Natalia Salazar Orbe
Bizkaiko adinekoen egoitzetan 474 egoiliarrek dute COVID-19 gaitza, aldundiak emandako azken datuen arabera. Kopuru hori herenegungoa da, zenbakiak etengabe berritu eta bi egunik behin jakinarazten baitute kutsatuen kopurua. Horien arabera, gaixo horietatik 105 ospitalean daude. Martxoko datuen arabera, denera 182 egoiliar hil ziren; horietatik 33, koronabirusak jota. Egoitzetako langileei dagokienez, 140k eman dute positibo azterketetan, bi egun lehenago baino 54k gehiagok, eta 390 isolatuta daude.
Eusko Jaurlaritzak iragarri du test azkarrak egingo dizkietela egoitzetan sintomak dituzten denei. Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko enpresa batzordeak eskatua zuen neurri hori. Homologatutako babes neurriak beharrezkotzat jo dituzte. Hala esan du LAB sindikatuak. “Onartezina da langileek eurek plastikozko poltsekin egindako batak erabiltzea, maskarak aldatu eta berritu gabe hamar egunez egotea eta bestelako materialak falta izatea”.
Bereziki, premiazko neurriak aldarrikatu dituzte koronabirusak gogorren astindu dituzten egoitzetarako. Antolaketa lanetarako zailtasun handiak dituztela azaldu dute, denetariko baliabide falta dutelako. Birjinetxe, Zubiete eta Errekalde egoitzak dira egoerarik larrienean daudenak, LABen arabera, horietan baitago COVID-19 gaitzaren probetan positibo eman duten erabiltzaile kopururik handiena. “Ia erabiltzaile guztiak positibo dira horietan”.
Unai Rementeria diputatu nagusiak esan du babes neurri guztiak ezarriak dituztela egoitzetan. Krisia hasi zenetik lehenengo agerraldia egin zuen asteartean. Esan zuen 155 egoitzetatik 35etan daudela kutsatuak, eta ikuskaritzak areagotu dituztela. Joan den astean 248.000 maskara banatu zituzten. “Gehiago izatea nahiko nuke, baina babes neurriak falta dira Europa osoan”. Egoerarik okerrena asteon espero dute. Hortik aurrera, txarrena pasatuko dela esan du Rementeriak.
Egoiliarren heriotzen berri lehenik senideei, Osasun Sailari eta Fiskaltzari ematen dietela azaldu du. Jendaurrean kopurua hilean behin jakinaraztea erabaki dute. Bea Ilardia EH Bilduren Bizkaiko bozeramaileak kritikatu egin du erabaki hori: “Kopuru batek ez du inolako konfidentzialtasunik urratzen, baina gobernuari balio dio benetako egoera ezkutatzeko”.
Balmasedako egoitzako datuek ezinegona sortu zuten joan den astean: astebetean zazpi egoiliar hil ziren. Zaurgarrienak are zaurgarriago bilakatu diren egoera horretan, neurri zorrotzagoak hartu behar zituztela pentsatu zuten Gernika-Lumoko Kaltzada egoitzako langileek: hamabost egunez konfinatu dira, egoiliarrekin batera. Martxoaren 31z geroztik datorren asteartera arte, 47 langile adinekoekin batera bizi dira. BIZKAIKO HITZAk horietako batzuekin hitz egin du, posta elektronikoz. Erabakiaren arrazoiak azaldu dituzte: “Birusa egoitzan sartzea eragotzi nahi genuen. Egunero sartu eta irtenda, birusa barrura sartzeko arrisku handiagoa zegoela pentsatu genuen. Era horretan, gaixotasuna gure etxeetara eramatea ere eragozten dugu. Horrez gain, gaixotasunak beste egoitza batzuetan zuen eragina ikusita, eta txarrena iristear zegoela iragarri zutenez, bi aldeentzat zentzuzkoena zela pentsatu genuen”.
Denak “ondo” daude: “Adinekoak babestuta sentitzen dira. Lasai daude, badakitelako era honetan kutsatzeko arrisku txikiagoa dutela”. Beharrezko babes neurriak badituztela diote. Donazioak ere izan dituzte: maskarak eta babeserako pantailak, besteak beste. Eskerrak eman dizkiete gernikarrei jaso duten babesarengatik eta maitasun keinu guztiengatik.
Ezinduentzako egoitzak
Ezintasunen bat duten herritar asko ere egoitzetan bizi dira. Horiei buruz galdetuta, aldundiak esan du ez duela ematen egoitzotako daturik, “ez direlako arriskuko populazioa”.