Peru Azpillaga Diez, Ibai Maruri Bilbao, Natalia Salazar Orbe
Legearen arabera, presoen bakartzea zigor puntual bat da, eta ezin daiteke hamalau egun baino gehiago luzatu. Horretarako, espetxe guztietan bakartze moduluak daude, baxuak eta hezetasun handikoak. Patio txikiak dituzte, eta ziegetako leihoak hesituak izaten dira; baxuak direnez, bistak ere oso murritzak izaten dira, eta, normalean, metro batera dagoen horma bakarrik ikus daiteke”. Arantza Zulueta abokatuak (Lekeitio, 1960) hiru urte egin zituen egoera horretan espetxean. Azaldu du hamalau egun horietan presoa soilik bi orduz atera daitekeela patiora; legezko egunak gainditzen dituzten presoei lau orduz uzten diete patioan egoten. Gainontzeko denbora guztia ziegan igaro behar du. Eta han barruan arauak oso zorrotzak dira. “Arropa eta liburuak izan ditzakezu, baina ez ziega garbitzekorik —goizetan, 15 minutu ematen dizkizute garbiketa lanak egiteko—; ezin duzu azazkalak moztekoa edo orrazi bat izan”.
Presoentzat aukeratu gabeko egoera da bakartzea, zigorra. Baina beste batzuk euren borondatez daude bakartuta; esaterako, klausurako mojak eta fraideak. Sor Sion —hori du moja izena— (Madril, 1985) duela bederatzi urte sartu zen Beloradoko Santa Clara monasteriora (Burgos, Gaztela eta Leon, Espainia). Baina duela zortzi urte, bere ordenak, klaratarrenak, Artebakarran —Mungia eta Derio artean— duen komentura bidali zuten. Klausurako etxea da eurena, baina ez erabat hertsia. Izan ere, erromesentzako ostatu bat dute eta ondoan duten baserri batean landetxea atondu dute, diru sarrerak bermatzeko. Gutxi bada ere, batean zein bestean ostatu hartzen dutenekin harremana badute. “Mundu osoko jendea da”. Horrez gainera, mezatara edo orduen liturgiako otoitzetara joaten zaizkien fededunekin ere badute hartu-emana. Baina nekez ateratzen dira komentuko hormetatik kanpora. “Egunerokoan lan asko dugu egiteko, eta ez dugu bakartuta gaudela pentsatzeko astirik”. Aitortu du hasieran familiakoen eta lagunen hutsunea sentitzen zuela, baina orain ohituta dago haiek gabe bizitzera. “Oso pozik nago bizimodu honekin; zoriontsu naiz komentuan”.
Bakartze “atseginagoa”
Jon Egañak (Ondarroa, 1981) etxekoak ditu faltan lanean dagoenean. Montefrisa atunontziko arrantzalea da. Eta lau hilabeteko tarteak igarotzen ditu itsasontzian, etxera etorri barik. Edonora begiratuta ere, soilik itsasoa ikusten duela igarotzen du denbora hori guztia. 30 lagun egoten dira itsasontzian elkarrekin. Ondo bidean, ekainean itzuli beharko du itsasora, lehorreko egonaldiak ere lau hilabetekoak izaten dira eta. Bakartze batetik beste bakartze batera igaro da oraingoan: itsasontzikotik Ondarroako bere etxekora. “Hemengo konfinamenduan urtebete ere egin dezaket. Maite dugun jendearekin gaude hemen; ez denekin, baina behintzat emaztearekin eta alabarekin nago etxean”. Itsasoan haien hutsuneak egiten du bakarraldia gogorragoa izatea.
Eta bada bakartzea atsegin duenik ere. Enrique Etxebarria (Zeanuri, 1943) Gorbeiako azken artzaina da: “Bakarrik ere ondo egoten da. Egun osoan ez dut edukitzen geldirik egoteko astirik, entretenituta egoten naiz, eta konturatu ere ez naiz egiten bakarrik nagoenik”. San Pedro bueltan igotzen da Arrabako landan duen bordara ardiekin, eta han egoten da, bakarrik, abuztu hasiera arte, gaztak egiten. Hilabete luzea pasatzen du aparte, baina tarteka abeltzainak eta mendizaleak pasatzen dira handik, eta berbaldiren bat edo beste egiteko aukera izaten du. Gerora ere han izaten ditu ardiak, erditzeko sasoia iritsi arte, baina lotara etxera itzultzen da. Aurten, urtarrilean jaitsi ditu herrira. Erditu direnak kortan izaten ditu, eta besteak inguruko belardietan. Zeanurin emaztearekin bizi da. Baina, behean dagoenean ere, egunero, goizetik gauera, artzain lanetan ibiltzen da. “Gutxi ikusten dugu elkar”. Sasoi batean 300 burutik gora zaintzen zituen arren, gaur egun 150-160 baino ez dituela esan du.
Bakartze berezia da artzainena, mugitzeko askatasunik handiena dutelako. Etxebarriak Gorbeia osoa du beretzat, baina borda inguruan igarotzen ditu udako itxialdiko egunak, lanak kateatuta: “Goizean goiz eta iluntzean ardiak jezten ditut. Ondoren, gaztak egin behar izaten ditut, bai goizean bai iluntzean. Eta borda garbitzeko eta jatekoa prestatzeko denbora behar izaten dut”.
Artebakarrako komentuan ere antzeko zerbait gertatzen zaiela aitortu du mojak. Egun osoa ondo egituratua izaten dute. 07:00etan altxatzen dira, 07:30ean kaperan egon behar dutelako, goizeko errezoak egin eta meza ospatzeko. 09:45ean gosaldu, eta goiza beharrean pasatzen dute. Beste horrenbeste bazkaldu ondoren. Iluntzean, berriro ere otoitzera. Afaldu ondoren izaten dute denbora libre apur bat, eguneko azken errezoen aurretik. “Ordutegia igualtsua da astelehenetik zapatura; domekaz denbora libre gehiago izaten dugu. Baina ez pentsa errutinarik sentitzen dugunik. Egun guztiak ezberdinak dira komentuan”.
Itsasoko egunek ere ez ei dute elkarren antzik. “Ez dago lasaitasun tarterik. Lo egiteko, eta ozta-ozta. Lo ere tarteka egiten dugu”. Atunetan egunsentitik ilunabarrera ibiltzen dira. Gauez, berriz, nabigazio lanak egiten dituzte. Egun osoan dago zer egina. Horrek buruari pentsatzeko astia kentzen dio, eta gutxiago sentitzen dute etxekoen hutsunea. Hala ere, aitortu du lehen egunak eta azkenak gogorragoak egiten direla. “Ahalegina egiten da burua denbora motzera eramanda. Ez da pentsatu behar ‘oraindik beste hiru edo lau hilabete egon behar dut hemen’. Ez. Beti helburu txikiak ipini behar dira, eta etxea burutik kendu behar da. Bestela oso gogorra egingo litzateke; jasanezina”.
Egañak ulertzen du alerta egoeraren ondorioz etxean egon beharrak jendearengan sortzen duen egonezina. “Zertara ohituta zauden eta psikologikoki zer-nola prestatuta zauden, eragina dauka bakarraldia jasateko gaitasunean”. Bere buruak lau etapa igarotzen ditu itsasoan. “Ez da gauza bera lehen marea —lehen hilabetea, gutxi gorabehera— edo bigarrena, edo hirugarrena, edo laugarrena. Lehenengoan, etxetik indartsu etortzen naiz, eta lankideak ikusteko gogoz egoten naiz. Bigarrenean izaten dut nik animo beheraldia; hori da gehien kostatzen zaidana: hilabete daramat itsasontzian, eta hiru geratzen zaizkit oraindik; pasatutakoa baino gehiago pasatzeko. Hirugarrenean, aldapa leuntzen hasten da. Laugarrena, arin hasten da, baina amaitzea kostatzen zaio”.
Elkarbizitzarako gakoak
Bakartze egoera horrek eta norberaren animo gorabeherek bizikidetza arazoak ere eragin ditzakete. “Elkarren ondoan gaude momentu guztietan. Askotan, garrantzirik bako edozein tontakeriarengatik sortzen da haserrea. Baina, normalean, kontrolatu egiten da, gehiagora jo gabe. Ulertu behar da momentu bateko kontua izan dela, eta azkar ahaztu, pertsona horrekin bizitzen jarraitu behar duzulako”. Enpatia garrantzitsua dela esan du; bestea zelan senti daitekeen ulertzen saiatzea.
Komentuan ere izaten dute arazorik, nahiz eta euren eraikinak eta baratzeak handiak izateak beti elkarren ondoan egon beharra saihesten laguntzen dien. “Jaungoikoaren laguntza” ere badutela uste du: “Zuk bokazioa duzu, moja izateko deia jaso duzu, eta Jaunak horretarako grazia ematen dizu”. Elkarbizitza egunez egun ikasi behar dela azpimarratu du. Haren ustez, hau da lehen pausoa: “Pertsona bakoitzak ezberdin ikusten, ulertzen, bizitzen eta sentitzen du egoera bakoitza, txikikerietatik hasita. Hori argi izan behar da. Adibidez, batzuek gatz gehiago erabiltzen dute sukaldean, eta beste batzuek gutxiago, eta onartu behar da guk erabiltzen dugun kopurua gurea baino ez dela”.
Bestelakoa da bakarraldian dauden presoen egoera: ez dute elkarbizitzarik. “Beste presoekin dugun harremana, normalean, oihuka izaten da leihotik leihora edo patiotik patiora. Pare bat hitz, elkarri animoak emateko. Fisikoki inoiz ikusiko ez dituzun pertsonekin hitz egiten duzu”. Zuluetak aitortu du batzuetan preso sozialekin harremana ez dela erraza, nahiz eta berak ez duen sekula arazorik izan. “Bizitza gogorra izan dute kanpoan. Normalean, tratu txarrak jaso dituzte. Maitasuna eta babesa falta izan dute: sentimenduak kudeatzea kostatzen zaie. Baina nik asko balio duen jendea ezagutu dut”.
Zuluetak esan du presoak ez direla bakartzearen baldintza gordinetara ohitzen. Eta egoera horrek ondorioak uzten dizkiela. Berak kalera irtendakoan nabaritu zituen. “Barruan, aurre egiteko prestatzen zara; eusteko, gogortu egiten zara. Kaleratzen zaituztenean eta atzera begiratzen duzunean, konturatzen zara eta pentsatzen duzu nola den posible horrelako egoera batean bizitzea”. Beldurra, bertigoa eta segurtasun falta aipatu ditu besteak beste. Izan ere, kartzelan duten “une lasai bakarra” gaua da. “Gaueko preso zenbaketa egin ondoren, 21:00etatik 07:30era arte, badakizu ez dela inor agertuko, ez duzula arazorik izango”. Gainontzeko orduetan bizi izandako tentsioak arrastoa uzten du.
Osasun larrialdi egoera honetan kartzeletan dauden presoak gogoratu ditu. “Espetxeak oso zaurgarriak dira honelako pandemia baten aurrean. Behin birusa barruan sartuta, egoera ezingo da kontrolatu”. Neurri bereziak eta berehalakoak hartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Eta, gutxienez, gaixo dauden presoak, 70 urtetik gora dituztenak eta zigorraren bi herenak beteta dituztenak kalera ateratzeko.