Peru Azpillaga Diez
Espainiako Gobernuak Durangoko trenbidearen lursailen inguruko herri galdeketa baimentzeko erabakia hilabete eta erdi atzeratu ostean, Erabaki plataformak komunikatu bat zabaldu du EAJ eta PSE-EE alderdien jarrera “oztopatzailea” salatzeko. Adierazi dutenez, udalean alderdi horiek herri galdeketaren alde agertzen diren arren, Eusko Jaurlaritzatik “atzeratzeko ahaleginak egiten” dabiltza, eta horren adibide da Espainiako Gobernuari galdeketaren inguruan igorritako txostena.
Durangoko udal gobernuarekin bildu ostean txostena ikusi dutela azaldu du plataformak. Haien esanetan, idatzian “ez da ageri legalki ezarritako epean galdeketa egiteko inolako interesik”. “Aurreko udal gobernuan EAJ eta PSE-EE alderdiekin gertatzen zen gauza bera orain Jaurlaritzan gertatzen ari dela egiaztatu dugu”. Salatu dutenez, hitzez baiezko jarrera azaldu arren, “haien ekintzek kontrakoa diote”. Durangoko Udaleko alderdi guztiek baiezkoa eman diote galdeketari. “Bi alderdi politiko horietatik, ordea, galdeketa oztopatzen dabiltza etengabe, prozesua luzatuz, atzeratuz eta eskura dituzten traba guztiak jarriz”. Hala ere, prozesua aurrera aterako dela berretsi dute: “Herritarron eskubidea da, gure herriko kudeaketaren eta espazio publikoaren erabileraren inguruan badugulako zer esan”.
Prozesuak laster bi urte beteko dituela azaldu du Xabi Zabala Erabaki plataformako kideak. Sinadura bilketa egin eta udalari aurkeztu ondoren galdeketa prozesua martxan jarri zela esplikatu du. “Oso prozesu luzea izaten ari da, baina hauteskundeen ondoren udal gobernua aldatu ostean [EH Bildu dago orain agintean], galdeketaren inguruko prozesua martxan jartzea lortu genuen”. Udalak idazki bat igorri zion Espainiako Gobernuari galdeketa baimentzeko, eta hiru hilabeteko epea zuten horren inguruan erabakitzeko. “Epea amaitu egin da, baina beste hilabete eta erdi atzeratu dute erabakia”, kexatu da Zabala.
Argudiatu duenez, Espainiako Gobernuak txosten bat eskatu zion Eusko Jaurlaritzari galdeketaren inguruko bere iritzia emateko. “Txosten horretan, Jaurlaritzak esaten du gatazka horretan interesak dituenez ez duela baloraziorik egingo, baina galdeketak zentzurik ez duela argudiatzen du, lursail horietan urbanizazio prozesu bat martxan dagoelako jada”. Zabalak esan du urbanizazio prozesu hori geldituta dagoela, edo hala egon beharko lukeela, horren aurkako hainbat helegite aurkeztu zirelako. “Hasieratik ez zaie interesatu galdeketa honekin aurrera egitea, eta txosten hori galdeketa oztopatzeko erabili duten beste trikimailu bat baino ez da izan, Madrilgo gobernua nahastu eta beste hilabete bat atzeratzeko prozesua”.
“Blokeo” egoeraren aurrean, Erabaki plataformak hainbat galdera plazaratu ditu. “Zergatik ez du Espainiako Gobernuak durangarren borondatea errespetatu nahi? Zer-nolako mesedeak zor dizkiete politikariek elkarri, kasualitatez edo ez, gobernatzeko batak bestearen beharra daukatenean?”. Plataformak denbora luzea darama galdeketaren prozesua aurrera eramateko lanean, eta ez dute ulertzen zergatik den instituzioentzat “hain zaila” herriaren eskubide demokratiko bat errespetatzea. “Pauta guztiak bete ditugu. Herritar talde batek eskakizun bat egiten badu legearen barruan, eta filtro guztiak pasatzen baditu, zergatik atzeratu behar da?”, galdetu du Zabalak. “Guk nahi dugun bakarra da jendeari galdetzea eta bakoitzak bere iritzia emateko aukera izatea; baina, zoritxarrez, trabak izatera ohitu gara”.
Prozesu “korapilatsua”
Durangoko trenbidea lurperatu ondoren herriaren erdialdean sortu den eremu hutsaren etorkizuna erabakitzeko sortu zen Erabaki plataforma. Lursail berri horretan, Jaurlaritzak, aurreko agintaldiko osoko bilkuraren oniritziarekin, hamazortzi solairuko bost dorre eta etxebizitza babestuen bloke bat eraikitzeko proiektua abiatu zuen iazko uztailean. Durangoko Erabaki plataforma osatzen duten kideak, ordea, ez datoz bat egitasmoarekin, eta obrak geldiarazi eta lursailaren etorkizuna erabakitzeko herri galdeketa bat egitea proposatu zuten. Geroztik aurreko udal gobernuak eta Jaurlaritzak “hainbat traba” jarri izana salatu dute. “Sinadurak aurkeztu genituenean, batzuk galdu egin zituzten eta ondoren aurkitu; obrak martxan jartzen saiatu dira, prozesua atzeratzen…”, jakinarazi du Zabalak.