“Ehun pazientetik bati ez diote balio botika komertzialek”

“Ehun pazientetik bati ez diote balio botika komertzialek”

Ibai Maruri Bilbao

Atseden hartzeko asti barik, gel antiseptikoak egin eta egin dabil Gatikako bere farmazian Gorka Urruzuno botikaria (Ondarroa, 1976). “Koronabirusa dela eta, mundu guztiak nahi ditu, eta agortu egin dira; jendea erotu egin da”. Ez dira jaso dituzten eskaera guztiak asetzeko gai, eta azpimarratu du horrelako hornidura falta kasuetan oso erabilgarriak izaten direla formula magistralak egiten dituzten botikariak. Espainiako Formulazio Magistral Saria irabazi duen taldeko kide da.

Formula magistralak egiteagatik saritu zaituzte. Zer dira?

Botika bat da, baina pertsonalizatua. Beti egin behar da mediku baten errezetarekin, eta formula magistralean pazientearen izena eta medikuarena agertuko dira. Mediku jakin batek paziente jakin batentzat agindu duen botika pertsonalizatua da. Medikuak agintzen du zer osagai izan behar duen botikak, zein portzentajetan, eta emultsioa edo jarabea, edo zer nahi duen. Guk bakarrik egin dezakegu medikuak agindutakoa. Ezin dugu besterik egin. Eta errezeta gabe ezin dugu ezer egin.

Saria talde bati eman dizuete. Zer egiten duzue taldean?

Farmazialari formula egile bi eta mediku dermatologo bi izan gara sarituak. Hobekuntzak egin genituen botika komertzial batzuetan. Adibidez, botika bat baselinarekin eginda zegoen, eta ez da aurpegian jartzeko aproposena. Oso koipetsua da, dirdira ematen du aurpegian. Baselinaren ordez, krema bat jarri genuen, azalak hobeto xurga zezan eta estetikoki hobeto geratzeko. Beste kasu batzuetan, beste printzipio aktibo batzuk konbinatu ditugu. Adibidez, medikamentu batek antibiotiko bat zeukan, baina bakarra ez da nahikoa izaten infekzio bat gainditzeko, eta gehiago jarri ditugu errefortzu moduan.

Medikuak agindu gabeko produkturik egiten duzue?

Guk gure botikan kosmetikoak egiten ditugu. Adibidez, krema hidratatzaile bat egiten dugu. Hori sal genezake botikan errezetarik gabe. Baina botikak berez ezin dira asmatu, errezeta behar dute.

Ohikoa da botika batean formula magistralak egitea?

Urteko fakturazio osoaren %1 izaten dira formula magistralak farmazia normal batean. Botika industria sortu zenean aurrerakuntza itzela izan zen, kalitate aldetik bereziki. Baina horrek ekarri du beste ondoriorik: gehienentzat baliagarri dira industriak egindakoak, baina ehun pazientetik bati ez diote balio botika komertzialek. Adibidez, enalapril tentsio arterial altua dutenek hartzen dute. Piluletan nahi beste marka dituzu. Baina jarabe formatuan ez dago. Ume gutxi dago enalapril hartu behar duena, baina noizean behin agertzen da pazienteren bat, bihotzeko gaixotasun larriren batekin. Ez dago jarabe formatuan, industriarentzat oso garestia delako botika bat merkaturatzea. Milioiak inbertitu behar izaten dituzte. Beraz, botika hori oso paziente gutxik behar badute, ez zaie interesatzen, ez zaielako errentagarri egiten, eta ez dute egiten. Horrelako gauzetarako gaude botikari formula-egileak.

Farmazia guztietan egiten dira formula magistralak?

Osasun agintariek hiru maila sortu zituzten. Hirugarren maila da produktu esterilizatuak egitea: kolirioak, injektagarriak, begietarako pomadak… Bigarrena: krema eta emultsioak eta kapsulak. Eta lehen maila: soluzio topikoak, minokzilidoak eta gauza errazak. Farmazia asko daude lehen mailako produktuak egiten dituztenak. Gutxiago bigarrenekoak. Eta hirugarren mailakoak ere egiten ditugunak hamar farmazia inguru gara autonomia erkidegoan.

Orain, farmazia normal batek egin nahi ez badu, ez du arazorik: kontratu bat egin behar du egingo dion beste farmazia batekin. Hirugarren mailakoak egiten ez badituzu, kontratua izan behar duzu. Izan ere, formula magistralak edozein farmaziatan hartzeko eskubidea dauka pazienteak. Ez du etorri behar gure farmaziara. Euren etxe ingurukoan egiten ez badute, botikaria arduratuko da lortzeaz.

Herri txiki bateko farmazian, Gatikan esaterako, Bilbo erdigunekoan baino aukera eta denbora gehiago dago laborategiko lan hori egiteko?

Planteamendu desberdinak dira. Nik urte eta erdi daramat Gatikan. Lehen sorterrian egon nintzen, Ondarroan. Hona etorri nintzen farmazia txiki baten bila, herri txiki batean. Guk laborategirako metro koadro dezente behar izaten ditugu. Beraz, Bilboko Kale Nagusian ezingo dut lokal handi bat ordaindu. Arretarako gune txiki bat baina laborategi handia izango duen farmazia bat nahi nuen, eta mostradorera jende gutxi etorriko zaidan botika bat. Laborategian lau lagun ari gara lanean, eta mostradorean lan gutxi izaten dugu.Noizean behin pazienteren bat sartzen da, eta gu laurotako bat ateratzen da laborategitik zerbitzua ematera.

Zenbat denbora behar duzue formula magistral bat egiteko?

Farmazia batera joaten bazara errezetarekin, 24 orduan izan behar duzu produktua eskatu duzun farmazia horretan. Mundu honetan gauza gutxi daude hain espezializatuak eta azkarrak.