe parkea oso handia da, eta oso eremu txikia dago txakurrentzat mugatuta. Udalari eskatu zitzaion eremu bat muga zezala korrikalarientzat: neurtutako zirkuitu bat eskatu zen, kirolariek distantzia neurtu ahal izateko. Zirkuitua egin du, baina txakurren eremuaren ertzetik pasatzen da. Ez dauka zentzurik. Uste dut hartzen diren neurriak, sarri asko, ez datozela bat dauden beharrekin”.