Nora begiratzen den

Maite Berriozabal Berrizbeitia

Lehenengo eszena: Emakume bat agertzen da, oihuka. Negarra eta algara gorputz berean batzen direnean agertzen den keinua ageri zaio aurpegian. Haserre dago, harro ere bai, indartsu, eta, era berean, nazkatuta dago. Batzuetan, pedagogia egiteko gogoz iratzartzen da. Beste batzuetan, ez du izaten oinarrizko kontuak azaltzen aritzeko indarrik.

Bigarren eszena: Gerta zitekeen, bazekien. Gau txar baten ondoren, gorputzaldi eskasarekin esnatu da azkenean. Termometroan 38,2 gradu ageri dira. Koronabirusa izan daitekeela pentsatu du, eta ikaratu egin da. Sakelakoan Whatsappera iritsitako kartelaren bila hasi da. Aurkitu du Osakidetzako logoa duen informazio irudia. Ez dio garrantzi handirik eman nahi, baina arduratuegi dago horretarako.

Hirugarren eszena: Pasatutakoez ahaztea bezain garrantzitsua zaio gertatutako denaz ondo akordatzea. Lesbosen dago, ihesi dator. Faxista talde baten oihuak, irainak eta biolentzia iltzatu zaizkio buruan. Etxetik bota dutenek ez diote utzi nahi atseden hartzeko lur zati bat ere. Euria egiten duenean, zaildu egiten da dena kanpamentuan.

Laugarren eszena: Futbolzalea da, nahiz eta gizonezkoen futbola soilik jarraitzen duen. Badaki Sevillakoa egun handia izango dela. Bataren alde eta bestearen kontra dago. Lehenengo pertsona pluralean hitz egiten du bere taldeaz. Irabazi egin nahi du, baina, batez ere, ez du galdu nahi, ez besteen kontra. Euskal taldeak dira, pozten du horrek. Baina ez du galdu nahi, eta ez du nahi besteek irabaz dezaten.

Bosgarren eszena: Aholkulariak erakutsitako berba eta mugimenduekin azaltzen du datozen lau urteetan egingo duena. Koloreak, mikrofonoak, jendea, txalo zaparradak eta irribarre ikasi bat. Norberak sinistea baino sinetsaraztea da garrantzitsuagoa. Ez da asko falta apirilaren 5erako. Jendeak eman dezala botoa, eta gero gerokoak.

Seigarren eszena: Otsailaren 6az geroztik igarotako minutu bakoitzaren mina daramate gorputzean. Komunikabideen bitartez aurrean dutena ikusi nahi ez dutenei begira daude etxekoak. Zaldibarko zabortegian lanean zebiltzala desagertutako Alberto eta Joaquin ez dira oraindik agertu. Mina ageri da haiek maite dituztenen aurpegietan. Salaketa eta eskaria hitzetan. Ezinegona eta haserrea.

Albisteei erreparatzean, nire burua musikal ikusgarri baten aurrean imajinatzen dut. Agertokiaren erdian azaltzen den dantzaria agertu bezain azkar desagertzen da beste ertz batetik. Izkinan zegoenak hartzen du erdia, eta, ohartzerako, goitik behera jaisten da beste pertsonaia koloretsu bat. Nora begiratu ere ez dakizula zaude. Oholtzan dagoen denak dauka zentzua, dena da osotasun baten parte, baina zaila da zeri erreparatu erabakitzea. Dantza sinkronizatu eta ahots ederren erritmoek hara eta hona zaramatzate. Argiak gidatzen dizu begirada, eta ilunak ez dizu uzten ikusten zer ezkutatzen duen. Eragiten dizu zirrara bat sabelaldean, eta, gero, malkoak metatzen zaizkizu ahotik sudurrera bidean.

Eta hor zaude, dena ikusten duzulakoan ezer ikusten ez duzun sentsazio nahasi horrekin.