Musika estilo guztiek izango dute lekua Gernika-Lumon astebetez

Musika estilo guztiek izango dute lekua Gernika-Lumon astebetez

Peru Azpillaga Diez

Lekuek jaialdiak musikaz betetzen du urtero Gernika-Lumo, aste oso batez. Denbora horretan, antzoki bilakatzen dira herriko zenbait toki, musikazaleek musikazaleentzako atondutako jaialdian. Galdu zaitez, topatu egizu da aurtengo edizioaren leloa. “Galdu zaitez herrian zehar jaialdiak eskaintzen duen egitarau oparoari esker eta topatu gustatzen zaizun hori”, azaldu du Hibai Agorriak, Lekuek jaialdiaren antolatzaileetako batek.

Hainbeste musikazale dituen herri batentzat Lekuek jaialdiak “ekarpen handia” egiten duela deritzo Agorriak. “Jaialdia bera zaletasun horren adibide garbia da”, erantsi du. Musika estilo asko biltzen dituzten espazioen arteko harremanari esker sortu zen egitasmoa, eta, egun, herri osoan hedatu da, beste hainbat toki konkistatuz. “Horrek oso giro polita sortzen du herrian; gainera, hain jaialdi dinamikoa izanik, ez da toki edo gune batean isolatuta geratzen den egitasmo bat”, azpimarratu du antolatzaileak.

“Batik bat Iparragirre eta Trinkete musika elkarteen eta Astra sormen fabrikaren artean sortutako egitasmo bat da”, jakinarazi du. Azpimarratu du ordura arte herriko musika elkarteek hainbat kontzertu antolatu arren haien artean lankidetza gutxi zegoela. “Batu eta denen artean herri osoarentzako jaialdi bat sortzea erabaki zuten. Geroztik, zazpi urte igaro dira, eta gero eta jende gehiagok hartzen du parte Lekuek jaialdiaren antolakuntzan”. Kultur etxea laugarren hanka modura batu zela azaldu du, eta, apurka-apurka, herriko tabernak ere gehituz joan direla esan du.

Agorriak nabarmendu du jaialdiaren antolakuntza guztia lan boluntarioaren bidez egiten dela, eta, beraz, alde horretatik, azpimarratu du erabat autogestionatua dela. “Oso egitasmo berezia da, herriko lekuek garrantzi handia hartzen dutelako. Mugimenduan zaude denbora osoan, eta, beraz, gauza asko deskubritzeko aukera dago”.

Kartelari lotuta, aniztasuna bermatzen saiatzen direla nabarmendu du Agorriak. “Toki bakoitzak estilo bat garatzen du, eta gero hori kartelean islatuta geratzen da”. Horrez gain, estilo berriak ere ekartzen dituztela nabarmendu du, eta adibide modura aipatu du aurten lehenbiziko aldiz antolatu duten Sound System-a. Bestetik, aitortu du “apustu berezia” egin dutela Pony Bravo taldea ekartzeko. Era berean, Trinketeren azken urtea izango dela zehaztu du Agorriak, eta, beraz, bertan kontzertu “emotiboak” izango direla uste du: “Lisabok emango du bertan jaialdiko azken kontzertua, eta benetan berezia izango da”.

Bertako eta kanpoko artistak

Oro har, jaialdiaren kartela bertako eta kanpoko artistak nahastuz osatzen dute: “Bertako taldeei aukera eskaintzen zaie, baina kanpoko talde bereziak ekartzeko ere aprobetxatzen dugu”. Izan ere, urte osoan Gernikan dagoen musika eskaintza goraipatu du Agorriak: “Asteburuero dago kontzerturen bat; beraz, Lekuek jaialdian gauza bereziak egiteko aukera baliatzen dugu”. Azkenik, genero aldetik ere jaialdiko artisten kopurua parekidea izateko ahalegina egin dutela erantsi du. Martxoaren 8a jaialdiak irauten duen egunetan izango denez, gainera, emakumeen eta musikaren eguna antolatu dute.

Herriko tokietan zehar hedatzen den jaialdia izanik, herritarren inplikazioak ere denborarekin gora egin duela deritzo Agorriak. “Ilusioz hartzen dute kartelaren aurkezpena, eta, datak hurbilduz doazenean, jendea emozionatzen hasten da”. Tabernek ere ekarpena egiten dutela azaldu du, eta, pixkanaka, elkarlana gero eta handiagoa izaten da. “Jaialdia aurrera ateratzeko boluntario ugari dago, txandak egiten, sarreretan, bideoak grabatzen… denetarik”, azpimarratu du.

Artistentzat ere jaialdi berezia dela azaldu du Agorriak. Esate baterako, musikari guztiek batera afaltzen dute Astran. “Jaialdiko gauzarik onenetakoa izaten da, oso polita; artista denak elkartzen dira mahai beraren inguruan, talde desberdinetakoak, estilo desberdinetakoak… Eta jendeak etxean egindako postreak ekartzen ditu. Giro berezia sortzen da”. Beste jaialdi batzuekin konparatuta, Gernikakoan hurbiltasun gehiago dagoela deritzo: “Askoz ere tratu pertsonalagoa izaten dugu hemen”.