Pangea

Igor Elordui Etxebarria

Duela 250 milioi urte, Lurreko kontinente guztiek Pangea izeneko lur masa handi bakarra osatzen zuten. Baina, apurka-apurka, plaka tektonikoak apurtzen joan ziren, Pangea banatu egin zen eta kontinenteak sortu ziren.

Pangea kontinenteetan banatzeak eragin handia izan zuen ingurumenean: espezieak jada ezin ziren aske mugitu lur-masa handi berean eta, geldiro-geldiro baina lotu barik, lekuan lekuko ekologia bakarrak garatzen joan ziren. Eta landare eta animaliek eboluzionatu egin zuten tokiko berezitasun horietara egokituz.

Hori izan zen, denboran hurrago, duela 70.000 urte gutxi gorabehera, gizakiak aurkitu zuen egoera planetan batetik bestera mugitzen hasi zenean. Eta horrela iraun zuen beste milaka eta milaka urtean. Orain dela 1.000 urte baino gutxiago dena aldatzen hasi zen arte. Europa itsasontziak bidaltzen hasi zen Ipar eta Hego Ameriketara, Asiara, Afrikara eta beste hainbat lekutara. Kontinenteak ostera konektatzen hasi ziren, baina ez plaka tektonikoen mugimenduagatik, ez arrazoi geologikoengatik, baizik eta gizakien joan-etorriengatik. Gizakiak produktu komertzialak, landareak, animaliak, euren kultura partikularrak, eta euren birusak garraiatzen hasi ziren batetik bestera. Izurri bubonikoa ekialdeko itsas portu batetik iritsi zen XIII. mendean Europara. Europarrek, bestalde, hainbat gaixotasun eraman zituzten Mundu Berrira: baztanga, elgorria, paperak, barizela, errubeola, tifusa eta kolera… Eta, harrezkero, mundua ez zen berriro berdina izango. Modu horretan hasi zen Pangearako itzulera. Edo beste modu batera esanda, globalizazioa.

Behinola, Norvegiako arratoiak munduko portu gehienetara iritsi ziren belaontzietan; etorkin eszentrikoek untxiak inportatu zituzten Australiara, eta zozoak Ipar Amerikara. Gauza jakina da zelako hondamendia eragin zuten bi espezieek kontinente horietan.

Globalizazioak, denboraren eta espazioaren mugak apurtuta, ezabatu egin ditu ekologia babesten zuten oztopoak. Gaixotasunak, onddoak, intsektuak, ugaztunak, anfibioak, hegaztiak, landareak… planeta osoan zehar hedatzen dira itsasontzi, hegazkin, helikoptero, automobil, motor, bizikleta, oroigarri, zapata, gorputz eta mugitzen den ia edozein gauzatan. Geraezina da jada espezieen joan-etorria; espezie batzuen zabalkundea eta, beraz, beste batzuen desagertzea. Zebra muskuiluak, bisoi amerikarra, liztor asiarra… Hiesa, gripeak, tifusa, ebola, koronabirusa… Eta gaixotasunak-eta aparte, giza kultura bereizgarrietan ere hondamendia eragiten ari da. Bidaiek, teknologiek eta hedabideek kutsatu egiten dituzte pentsatzeko eta ulertzeko “beste” modu batzuk. Ekosistema propiora ondo egokitutako bizimoduak suntsitzen ari dira, etengabe eta aspalditik, homogeneizazio-prozesu handi horren erruz. Azken hamarkadan ehun hizkuntza baino gehiago desagertu dira, adibidez. Eta geraezina da.

Globalizazioaren birusak eragiten du birusaren globalizazioa.