Peru Azpillaga Diez
Hamaika txokotatik etorritako orkestra sinfonikoak, eta tokian tokiko musika kontserbatorioak. Mundu osoan aintzatespena duten artistak eta musika klasikoan lehen pausoak ematen ari diren ikasleak. Musika-Musica jaialdiak musika klasikoaren nazioarteko topagune bilakatuko du Euskalduna jauregia datorren ostegunetik igandera, eta mota askotako kontzertuak izango dira.
Urtero martxoan antolatzen den musika klasikoaren jaialdiak erregistro askotako ikuskizunak biltzen dituen egitarau oparoa osatu du aurten ere. Ostegunean abiatuko da, Vanessa Goikoetxea sopranoak Bilboko Koral Elkarteak eta Erik Nielsen zuzendariak emango duten irekiera kontzertuarekin eta aurtengo gai nagusiaren inguruko hitzaldi batekin: Paris. Ondoren, ia etenik izango ez duen egitarau zabala aurkeztuko du Musika-Musicak; Euskalduna jauregiko sei gunetan egingo dira ekitaldiak. Aipatzekoa da, prestigio handiko kontzertuetarako ez ezik, hitzaldientzako eta tailerrentzako lekua ere egiten duela Bilboko jaialdiak bere egitarauan.
“Musika-Musicak ez dauka musika klasikoaren ohiko programazioren formatua”, adierazi du Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak. “Hori dela eta, entzule multzo heterogeneoa eta adin guztietakoa erakartzen du”. Erantsi du programa “bizia” osatzen dutela hori bermatzeko: “Entzule berriak erakartzeko asmoz, programa bizia eskaintzen saiatzen gara; horregatik, emanaldien batez besteko iraupena ez da ordubetera iristen”. Era berean, jaialdiak duen beste ezaugarrietako bat azpimarratu du Olabarriak: eraikin bakarrean kontzertu ugari egiten dira, aldi berean. Oro har, jaialdiak “musika klasikoaren festa handia” izateko zer beste ezaugarri dituen ere aipatu du: artistek diskoak sinatzea, entzuleak kontzertu aretoen artean ibiltzea eta kontserbatorioen eta musika eskolen emanaldiak.
Edizio bakoitzean, Musika-Musicak gai edo ardatz nagusi bat izan ohi du, eta, aurten, Paris hautatu dute. Olabarriak adierazi duenez, hainbat gertaera eta momentu historikok Paris bilakatu zuten lehen mailako kulturaren epizentro eta nazioarteko topagune. “Bertara iritsi ziren Europa guztiko artistak, Parisek eskaintzen zizkien aukera eta askatasunek erakarrita; horregatik aukeratu da 2020ko jaialdiko protagonista izateko”.
Aurten, hemeretzigarrenez egingo da Musika-Musika. Olabarriak nabarmendu duenez, denbora horren guztiaren ondoren, jaialdiak ez du aldatu bere helburua: “Musika klasikoa zabaltzea eta herritar guztiengana eramatea”. Izan ere, gogoratu duenez, jaialdiak “programazio zabala, maila handiko musikariak eta denen esku dauden prezioak dauzka”. Adibide modura, azaldu du iazko Londres-New York programak aurreko edizioetako joerari eutsi ziola, 30.000 lagun inguru erakarrita.
Kanpoko joerei begira
Orain dela hiruzpalau urte, zenbait herrialde edo hiritan jarri zuen begirada Musika-Musika jaialdiak, eta horietan jaiotako konpositore eta artistak omendu. 2017an, Bohemia aldera jo zuen. 2018an, Europako Gerrartean (1914-1945) sortutako konposizioak izan ziren jaialdiaren ardatz. 2019an, Londres eta New Yorken sortutako musika. Lehenagoko edizioetan, konpositoreen inguruan ospatu ziren jaialdiak; hala nola, Mozart, Beethoven, Bach, Schubert edota Chopin. Aurtengo kartelari lotuz, berriz, Harmonia jainkosaren presentzia nabarmendu du Olabarriak. Parisko operako dorreetako batean gailentzen den irudia da Harmonia. “Abstrakzio musikala eta sentimentala irudikatzen du; hau da, oreka edo konkordia”.
Oreka da, hain zuzen ere, jaialdiaren antolatzaileek egitarauaren bidez lortu nahi dutena dutena. Aurtengoari erreparatuta pianoaren presentzia aipatu du Olabarriak berrikuntza gisara: “Pianoak leku berezia hartuko du aurten, lau eskuetarako piano kontzertuekin eta bi pianorako kontzertuekin”. Joaquin Atxukarro “maisuaren” parte hartzea horren erakusgarri dela dio. “Lehen aldiz arituko da Musika-Musican, kontzertu oso berezi batekin: Falla, Ravel, Chopin, Scriabin, Debussy eta Albenizen obrak interpretatuko ditu”. Pianoari eutsiz, Katia eta Marielle Labeque ahizpa frantziarren presentzia ere goraipatu du; piano bikote garaikiderik ospetsuenetako bat, Labeque ahizpak izenez ezagunak.
Artista ospetsuenekin batera, urtero legez, tokian tokiko hainbat kontserbatoriotako eta musika eskoletako ikasleak ere arituko dira. “Eurentzako aukera paregabea da, gertutik ikus dezaketelako musikari eta artista profesionalek nola egiten duten lan”, esplikatu du. Jaialdia egin aurretik, kontserbatorioetako zuzendariek euren proposamenak igortzen dizkiete antolatzaileei, eta urte horretako gaiaren arabera kontserbatorioen egitaraua osatuz joaten direla azaldu du.