“Bola jokoa badoa indarra hartzen”

“Bola jokoa badoa indarra hartzen”

Eider Mugartegi

Antonio Ibarluzea markina-xemeindarrak egindakoak dira gaur egun hiru txirlo izeneko bola jokoan jokatzen den Bizkaiko eta Gipuzkoako bolatoki denetan edo ia denetan erabiltzen diren bolak. Bera da egile bakarra. Orain dela hamar urte inguru hasi zen egiten, eta ahoz aho zabaldu da haren lana. Leku guztietatik izaten ditu eskariak. Gainbehera handia jasan ondoren, bola jokoak susperraldia duela esan du.

Nola hasi zinen bolak egiten?

Hemen, Markina-Xemeinen, Joxe Retolazak egiten zituen. Lagunak ginen, eta bera gaixotu zenean lekukoa hartu nion. Hark tornuan egiten zituen; nik, berriz, eskuz egiten ditut denak. Lehenengo, motozerrarekin ebaki egurra; gero, aizkorarekin; eta, ondoren, arrabota eta lixa pasatu. Osterantzean ere, lantxoak egiten nituen, eta, beraz, nire kabuz ikasi nuen egiten. Ikasi handirik ez dauka, ikusi eta ekinda ikasten da.

Zenbat denbora behar da bola bat prest edukitzeko?

Nik denbora asko ematen dut bola egiten. Egun bi beharko dira agian, baina nik apurka egiten ditut, denbora luzeagoan.

Materialak badu garrantzirik? Zer egur darabilzu bolak egiteko?

Artearen egurra izan behar da, eta ihartua, gainera. Baina kontuz ibili behar da, ihartutakoan arrakalatu egiten da eta; hauskorra da artea. Gainera, aurkitzea ere ez da erraza izaten. Artea jotzea ez dago libre, debekatuta dago, eta beti ibiltzen naiz haizeak apurtutakoak bilatzen. Ni bizi naizen ondoko baserriko artea apurtu egin zen haizeagaz, eta, orain, harekin ari naiz lanean. Enbor lodikoa izaten da ona; gorde eta sikatzen edukitzen ditut, eta, gero, egin.

Artea lortzea horren zaila izanik, beste egurren bat ezin izango zenuke bolak egiteko erabili?

Artea da horretarako berezia. Joxe Retolazak egin zuen beste egur mota bategaz proba, baina ez zuen balio. Bueltaka zebilenean gastatu egiten zen; artea labainagoa da, eta gogorragoa.

Egiten dituzun bolak denak izaten dira berdinak?

Ume eta gazteentzako txikiagoak egiten ditut batzuk, ikasten joan daitezen; besteak denak berdinak izaten dira.

Orain dela hamar urtetik hona zenbat bola egingo zenituen?

Ez dira asko egiten. Erabilera ere kontuan hartu behar bada ere, bolek, normalean, denbora asko irauten dute. Orain, batzuk etxerako eramaten ere hasi dira, bolatan ikasten eta praktikatzen joateko. Osterantzean, gutxi egiten dira.

Bolatoki guztietan egoten dira?

Bai, denek edukitzen dituzte. Txapelketetan, dagokiona erabiltzen da; baina jaietan-eta, bolatokikoa erabiltzen dute.

Ona izateko, zer ezaugarri izan behar ditu bola batek?

Berez onenak adarrak dituztenak dira, sustraiekin daudenak. Egitea gaitzagoa izaten da, baina, berez, hobeak dira, gehiago irauten dute. Boloetan egiteko tamainakoa bada, berdin samar izaten da. Hala ere, badaude batzuk alferragoak direnak, beherantz egiten dutenak arinago.

Azkena norako egin duzu?

Berriaturako egin ditut bi: bata handia eta bestea txikia, umeentzako. Berriatuan bolatokia egiten ari dira eta harako izango dira.

Eta lehenengo bolak norako egin zenituen?

Elgoibarko [Gipuzkoa] San Migel auzorako egin nituen asko. San Migel elkarteko lehendakari zegoenak hamar bola eskatu zizkidan. Joxe gaixotu zenean, pentsatuko zuen ni ere agian gaixotu egingo nintzela edo. Orduan egin nuen batera kopururik handiena. Bestela, banaka joaten dira egiten. Bizkaiko eta Gipuzkoako leku askotarako egin ditut; leku guztietatik etortzen dira bila. Errezilgo [Gipuzkoa] neska-mutil bi etortzen dira, zaletasun handi-handia dutenak. Horiek ere nik egindako bola darabilte ikasteko eta edonon erabiltzeko. Gehiago erabilita txapelketetan ere gehiago jotzen da, entrenatzea ona da. Guk ere entsegu asko egiten ditugu, zapatuetan eta domeketan Aulestiko Santa Eufemiko bolatokira joaten gara, eta han egiten ditugu ekitaldiak. Nire bola eramaten dut entrenatzeko.

Bolak egiten eta bola jokoan ere aritzen zara, orduan. Badirudi Lea-Artibain zaletasuna berpizten ari dela.

Oraindik banabil, bai. Markina-Xemeingo elkarteko presidente Mikel Urkiak indar asko eman dio. Umeei ere erakusten ari dira, eta emakumeak ere animatu dira. Onak dira, guri gehiago egiten digute.

Bola jaurtitzeko, zer behar da, indarra ala trebezia?

Badaude bolatoki errazak. Elgoibarko San Migelen eta San Pedro auzoetan bolatoki zailak daude, hor indarra behar da gehiago. Guk zaharrok gutxi jotzen dugu horietan, baina errazagoak diren asko ere badaude orain. Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunekoa erraza da, Ziortza-Bolibarko Iruzubieta auzokoa ere bai; hemen, Bizkaian, erraz asko daude.

Anima daiteke parte hartzera.

Umeak-eta joaten dira orain, eta bolatoki errazean ondo moldatzen dira. Nahiko galdua egon bada ere, badoa bola jokoa indarra hartzen. Jaietan-eta jokatu izan da, baina txapelketekin animatuago gabiltza.

Zu noiz hasi zinen bolotan?

40 urtegaz. Gidatzeko baimena atera nuen, eta orduan hasi nintzen bolotan egiten bateko eta besteko bolatokietan. Gu gazteak ginenean dirutan jokatzen zen bolotan, eta ez ginen ausartzen, begira egoten ginen.

Bolatokiz bolatoki joaten zarenean, zure bolak ezagutzen dituzu?

Erraza da, A bat daukate zizelkatuta. Horri begiratzen diot beti nirea den jakiteko. Bolak amaitzen ditudanean guztiei egiten diet A hori. Beti ematen du poza norberak egindakoak ikusteak.

Txirloak ere egiten dituzu?

Bai. Bola eta txirloak eramaten dituzte, denek.

Egur berdinagaz egiten dira txirloak? Prozesua berdina da?

Egurrak ez dauka garrantzirik txirloei dagokienez. Gehienak eukaliptoagaz egiten ditut; gure etxean daude eukaliptoak, eta horrek sikatu eta egiten ditut txirloak. Txirloa egitea errazagoa da.

Egiteko honetan jarraitzeko ordezkarik badaukazu?

Badaukat bat pentsatuta. Markina-Xemeingo Hiru Txirlo taldeko Lander Odiaga arotza da, tornua ere badauka, eta tornuan egingo ditu hark. Ikasten ibili beharrik ere ez dauka. Bola ez da guztiz borobila, eta tornuan egiteko hor dauka zailtasuna, eskuz amaitu beharko du gero. Eskuz egiteko, denbora asko behar da. Antzina, ni gaztea nintzenean, arotzak egiten zituzten bolak; gure auzoko bolatokirako, Markinako arotzari eskatzen zitzaion.

Lehen, bolatoki gehiago zeuden?

Orain, batzuk gehitu dira, baina sasoi batean gehiago zeuden. Auzoetan eta, batzuk, baserrietan ere egoten ziren, eurak entrenatzeko. Nik Santa Eufemiako bolatokia dut gustukoen, bertan sarri entrenatzen naizelako. Ahal dudan artean bola jokoan egin eta bolak egiten jarraitzeko asmoa daukat. Gipuzkoako txapelketara ere joan nahi dut udaberrian.