Maite Berriozabal Berrizbeitia
Bi aste daramatzat nire azazkalen alde eta nire buruaren kontra (feat. Maialen Lujanbio). Azazkalak jateari uzten ari naiz. Ez da erraza. Atzamar ertzetako azalei haginka egin ez arren, konturatu orduko aho bueltan izaten ditut eskuak. Nahi baina ezin, ahal baina nahi ez. Bi aste esan dut, baina, egiari zor, hamabost egun daramatzat. 33 urte beteko ditut aurten eta esango nuke 13 urte nituenerako azazkalei koska egiten profesionala nintzela. Hogei urtetan errotu, perfekzionatu eta neureganatu dudan eguneroko ohitura bat ahazteko borrokan ari naiz.
Ahaztu gura dudana inoiz baino presenteago daukat. Ordenagailuko teklatuan idazten hasi eta hortxe azazkalak. Erosi berri dudan plastikozko poto bati pegatina kentzerik izango ez dudalakoan azazkalez akordatzen naiz. Poltsa barruan aztarrika hasi eta barruko kremaileraren ertza alderik alde ukitzen du azazkal zorrotzaren puntak: zirrara arraro bat. Ikasi egin nahi dut azazkalak jan gabe bizitzen, eta ikusi egin nahi ditut azazkalak hazten.
Azazkaldun berria naiz. Edo behin azazkaldun izandakoa eta hogei urte beranduago berriz azazkalduntzen hasitakoa. Neure burua kokatzen ari naizen honetan, inguruan ditudanen eskuei erreparatzen diet ia obsesiboki. Orain kontua da ez dakidala nondik aterako dudan azazkalak jatera bultzatzen ninduen ezinegona. Barruan neukana ateratzeko modua zen atzamar puntei kosk egitea, eta orain zer? Janariz edo hitzez beteko dut azazkalek utzitako ahoko hutsunea? Ez dakit. Hamabost egun ez dira asko, eta izan daiteke motibazioa galdu eta berriz hastea hatzak ahoratzen. Esan didate 21 egun direla ohitura bat barneratzeko behar den egun kopurua; seiren faltan nago, beraz.
Moztu arren hazi egiten dira azazkalak, berez. Hildakoan ere hazten jarraitzen ei dute. Kontrolatu ezin ditugun berezko indar asko daude. Etxeak eraikitzeko ibaiak desbideratu arren, berandu baino lehen urak bere bidea egiten du. Antzeko zerbait gertatzen da desioarekin ere; bizitza osoa gauza jakin batek erakarri behar zaituela tematuta pasa arren, desioak zirrikituak eraikitzen ditu gugan. Nahi genukeen baino indar gutxiago dugu, baina uste dugun baino gehiago.
Eta hor dago koska: kosk egin ala ez egin. Zelan jakin zenbat dagoen gure esku eta zenbat ez. Nork erabakitzen du zenbat neurtu behar duen azazkal batek. Nola orekatu nahia eta beharra. Nola ez gupidatu zure atzamarrez dutxatik irteterakoan. Noiz utzi gertatzen eta noiz hartu kontrola. Nola jakin zein den mina eragingo dizun azal milimetroa. Non jarri muga edo nola ikasi muga onartzen. Zenbat odol da nahikoa odol. Noraino jan eta zenbat utzi hazten.
Urteak daramatzat azazkalak kontrolpean hartuta, ez diet eskuetatik ihes egiten utzi. Beharbada beste ezer kontrolatu ezinak eraman nau atzamar puntetako azalak agertu ahala hozkada batez desagerraraztera. Posible da nire esku zeudelako hartu izana atzamarretako ertzak azpian. Orain hamaseigarren egunaren bila noa, noizbait arbelen batean diagonalean nire azazkalen marka zaratatsua uzteko fantasiarekin.