Etxegabeekin erakundeek duten “utzikeria” salatu dute Barakaldon

Etxegabeekin erakundeek duten “utzikeria” salatu dute Barakaldon

Natalia Salazar Orbe

“Gutxienez 30 pertsonak egiten dute lo kalean”. Barakaldoko datuak dira. Berri Otxoak plataformak eman zituen abenduan, eta orain bereak egin ditu Barakaldoko Elkarrekin Podemoseko zinegotzi Marivi Freirek. Datuoi helduta udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak darabiltzaten politikak salatu dituzte EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. Bizkaiko datuei ere erreparatu diete. Izaskun Duque EH Bilduko batzarkideak eman ditu xehetasunak: “Egun etxerik gabe daudenen kopurua duela hamar urtekoa baino handiagoa da. Bilbon eta Ezkerraldean 250 bat lagunek egiten dute lo kalean”. Egoera hori dela eta, erakundeen “utzikeria” salatu zuten asteazkenean, Barakaldon egin zuten agerraldian. Etxegabeen beharretara egokituko diren neurriak eta baliabideak eskatu zituzten.

Freirek gogora ekarri duenez, aldatzen ari da etxegabeen profila. Batetik, gero eta gazteagoak dira. Horrez gain, gero eta emakume gehiago bizi dira egoera horretan, eta etxegabe atzerritarren kopurua ere areagotuz doa. Azken aldagai hori kezkagarritzat jo du Duquek: “Etxegabe gazteen kopuruak gora egin du. Etxerik gabeko atzerritarren %80 gazteak dira. Etxerik gabe geratu aurretik, gazte horien %21ek adierazi zuten adingabeentzako harrera zentro batean bizi zirela”. EHUk oraintsu aurkeztutako ikerketa baten datuak oinarri hartuta emandako azalpenak dira. “Aldundiaren zaintzapean egondako adingabeak ziren. 18 urte betetzean, ordea, ume horiek kalean geratzen dira. Horrek esan nahi du diputazioa zerbait gaizki egiten ari dela, zaintzapean zituen gazte horiek babesik gabe, bereziki Bilboko eta Ezkerraldeko kaleetan lotan geratzen direla kontuan hartzen badugu”.

Israel Escalante Elkarrekin Podemoseko batzarkideak salatu du administrazioak ez direla euren lana egiten ari: “Ez dituzte bermatzen oinarrizkoak diren eskubide sozialak. Utzikeria horren bidez, behartsuenak gero eta okerrago egon daitezen eragiten dute. Berdintasunik eza gero eta nabarmenagoa da”.

Zehazki, Barakaldora begira ere jarri dira. Salatu dute udalak ez dituela egokitu larrialdietarako laguntzak gizartean sortzen ari diren behar eta errealitate berrietara. Barakaldon har litezkeen zenbait neurri proposatu ditu Maria Solar EH Bilduko zinegotziak: “Etxebizitza sozialen parkea hobetu daiteke; bikotekideengandik bereizitako pertsonen, adinekoen zein gazteen artean partekatutako etxebizitzak susta daitezke; gizarte langile gehiago jarri behar dira, gizarteratze prozesuan laguntza eskaini ahal izateko; eta enplegurako diru publiko gehiago bidera daiteke edo gurea bezalako eskualde zigortuentzako planei hel dakieke”.