Maite Asensio Lozano
Erriberako merkatuan festa pribatuak egiten ari dira egun hauetan. Bilboko Udalak baimena eman dio MAN Truck & Bus enpresari gauez ekitaldiak antolatzeko gastrotabernen eremuan. 30 egunez egingo dituzte jai horiek: joan den astean hasi ziren, otsailaren 10ean, eta martxoaren 24ra arte segituko dute. SOS Alde Zaharra elkartea kritiko mintzatu da; gogora ekarri du merkatua espazio publiko bat dela, eta halako ekitaldiek eremua pribatizatzea dakartela. Gainera, ez du uste halako jarduerek bizilagunen premiei erantzuten dietenik; beraz, udalari presio egitera deitu du, “Alde Zaharra merkataritza gune soil gisa sustatzeari utz diezion, eta auzokideon arazoak erdigunean jar ditzan”.
Ez da Erriberako merkatuan horrelako ekitaldi bat antolatzen den lehen aldia. Antzeko festa batzuk egin zituzten iazko irailean, Volkswagen enpresak Charge-up Kongress jaia ospatu baitzuen bertan. “Auzoko bizilagunei eta merkatariei ezer jakinarazi gabe antolatu zuten, eta eragozpen asko izan ziren: zarata handia egin zuten, autobusak errepidean pilatu ziren, merkatuaren kanpoko terrazan jende asko bildu zen ordu txikietara arte…”, gogoratu du Iñigo Santxo SOS Alde Zaharrako kideak. Merkatuaren espazioa bera pribatizatu zutela erantsi du: “Egunean zehar ere parte bat itxita egoten zen: ezin zen gastrotabernetatik pasatu”. Ezinegon handia sortu zuen egoera hark, eta Alde Zaharreko auzotarrek mobilizazioak antolatu zituzten hainbat egunetan.
“Ez dakigu iazkoa zer baimen motarekin antolatu zuten; galdetu dugunean, inork ez digu informaziorik eman”, adierazi du Santxok. Iazko kexen ondorioz, baina, aurten irizpide batzuk ezarri ditu Bilbao Zerbitzuak udal erakundeak —merkatua kudeatzeko eskumena du—. Hori dela eta, azken egunotan giro lasaiagoa izan da festen inguruan; besteak beste, merkatu barruan gordetzen ari direlako bezeroak eta gonbidatuak. Santxok onartu du kexa gutxiago jaso dituztela: “Beste modu batera egin dituzte gauzak: adibidez, merkatariekin harremanetan jarri dira, nahiz eta ez dieten aukerarik eman ekarpenik egiteko, udalak jarritako baldintzen gainetik. Baina guk ez dugu salatzen soilik ikuspegi tekniko hori, baizik eta azken urteetan kapitalak auzoan izan duen inpaktua, eta horrek sortu duen kalte ekonomikoa, urbanistikoa, psikologikoa eta abar”.
Hiri “modernoa”
Oraingoan, kamioi eredu berria sustatzeko kanpaina egiten ari da MAN, eta Bilbo “hautatu” du, hiri “modernoa” delako, aldi berean “langile klasearen izaera” duelako, eta hala, enpresaren “balioen” adierazgarri delako, Bilbao Zerbitzuak udal erakundeak baimen agirian adierazi duenez. Hiru tokitan antolatu ditu enpresak kanpainako jarduerak: BECen (Barakaldo) ari da produktuaren zabalkuntza jorratzen; Bilboko portuan (Santurtzi) kamioiak erakusteko eta gidatzeko probak egiten ari da; eta Erriberako merkatura eraman ditu “ostalaritza eta bizikidetza” jarduerak.
Egunaren arabera, 20:00etatik 00:00etara edo 01:00etara egiten dituzte ekitaldi horiek merkatuan, eta, horretarako, gastrotabernen eremua itxi egiten dute, soilik MANen bezeroak sartu ahal izateko; 20:00ak baino lehen ere itxi egiten dituzte tabernak, ekitaldiak prestatu ahal izateko. Guztira 4.000 pertsona espero dituzte jai horietan, 50 eta 200 lagun arteko txandetan. Martxoaren 24ra arte, astero gutxienez bi egunetan egingo dituzte ekitaldiak: datozen hiru asteetan, astelehenetik ostegunera; martxoaren 16ko astean, ostiralera arte; eta azken astean, hilaren 23an eta 24an.
Hala, hiri ereduaren inguruko eztabaida azaleratu du berriro Erriberako merkatuaren erabilera pribatu horrek. Bilbao Zerbitzuak-en dokumentuak aitortu duenez, halako kanpainak oso garrantzitsuak dira “Bilboren irudia nazioartean sustatzeko ekitaldietarako hiri gisa”. Turismoa erakartzea ere aipatu dute udal iturriek txostenean: helburu dute “merkatua eta Alde Zaharra indartzea merkataritzarako eta aisialdirako erreferente moduan”, eta asmoa dute “Alde Zaharrari lotutako produktu turistikoak martxan jartzea, Erriberako merkatuaren bidez”.
“Bizilagunak botatzen”
Hain justu, horregatik uste du SOS Alde Zaharra elkarteak halako jarduerak auzitan jarri behar direla. Turismoaren goraldiarekin nabarmen kezkatuta agertu da Santxo: “Hori da azken urteetan Alde Zaharrean hedatzen ari den joera. Eta turistifikazioaren ondorioz, bigarren mailako herritar bihurtzen ari gara. Bizilagunak auzotik botatzen ari dira apurka, etxebizitzen merkatua turismora bideratzen ari direlako eta izaera komunitarioa galtzen ari delako, auzo bizitza garatzeko aukerak murrizten ari baitira”. Adibide gisa jarri du Zazpikaleetan zein inguruan urte gutxitan gertatutako paisaia aldaketa: “Lehen merkatari txikiak zeuden tokian frankiziak sartu dira. Bide horretatik doa Erriberako merkatua ere: emeki-emeki, logika ekonomiko eta politika zehatz batzuei erantzuten ari da”.