Peru Azpillaga Diez
“Larrabetzu Burdin Hesiaren alboan kokatuta dagoen herria da. Hain zuzen ere, hemendik apurtu zuten defentsa lerroa faxistek, eta horren lekukotza gordetzen duten aztarna ugari topatu daitezke oraindik”, jakinarazi du Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkateak. “Hori dela eta, uste genuen bazela garaia aurrerapauso bat eman eta herritarrekin batera memoriaren gordailu eta erreferente bat sortzeko”, zehaztu du.
Aurrerapauso hori Anguleri kultur etxean estreinatu berri duten Memoriaren Espazioa interpretazio zentroa izan da. Orain dela lau urte inguru martxan jarritako prozesu parte hartzailearen emaitza da zentroa, eta, oraindik guztiz osatuta egon ez arren, herriko memoria egitasmoen epizentro bilakatu nahi dute. Larrabetzuko oroimen historikoaren berreskuratze lanak erakusteko eta haiei lotutako gertaera historikoak azaltzeko helburuarekin sortutako gune bat da, betiere giza faktorea jarriz erdigunean. Memorial bat, oroimena zaindu eta biktimei ohore egiteko leku bat. Horretarako, ikus-entzunezkoak, testuak eta udalerrian bertan jaso eta herritarrek emandako objektuak erabili dira.
“Proiektuaren zailtasunik handiena erakusketa Anguleriko aretora egokitzea izan da; hau da, hark urtean zehar jasotzen dituen ekintzen (hitzaldiak, mahai inguruak…) eta erakusketaren arteko bateragarritasuna lortzea”, azaldu du Gazteluk. Azkenean, aurkitutako irtenbidea hormen kontra biltzen diren panel tolesgarriak jartzea izan da. Panel horiek eta zona honetan topatutako zein herritarrek emandako objektuak biltzen dituzten bitrinak ikusgai daude jada. Bigarren fasean, gerra eta haren ondorioak bizi izandako herritarren testigantzak biltzen dituen ikus-entzunezko bat proiektatuko da.
“Orduan, badugu alde batetik memoriaren inguruan lan egiteko gune berri bat, herritarrak eta bisitariak erakartzeko eta gure historia ezagutarazteko; baina baita gai horren inguruan ibilbideak eta egitasmoak antolatzeko erreferentziazko espazio bat ere. Gainera, denborarekin erakusketa desberdinak egitea espero dugu, betiere oinarri memoria hartuta”, azpimarratu du Gazteluk.
“Asmoa, gainera, ez da soilik gerra kontuetan gelditzea”, erantsi du Gazteluk. Izan ere, argudiatu duenez, 1936ko gerraren kontakizuna egiteaz gain, horrek herriko bizilagunengan izan zituen ondorioen aitortza ere egin nahi dute, osteko urteetan bizi izandakoaren testigantzak bilduz. Ohartarazi duenez, helburua ez da izan soilik gerrako materiala biltzea, baizik eta gerra osteko hamarkadetako bizitza islatzen zuten objektuak pilatzea ere. “Herritarren parte hartzea funtsezkoa izan da: eskolako materiala, argazkiak, liburuak… garai hartako egoeraren berri ematen duen material asko ekarri dute”.
Larrabetzuko Udalak garai hartako memoria berreskuratzeko egindako apustua nabarmendu du Gazteluk. Gogoratu duenez, jasandako “beldurraren” ondorioz hamaika izan dira haien bizitza guztia mutu eman duten pertsonak, eta, orain, egindako lan guztiari esker, horietako askok “ahotsa berreskuratu” dutela nabarmendu du. “Uste dugu herritar horien guztien istorioek garrantzi handia dutela, historia ahazten baldin baduzu, errepikatu egin daitekeelako. Hemen, zoritxarrez, jendeak ez du ezer kontatu”. Horregatik historiaren zati bat “ezkutatu” egin dela salatu du. “Jende batek ez du inoiz bere testigantza kontatu. Garai hartan izandako beldurragatik, beren barnerako gorde izan dute dena, eta hori berreskuratu egin behar da, bai guri eta bai gure seme-alabei kontatzeko”, argudiatu du. Alde horretatik orain arte “lan gutxi” egin dela dio.
Parte hartzea oinarri
Orain dela gutxi arte, memoriaren gaiari lotuta egin diren egitasmo guztiak herritarren aldetik etorri direla jakinarazi du Gazteluk. Horregatik, udaletik hasieratik izan zuten argi haiek bultzatutako edozein egitasmoren oinarria parte hartzea izan behar zela. “Herritarrak izan dira urtetan zehar borroka hau aurrera eraman dutenak, eta horregatik proiektu ireki bat sortzea erabaki genuen”. Hainbat saiakera eta egitasmoren ostean, orain dela bi urte Kataluniako Stoa enpresarekin harremanetan jarri ziren, eta memoriaren interpretazio zentroaren proiektua abiatu zen.
“Stoak antolatuta, batzar ireki batzuk egin ziren herrian, eta, horretaz gain, memoria berreskuratzeko lanean zeuden pertsona eta elkarteekin hitz egin zen zuzenean”. Horrekin guztiarekin aurreproiektu bat egin zen, eta 2019. urtearen amaieran hasi zen garatzen. “Orain zentroa jarri dugu martxan, baina honekin ez da ezer bukatzen; nahi duguna da salto bat eman eta egitasmo berriak bultzatu, jende gehiago inplikatzeko lan honetan”.
Era berean, parte hartzea bermatzeko teknikari bat kontratatu zen. “Benetan lagungarria izan da; gauzak ordenatu, helburuak zehaztu, eta, apurka-apurka, lana aurrera ateratzea lortu dugu”. Lan hori garrantzitsua izan da, baina Gazteluk herritarrek erakutsitako jarrera ere goraipatu du: “Udal eta herri elkarteen arteko lankidetza da gakoa; elkarlan hori da proiektu honen oinarria”.
Izozmendiaren punta
Interpretazio zentroa Larrabetzuko memoria ondareari balioa mateko proiektuaren erdigunean egon arren, beste hainbat lan lerro ere biltzen ditu egitasmoak. Bost lan ildo nagusi ditu Stoak garatutako proiektuak: Jaso, Zaindu, Zabaldu, Erein eta Saretu. Memoria gordetzeko, lehenbizikoz jaso egin behar da, eta, horretarako, leku, bizipen, agiri eta objektuen bilketa sustatu nahi da ildo horren bidez. Ondoren, batik bat, inguruneko lekuak eta objektuak zaintzeko neurriak ere bultzatuko dira.
Horrekin batera, Larrabetzuko gune osoan gordeta dagoen memoria hori zabaltzeko hainbat jarduera garatuko dira: bisita gidatuetatik hasi eta memoriaren mapa bat osatzeraino, tokian tokiko interpretazio eta informazio paneletatik igaroz. Hori guztia biribiltzeko estreinatu berri den interpretazio zentroa Erein atalaren parte da, memoriaren inguruko sentsibilizazio eta kontzientziazio jarduerak bilduko dituelako. Azkenik, proiektuaren azken ildoak erakunde eta herrien arteko elkarlana bermatzea bilatuko du, saretzearen bidez.
“Zentroak proiektu guztiari bultzada emango diola uste dugu”. Aurkezpena egin berri, Gaztelu pozik azaldu da herritarren partetik izandako erantzunarekin: “70 bat lagun bildu gara, eta gehienak nahiko harrituta atera dira; batik bat, espazioak lortu duelako balioaniztasun hori mantentzea”. Erakusketa ostiralero zabalik egongo dela jakinarazi du, eta, gero, uda partean, herritik igarotzen diren bisitariei luzatzeko asmoa dutela ere aipatu du. “Donejakuera doazen erromesen bidea igarotzen da gure herritik, eta hainbat hizkuntzatan idatzitako triptiko batzuk osatuko ditugu, erakusketa haientzat ere erabilgarria izan dadin, eta hemen jaso zenaren berri izan dezaten”.
Azkenik, Larrabetzuko bizilagunen testigantzekin material berezi bat prestatuko dutela azaldu du, “herritik jasotako dokumentazioa herriari itzultzeko”.