Kutsatu tasa altuena du Basaurik

Kutsatu tasa altuena du Basaurik

Ibai Maruri Bilbao

Atzo Barakaldok eta asteburuan Getxok postua kendu arren, kutsatu gehien dutenen zerrendan Bizkaiko bigarren herria izan da egun gehienetan Basauri, Bilboren atzetik. 40.897 biztanle ditu, zoritxarreko lehiakideek baino dezente gutxiago; Barakaldok 296, Basaurik 271 eta Getxok 262 kutsatu zeuzkaten atzo. Beste datu batek erakusten du argiago koronabirusak Bizkaian gogorren jotako herria dela. Osasun eremu bitan banatuta dago: Ariz eta Kareaga. Arizek %0,62ko kutsatu tasa du, eta %0,68koa Kareagakoak. Kareagakoa da Bizkaiko tasa handiena. Gasteizko osasun eremu batzuetan baino ez dira neurtu handiagoak; larrienak, Abetxukon (%1,2), Sansomendin (%1,2) eta La Habanan (%1,1). Hain zuzen, Kareagakoa zen Euskal Herrian hildako lehen kutsatua: 82 urteko gizona Galdakaoko ospitalean zendu zen, martxoaren 5ean. Egun batzuetara hil zen emaztea.

“Martxoaren 7an deitu ziguten Osasun Sailetik, esateko kasu positibo bi zeudela herriko erretiratuen etxe batera sarri joaten zirenen artean”; hala gogoratu du Asier Iragorri alkateak zelan jakin zuen gaitza herrira iritsi zela. Harrezkero, gora eta gora egin du kutsatu kopuruak. Iñigo Isuskiza euskara irakaslea da, eta Basaurin bizi da. “Inork ez du ezer esaten, baina halako herrietan dena jakiten da: hildako bikotea bizitza normala egiten ibili zen, inork ez zekielako kutsatuta zeudenik. Sintomekin hasi zirenean, oraindik Bizkaian ez zen kasurik ezagutzen. Nire ustez, horregatik zabaldu da. Seguruenik inor ohartu baino lehenago iritsi zen birusa herrira”. Aitortu du “oso kezkatuta” daudela.

Alkateak ez daki zerk eragin duen tamaina horretako hedapena; osasun arduradunek ez diote horren inguruko azalpenik eman, baina badu susmo bat: 65 urte baino gehiagokoak %26tik gora dira herrian. “Adinekoen tasa altua dugu, eta oso antolatuta daude. Erretiratuen hainbat zentro ditugu”. Horregatik, martxoaren 7ko dei hartan Osasun Sailekoek lokal horiek ixteko gomendatu zioten, eta hala egin zuen. “Lehenengoetarikoak izan ginen kasu positiboak izaten, baina baita gaitzaren hedapenari aurre egiteko neurriak hartzen ere”.

Herriko erretiratuen lokal guztiak zarratu zituzten. Eusko Jaurlaritzak irakasle guztiak etxera bidali zituenean, Basaurik parkeak eta kirol kantxak zarratu zituen, kalean bildu ez zitezen. Gazteen lokaletara ere gerturatu ziren, zarratu eta etxera joan zitezen aholkatzera. Ostalariei astebururako ekintzak bertan behera uzteko eskatu zieten. Kaleak desinfektatzen lehenengoak izan ziren Bizkaian. Gero etorri ziren Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak ezarritako osasun larrialdi egoera eta alarma egora.

Osasun larrialdiaren eraginez, Osakidetzak COVID-19ari aurre egiteko talde bereziak sortu zituen Gasteizen eta Basaurin. Basaurikoa martxoaren 16an hasi zen. Arizko osasun zentroan, bada, solairu oso bat prestatu zuten arnas aparatuko eritasunen sintomak dituztenak artatzeko, eta beste solairu baten zati bat egoera berean zeuden umeentzako. Basauri osoari, Etxebarriri, Arrigorriagari, Zeberiori eta Ugaori ematen die zerbitzua unitate berezi horrek. Orain, osasun barruti guztietan ipini ditu Osakidetzak horrelako taldeak.

Arizkoan lan egiten duen erizain batek kontatu dio Bizkaiko Hitza-ri hango egoera. Ez du izenik eman gura. Azaldu du “lan karga itzela” izan dutela, baina ez direla “gainezka” ibili. Ezinean, telefono bidezko zerbitzuan egin dutela aitortu du. Hori konpontzeko zerbitzua ematen dieten beste herrietako osasun zentroetatik ere telefono arreta ematen hasi dira. Unitate berezi horiekin bi helburu lortzen direla esan du: batetik, osasun zentroko gainontzeko langileak gaitzetik babestuago egotea, eta, bestetik, unitateko beharginek esperientzia handiagoa lortzea gaitza antzematen eta jarraipena egiten.

Babes falta langileek

Funtzionamendua eta protokoloak unean-unean egokitzen direla esan du erizainak. “Lehen egunean bertan, adibidez, etxeko arreta zerbitzua ematen duten talde bat genuen goizez eta beste bat arratsaldez, eta ohartu ginen ez zirela nahikoa”. Unitate horren garrantzia azpimarratu du, uste baitu horrek lagundu duela euren osasun barrutiko ospitaleak gainezka ez egiten. “Guk detektatzen ditugu kasu positiboak, eta, larriak ez badira, guk artatzen ditugu. Soilik larriak joaten dira ospitalera. Gero, ospitalean sendatzen hasten direnean, etxera bidal ditzakete, eta hasieran ospitaletik eta ondoren gure unitatetik egiten diegu jarraipena”.

Salatu du babeserako neurriak falta zaizkiela osasun langileei. “Osasun zentroetara ez da ezer iristen”. Dena den, hiru asteotan “zorionez” ez da Arizko unitate bereziko lankiderik gaixotu.