Hilabete luze bat pentsamendu labur batean

Igor Elordui Etxebarria

A skotan esnatu arren, nahiko ondo egiten dut lo, baina, halere, ariketa fisiko apur bat gehiago egin beharko nuke, edo, behintzat, egunero apur bat, eta, ostera, Twitterren horrenbeste aritzeari eta WhatsAppa hain sarri begiratzeari utzi behar diot, ze, estresatu egiten naiz koronabirusari buruzko albisteekin: hildakoak, kutsatuak… Gainera, Teleberri ikusten dudan bakoitzean amorratzen naiz, baina egunean behin, gutxienez, albisteak ikus beharko dira, ba! Gaur Egun ikusiko nuke, edukia bera izan arren, euskaraz izateak atseginago egiten du-eta nire begi eta belarrietara, eta ez dut Afrika Baeta aguantatu behar enegarrenez euskaraz berba bat ganoraz ahoskatu ezinik, Euskal Herrian bizitza osoa eta haren erdia kazetari lanetan, albistegiak aurkezten… Baina labur geratzen zait goiza, nork esango zukeen, hiruretan bazkaldu, ezta oporretan bageunde ere! Teleberri-n Erkoreka gutxiago agertzen da orain, ezta? Urkullu beti, hori bai, baita umeen eskolako saioan ipuina kontatzen ere; Ortuzar, aspalditxoan gehiago, eta Arantza Tapia, gutxiago? Eta zer gertatu da Nekane Murgarekin? Ordezkatu egin dute, antza, Mikel Sanchez horrek ematen baititu orain egunero koronabirusaren gaineko azken berriak… Arriola, bai, badago desagertuta, Zaldibarko zabortegikoa gertatu zenetik dago desagertuta. Igarriko ote da “hemendik” ateratzen garenean, “normaltasunera” itzultzen garenean, zerbait “aldatu” dela? Edo zerbait aldatzeko gogoa? Zerbait ikasiko genuen, ezta? Nik, bederen, nire ideietan lehen baino indartsuago sinesten dut, erradikalizatu baino ez naiz egin, txo! Ez dakit, ba, batzuk ikusten ditut eguneko desafioa bete, eta kirol apur bat egitearekin pozik… Gauzak aldatzeko lehenengoa gauzei begiratzeko modua aldatzea bada, esango nuke batzuek segitzen dutela euren balkoitik harago begiratu barik baina, e, sekula “normaltasunera” itzuliko ez bagina? Eta hau izango bada “normaltasun” berria? Gurekin gura dutena egiteko moduan daude, denok etxean sartuta, guztiari men, horra distopia zer den, eta, bai, aitortzen dut: asaldatu egiten naiz balkoitik ikusten ditudanean batzuk umeekin paseoan, edo txakur bera hiru jabe desberdinekin hara eta hona egun osoan, denak ala inor ez! Baina ni ez naiz polizia, nik ez dut nahi izan polizia… Polizia gutxiago eta mediku gehiago, ostia! Batzuek umeak jartzen dituzte aitzakia legez, umeen eskubideak gora eta behera; egia da, topatu beharko da modua umeek arean kalera irten daitezen, baina etxe bueltan lorategi ederra daukan horrek, umea eskola osteko jarduerekin itota daukan horrek, egunero apenas seme-alabak ikusteko denbora daukan horrek… Nagusiek sortzen didate niri enpatia handiagoa, duda barik, eta beste kolektibo batzuek, eta beste herrialde batzuetako jendeak; baina beldurra norberarena eta norberarentzat; zer gertatuko litzateke… Txaloak entzuten ditut.