Ibai Maruri Bilbao
“Euskara sustatzea eta eragileei laguntzea da Euskararen Etxearen helburua”, zehaztu du Bizkaiko Diputazioko Euskara zuzendari nagusi Xabier Arauzok. Zeregin horretan ahalegin handiagoa egiteko, Euskararen Etxea berritze prozesuan dago. Izan ere, arduradunek uste dute azpiegitura gehiago erabil daitekeela. Lehen fasea bukatu dute, eta dagoeneko hasi dira aldaketak nabaritzen. Besteak beste, ordutegia zabaldu dute erabiltzaileen beharretara egokitzeko. Urtarrilean egin zuten aldaketa. Astelehenetik barikura bitartean 08:00etatik 20:00etara dago irekita; zapatuetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. “Honek leiho zabalagoa irekitzen die euskara sustatzeko lanean ari diren eragileei”, nabarmendu du Azkue fundazioko zuzendari Iurdana Acasusok. Zerbitzu guztiak kudeatzeko eta ezagutzera emateko webgune berria sortu dute: www.euskararenetxea.eus.
Bilboko San Ignazio auzoko Agoitz plazan dago Euskararen Etxea. Duela hamabost urte sortu zuten Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak, elkarlanean; diputazioaren jabetzakoa da eraikina. Harrezkero, Azkue fundazioaren eskuetan dago azpiegituraren kudeaketa. Hiru zerbitzu eskaintzen ditu: erabilera anitzeko aretoen lagapena, euskararen interpretazio zentroa, eta lantegi kolaboratiboa. Lau areto ditu Euskararen Etxeak: Ele, Hitz, Berba eta Mintzo.
Azken hilabeteetan askotariko ekitaldiak edo ekintzak egin ahal izateko egokitze lanetan ibili dira. Besteak beste, soinu kateak berritu dituzte, wifi sarea indartu dute, eta baliabide teknologikoz hornitu dute Euskararen Etxea. Euskalgintzako hainbat eragilek dute egoitza eraikineko hirugarren eta laugarren solairuetan. Azkue fundazioak berak, Ikastolen Elkarteak, Euskaltzaleen Topaguneak, 111 Akademiak eta Euskal Kulturgileen Kidegoak dute bulegoa lantoki kooperatiboan. Datozen hilabeteetan egingo dituzte esparru hori egokitzeko lanak, eta datorren urterako prest egotea espero dute. Eragile gehiago jasotzeko lekua dutela ohartarazi dute.
Azkenik, Euskararen Interpretazio Zentroa egokitzeko asmoa iragarri dute. Euskal Herrian euskararen inguruko erakusketa iraunkor bakarra da, eta 5.000 eskola ume inguru igarotzen dira urtero. Berritu dute dagoeneko eskola programaren lantegia; Azkuek egin du, Ikastolen Elkartearekin. Erakusketa bera ere egokitzea da asmoa.