“Ez dago atzera-bueltarik”

Galdakaoko Udalak Batzorde Mistoa eratu du Usansoloren segregazio prozesuari bide emateko. Sei hilabete dituzte orain aldundiari aurkeztu beharreko txosten guztiak egiteko.

Natalia Salazar Orbe

Hunkituta. Begiak malkotan zituztela hartu zuten Usansoloko hainbat herritarrek Galdakaoko Udalaren erabakia. Izan ere, Usansolok herri izan nahi duen erabakitzeko prozesuan beharrezko lehen pausoa eman berri du udalak. 9/2012 foru arauak udalbatzaren gehiengo osoaren oniritzia eskatzen du prozesuak aurrera egin ahal izateko, eta lortu du. Hori bakarrik ez: Batzorde Mistoa eratu behar dela dio arauak, eta berori osatzea adostu du udalak. Usansolo Herria plataformako zinegotzi Agustin Aizpuru pozik mintzatu da: “Guretzat, adrenalina txutea izan da. Hasierako bultzada izan da hau. Ez dago atzera-bueltarik”.

ZER DA BATZORDE MISTOA?

9/2012 foru arauak segregazio prozesua gauzatzeko ezartzen duen baldintzetako bat da Batzorde Mistoa osatzea. Azken udal hauteskundeen emaitzen arabera eratu dute. Galdakaoko Udalaren aldetik, udal idazkari nagusiak, Iñigo Hernando alkateak eta EH Bilduko zinegotzi batek eta EAJko beste batek hartuko dute parte batzordean. Usansolotik, berriz, EAJk izendatutako ordezkari bat eta Usansolo Herriak izendatutako bi ariko dira. Beraz, idazkariaz gain batzordeak izango dituen sei ordezkarietatik bina izendatuko dituzte EH Bilduk, EAJk eta UHk.

ZER ZEREGIN DITU BATZORDE MISTOAK?
Datozen hiletan egin beharreko txostenen jarraipena egin behar du Bartzorde Mistoak. Hainbat azterketa egin behar dira segregazioa egiteko zehaztasunei eta haren ondorioei buruz: denera, hamar. Txosten horiek guztiak Bizkaiko Foru Aldundiari aurkeztu behar dizkiote. Aizpuruk eman ditu xehetasunak. “Segregazioa bideragarria den ebatzi behar da. Usansolo eta Galdakao berria zer egoeratan geratuko liratekeen aztertu behar da. Bi aldeek zerbitzuen kalitaterik ez dutela galduko bermatu behar da”.Horrez gain, ikerketa geografikoa beharrezkoa da. “Eremuaren mugak zehaztu behar dira, batez ere Galdakaorekiko mugei dagozkienak. Izan ere, Bedia, Zaratamo eta Zeberio herriekiko mugak ezarrita daude”.

Azterketa zehatzak egin behar dituzte, koordenatuak finkatzeko, gero aldundiak mugarriak kokatu ahal izateko. Horrez gain, Usansolon zeintzuk herritar geratuko liratekeen zehazteko azterketa ere beharrezkoa da. “Galdakaoko eta Usansoloko ondasunak zehaztu behar dira; Usansolo herri bihurtuz gero, finkatu behar da Galdakaoko Udaleko zeintzuk langile hartu beharko lituzkeen bere gain…”. Txosten horien guztien emaitzak behin betiko txosten orokor batean jaso behar dira. Eta horien guztien jarraipena egin behar du Batzorde Mistoak.

Bideragarritasunari buruzko azterketak lehenago ere egin dira, 1990eko hamarkada baino lehen horietako batzuk. 2014an EHUk egin zuen beste bat. Aizpuruk azaldu du segregazioaren aldeko ebazpenak eman zituztela. “Usansolo bideragarria izateaz gain, txostenek zioten Galdakaotik bereizitako eremu bihurtzea desiragarria ere badela, gure egoera geografikoa kontuan hartuta: Galdakaotik erabat bereizitako gunea da Usansolo. Herrigunean ez dago segidarik. Ezaugarri horiek eta herritarren sentimenduak kontuan hartuta, Usansolo herri bihurtzeko gomendioa egiten zuten”.

NOIZ HASIKO DA LANEAN BATZORDE MISTOA?
Joan den urtarrilaren 29an Galdakaoko Udaleko osoko bilkurak Batzorde Mistoa eratzeko erabakia hartu zuenez geroztik, hamar egun ditu idazkariak agiri guztiak prestatu eta aldundira bidaltzeko. “Espediente agiria, EAJk, UHk eta EH Bilduk proposatutako ordezkarien izen-abizenak, horien ordezkoak nortzuk izango diren… Dena bidali behar du. Bidalitako agiri guztiak aztertu ostean, dena ondo badago, aldundiak izendatuko ditu talde bakoitzak Batzorde Mistorako proposatu dituen ordezkariak”.Aizpururen arabera, aldundiak hilabeteko epean egingo ditu izendapenak, eta, ondoren, “ahalik eta azkarren”, Batzorde Mistoa eratuko dute: “Espero dut izendapenak iritsi bezain laster, bizpahiru egunen buruan osatzea batzordea, eta osaketa ekitaldi horretan bertan lanean hastea, presa dugu eta”.

Izan ere, sei hilabete dituzte txostenak egiteko. Epe hori ezartzen du legeak. Txosten guztiak egin ostean, helegiteak egiteko epea zabalduko da. “Baliteke norbaitek erreklamazioa jartzea, esaterako, ez dagoelako ados ezarritako mugaren batekin, eragina izan dezakeelako bere lurretan, besteak beste”. Hilabeteko epea egongo da erreklamazio horiek ebazteko, eta beste bi hilekoa, berriz, galdeketa antolatzeko.

GALDEKETA LOTESLEA AL DA?

Herritarrek lehen eskuko informazioa izango dute: “Hilabete izango dugu herriari txostenen emaitzen berri emateko”. Batzarrak egingo dituzte. Informazioa denen esku dagoela antolatuko dute galdeketa.

Galdeketaren emaitza loteslea izango dela azaldu du Aizpuruk. “Usansolok erabakitzen duena egingo da. Usansolok herri izan nahi duela erabakitzen badu, prozesuarekin jarraituko dugu. Eta erantzuna ezezkoa bada, bertan behera utziko dugu prozesua”. Erabakia baiezkoa zein ezezkoa izan, aldundiari emango diote haren berri. Handik Batzar Nagusietara bideratu behar da, Usansoloren erabakia berretsi ahal izateko.

ZER EREMUK OSATUKO DU USANSOLO?
Usansoloren herri izaerari buruzko eztabaida bezain zaharra da, ia-ia, eremu horren mugei buruzkoa. Eztabaida eta galdeketa bat baino gehiago egin dira horren inguruan. Iazko apirilean udalak galdeketa egin zuen, Usansolo herri bihurtzeko prozesuan zein eremuk parte hartu behar zuen ebazteko. Ondoko galdera egin zuen: Gura duzu zure auzoa Usansoloko segregazio prozesuan sartzea?. “Lehenago guk egindako galdeketan baiezkoa eman zuten auzoetan egin zuten galdeketa. Eta denek esan zuten baietz”. Hala azaldu du Aizpuruk.Usansolo honako eremu eta auzo hauek osatuko lukete, orain artean prozesuak izan duen ibilibidearen eta azterketen arabera: Usansolo herriguneak; Labea multzoak Labea, Puentelatorre, Uraska eta Labega auzoak hartuko lituzke eremuak; Trokarrok; Gorosibai auzoak; eta Arteta, Ordañe, Lekue eta Lekubaso eremuek. Eremu horiek guztiak gutxi gorabehera finkatuta dauden arren, mugei buruzko txostena egin behar dute. Foru arauak hala eskatzen du.

ZENBAT BIZTANLE DITU USANSOLOK?
Ez dago Usansoloren populazioari buruzko datu zehatzik. “Ditugun azken datuen arabera, 4.700 biztanle inguru gara”.Zenbaketa egitea ez da izango nolanahiko lana. “Bizilagunez bizilagun zenbatu behar da”. Arazoa zein den zehaztu du Aizpuruk: “Galdakaok barrutien arabera sailkatuta duen errolda ez dator bat auzoen mugekin. Beraz, zenbait auzotan banan bana zenbatu behar dituzu biztanleak, eta zenbaketa horretatik kanpo utzi mugetatik kanpo dauden bizilagunak”. Batzorde Mistoak egin behar duen lanetako bat da hori ere.

ZEINTZUK ZAILTASUN IZAN DITZAKE PROZESUAK?
Prozesuak iraun dituen urteetan, etenaldiak ere izan dira. Horietako bat 2018an gertatu zen: Galdakaoko Udalak Espainiako Gobernuari baimena eskatu nahi izan zion Usansoloko auzoek desanexio prozesua abiatu nahi zuten argitzeko galdeketa egiteko. Hala salatu zuen Usansolo Herriak duela bi urte. Plataformak zioen ez zela behar era horretako baimenik galdeketa egiteko.Orduan, Juan Landa abokatuak azaldu zuen Bizkaiko foruak desanexioak ahalbidetzen dituela. Ezkio eta Itsasoren desanexio prozesua (Gipuzkoa) landu zuen berak. Francok anexionatu zituen bi udalerriok, 1964an. Urteetan eztabaidetan ibili ostean, adostasuna lortu zuten, eta desanexioa tramitatu zuten 2016an. Tramitazio hori oinarri hartuta, aldundiak foru dekretua ondu zuen. Bizkaiko foruak ere desanexioak ahalbidetzen ditu, betiere baldintza batzuk betez gero.

Espainiako Gobernuaren erregimen lokalaren arabera, herri berri bat sortzeko eremu horrek gutxienez 5.000 biztanle izan behar ditu. Foru arauak, berriz, gutxienez 2.500 biztanle izan behar dituela dio.

Estatuaren abokatuak Gipuzkoako dekretua inpugnatu egin zuen; auzitara jo zuen. EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen estatuak ez duela legitimitaterik inpugnazio hori egiteko. Hala azaldu zuen Landa abokatuak. Auzia Espainiako Auzitegi Gorenean dago orain, Espainiako Estatuak jarritako helegitea ebazteko zain.

Aizpuruk esan du ez direla antzeko egoera baten beldur. “Aldundiak eta ia den-denok ulertzen dugu hemen aplikatu beharrekoa foru araua dela. Ezkio eta Itsasoren auzian EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion desanexioari, ezarri beharreko araua foru araua zela argudiatuta. Gainera, ebatzi zuen foru arauak ez duela Espainiako Estatuaren legea baino maila txikiagoa. Hala ere, estatuak helegitea jarri zuen. Baliteke guri ere antzeko zerbait gertatzea, baina ezin dugu prozesua geldiarazi horregatik”.