Hego luzeagoak usoarentzat

Hego luzeagoak usoarentzat

Maite Asensio Lozano

Aldaketa betean da Bilboko aireportua. Aire trafikoaren hazkundeak eta araudi berriek ekarritako premiei erantzuteko, instalazioak eta zerbitzuak berrantolatuko ditu zuzendaritzak, eta, horretarako, azpiegitura handitzeko zenbait obra egitea aurreikusi du 2020ko plan gidarian. Besteak beste, aireportuari La Paloma izena jarri zion uso forma moldatuko dute: terminalaren eraikinari dike bat erantsiko diote; hau da, usoaren hegoetako bat edo biak luzatuko dituzte. Hainbat fasetan egingo dituzte handitze lanak, eta AENAk berak (Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioa) finantzatuko ditu, baina oraindik ez dauka aurrekontu zehatzik.

Batez ere aireportuak kudeatzen dituen bidaiari eta hegazkin kopuruen hazkundeak eragin du azpiegituraren tamaina auzitan jartzea. 2013an beherakada txiki bat izan arren, geroztik goranzko joera hartu zuen trafikoak, eta azken urteetan nabarmena izan da, aireportuko kabinete buru Beatriz Gonzalez Odriozolak berretsi duenez: “2018an oso igoera handia izan genuen, %10ekoa. Ematen du datozen urteetan ere igotzen jarraituko dugula, baina malda txikiagoa izango dela”.

Ia sei milioi bidaiarik zapaldu zuten Loiu iaz, baina aireportuaren gaitasuna 5,6 milioikoa da. Gainezka egin al du? Gonzalezek erantzun du garaiaren araberakoa izaten dela, baina jende pilaketak saihesteko neurriak hartu izan dituztela azken urteetan: “Igoera horri erantzuteko eta zerbitzu ona ematen jarraitzeko, obra batzuk egin ditugu. Segurtasun kontrolak, adibidez, bateratu egin ditugu; nahiz eta batzuetan —astelehen goizetan, batez ere— ilarak egoten diren, ez da denbora asko behar izaten kontrola pasatzeko: hamar minutu inguru. Hortaz, ez dago saturatuta, trafikoa igo ahala neurriak hartu ditugulako, baina argi dago obra gehiago egin beharko ditugula”.

Izan ere, ez dute aurreikusten goranzko joera etengo denik, epe laburrean behintzat. Plan gidarian egin dituzten kalkuluen arabera, 2025. urterako 6,36 milioi bidaiari izan ditzake Loiuk, eta 54.000 hegazkin; 2035erako, berriz, 8,14 milioi bidaiari, eta 67.000 hegazkin. Hala ere, datu horiek tentuz aztertu behar direla nabarmendu du Gonzalezek: “Datozen urteetako beharrei begira egin dugu plan gidaria, baina adi egon behar dugu trafikoaren datuak zein diren”. Erantsi du gorabeherak “ziklikoak” izaten direla: “Igoera handiak daudenean, beti pentsatzen dugu hau txiki geratuko dela, baina gero ez dira urtero izaten emaitza berak”.

Gorabehera horietara moldatzeko moduko aldaketak egingo dituzte. Berrikuntza nagusietako bat izango da terminala handitzea, usoaren hegoak luzatuz: “Albo batera egin daiteke, edo bietara, simetrikoa izan dadin”. Dike bat egingo dute; hau da, egungo azpiegiturari erantsitako eraikin bat, eta bidaiariak hegazkinetara sartzeko instalazioak izango ditu; dikeak berekin ekarriko du abioiak aparkatzeko plataforma ere handitzea. Gune berri horretan, hainbat finger edo pasabide jarriko dituzte ontziratzeko.

Hala ere, xehetasun asko falta zaizkio oraindik proiektuari, Gonzalezek azaldu duenez: “Onartuta dago azpiegitura handitzea eta dikea egitea, baina oraindik ez dago zehaztuta abioientzat zenbat toki gehiago egongo diren, adibidez”. Obra horiek noiz hasiko diren eta zer kostu izango duten ere ez dago argi. “Orain esposizio fasean dago plan gidaria, herritarrek egoki jotzen dituzten alegazioak jar ditzaten, martxo amaierara arte. Geroago zehaztu beharko ditugu epeak eta aurrekontuak”.

Bulegoentzat, eraikin berria

Aireportuaren barrunbeetan ere izango dira aldaketak, antolakuntzan, eta horietako batzuk jada martxan daude. Esanguratsuenen artean dago bloke tekniko deritzon eraikina: bidaiariekin zuzeneko harremanik ez duten langileentzat azpiegitura berri bat eraikiko dute; bulegoak, biltegiak eta aldagelak hartuko ditu, Gonzalezen arabera. Usoaren hegoetako baten alboan jarriko dute bloke berri hori: aireportura sartzeko norabidean, eskuinean, terminalera espaloitik oinez joateko moduan. Egitasmo hori diseinatuta eta esleituta dago jada: hilabete honen amaieran edo martxo hasieran hasiko dituzte obrak. 12,2 milioi euroren aurrekontua du, BEZa kontuan hartu gabe.

Bloke teknikoak, halere, erabiltzaileentzat nabarmenagoak izango diren beste aldaketa batzuk ekarriko ditu. Behargin horien bulegoak hegazkinetara sartzeko guneetako baten alboan daudenez, gune hori libratu egingo da, eta ontziratzeko eremua handituko dute. Zehazki, zazpigarren eta hamabigarren ateen arteko espazioa izango da; hau da, bidaiariak hegazkinera autobusez garraiatzen dituzten ontziratze eremukoa. Gonzalezek adierazi du lan horiek ere aurki abiatuko direla: “Urte amaieran hasiko da obra. Eta nabaritu egingo da: hegazkineratzeko gunearen espazioa bikoiztu egingo da”.

Bestalde, badira araudi berriei eta nazioarteko aldaketa politikoei lotuta egin beharreko hainbat aldaketa. Brexit-ak Loiuko instalazioetan izango duen eragina aipatu du kabinete buruak: “Erresuma Batutik datozen bidaiariek pasaporte kontrola igarotzen dute, baina ez aduanakoa; hurrengo urtean hasiko dira aduana ere pasatzen, eta, beraz, zona hori egokitu beharko dugu. Izan ere, hegaldiak ditugu Londresko hiru aireportutara, Manchesterrera, Bristolera eta Edinburgora; ia 40.000 bidaiari etortzen dira urtero handik”.

Segurtasun kontrolak

Bidaiari kopurua hazteak eta hegazkineratzeko eremuak handitzeak eragina dute, era berean, segurtasun kontroletan. Horiek ere egokitu behar dira, aire trafikora ez ezik, araudietara eta berrikuntza teknologikoetara. “Gero eta gauza gehiago hartu behar dira kontuan kontroletan: hasieran arkuak jarri ziren; gero, zapatak aztertzeko gailuak; urte gutxi barru, beste makina batzuk ekarriko dituzte… eta tokia behar dugu. Adibidez, pasaporteen kontrolean, polizien ordez makinak jartzen ari gara; horientzat lekua egin behar da”. Gainera, Schengen eremutik kanpoko bidaiarientzako espazioa handitu nahi dute, eta, horren ondorioz, hipodromoa ere egokitu behar dute; hau da, maletak garraiatzeko zinten sistema berrantolatu eta zabaldu.

Azkenik, aparkalekuak ere handituko dituzte: 2.000 leku gehiago atera nahi dituzte denera. “Izan ere, parking handiak beteta egon ziren iaz askotan, Bilbotik hona etortzeko Bizkaibus zerbitzu ona dagoen arren”.