Ibon Meñika Orue-Etxebarria
(Gernika Memoriaren Lekuko plataforma)
Batzuk nerabe edo gazteak ginen Martxoak 31 rock talde durangarraren bidez data horrek zuen esanahiaz kontzientzia hartu genuenean. Geroztik, 1937ko bonbek sorturiko sarraskia oroitu dugu martiaren amaierarekin. Berezia bada ere, aurten ere bai, Durangorekin batera.
1939. urteko apirilaren 1a: Burgosko kuartel nagusitik “la guerra ha terminado” esaldia bota zuen Francok, bi urte lehenago burututako altxamendu militarrari amaiera ofiziala emanez; jakin badakigu, ordea, amaierarik gabeko gerra izan zela hura.
Diktadurak zapalduta, Garaipenaren eta Bakearen urteen mugarri luzeek, izua, heriotza, erbestea, espetxea, kontzentrazio esparruak, lan bortxatuak, lapurretak, konfiskazioak, desjabetzeak, gezurra, eta ahanztura ezarri baitzuten.
Gaur egun etxeetan konfinatuak zaudeten asko No-Do-en bidez propaganda ugari ikustera behartuak izan zarete. Balio militarrak goretsiz, erregimenaren handinahi guztia azalarazten zuten garaiko dokumentu grafikoek.
Bada, ordea, oroitzapenerako tartea egun. Izan ere, gauero ikusten ditugu gerran gaudela adierazten duten militarrak telebistan, agerraldietan. Birus baten aurka egiteko zaintza, ikerketa, hezkuntza, osasun sistema, lan baldintzak, demokrazia eta eskubideak erdigunean jarri ezean, tankeek eta desfile militarrek salbatuko gaituztelakoan. Memoria izaten jarraitu beharko dugu aurrerantzean ere.
Izaera ezberdinez, aurtengo apirilak ere testuinguru historiko baten baitan kokatu gaitu. Ziurgabetasun handiko egun eta asteak izango dira, zalantzarik gabe. 83 urte geroago egia, justizia eta memoria aldarrikapenekin Gernikaren bonbardaketaren oroimena non eta nola uztartuko dugun ez dakigu. Dakigun bakarra da, aurten ere, egin egingo dugula.
Lerro hauek idazten ari garen unean, Antonio Alvarez-Solisen heriotzaren berri izan dugu. Iazko urteurren egitaraurako berarekin harremanetan jarri ginen, eta Gernika-Lumora etortzeko gonbita egina genion, osasunak laguntzen bazion. Esker onez uko egitera behartuta egon zen, bihotza Gernikan izango bazuen ere, gorputzak ez ziolako uzten. Bere hitzekin geratuko gara aurrerantzean, Gernikatik Gernika gehiagorik ez, ez hemen ez inon, aldarrikatzen jarraitzeko: “Para ser libres, hay que ser iguales. Cuando la libertad se da sin igualdad, nace la tiranía“.
Apirilaren 26 honetan ere Gernika-Lumon izango zara, Antonio. Gu guztiokin.
ARTIKULUA HONAKO HAUEK ERE SINATZEN DUTE:
Sabin Ibazeta, Aitor Iruskieta, Aitor Amutio, Jon Argintxona, Maitane Azurmendi, Hibai Muinozguren, Camino Saiz, Xabier Onaindia eta Maitane Uriarte.