Natalia Salazar Orbe
Hunkituta. Begiak malkotan zituztela hartu zuten Usansoloko hainbat herritarrek Galdakaoko Udalaren erabakia. Izan ere, Usansolok herri izan nahi duen erabakitzeko prozesuan beharrezko lehen pausoa eman berri du udalak. 9/2012 foru arauak udalbatzaren gehiengo osoaren oniritzia eskatzen du prozesuak aurrera egin ahal izateko, eta lortu du. Hori bakarrik ez: Batzorde Mistoa eratu behar dela dio arauak, eta berori osatzea adostu du udalak. Usansolo Herria plataformako zinegotzi Agustin Aizpuru pozik mintzatu da: “Guretzat, adrenalina txutea izan da. Hasierako bultzada izan da hau. Ez dago atzera-bueltarik”.
9/2012 foru arauak segregazio prozesua gauzatzeko ezartzen duen baldintzetako bat da Batzorde Mistoa osatzea. Azken udal hauteskundeen emaitzen arabera eratu dute. Galdakaoko Udalaren aldetik, udal idazkari nagusiak, Iñigo Hernando alkateak eta EH Bilduko zinegotzi batek eta EAJko beste batek hartuko dute parte batzordean. Usansolotik, berriz, EAJk izendatutako ordezkari bat eta Usansolo Herriak izendatutako bi ariko dira. Beraz, idazkariaz gain batzordeak izango dituen sei ordezkarietatik bina izendatuko dituzte EH Bilduk, EAJk eta UHk.
Azterketa zehatzak egin behar dituzte, koordenatuak finkatzeko, gero aldundiak mugarriak kokatu ahal izateko. Horrez gain, Usansolon zeintzuk herritar geratuko liratekeen zehazteko azterketa ere beharrezkoa da. “Galdakaoko eta Usansoloko ondasunak zehaztu behar dira; Usansolo herri bihurtuz gero, finkatu behar da Galdakaoko Udaleko zeintzuk langile hartu beharko lituzkeen bere gain…”. Txosten horien guztien emaitzak behin betiko txosten orokor batean jaso behar dira. Eta horien guztien jarraipena egin behar du Batzorde Mistoak.
Bideragarritasunari buruzko azterketak lehenago ere egin dira, 1990eko hamarkada baino lehen horietako batzuk. 2014an EHUk egin zuen beste bat. Aizpuruk azaldu du segregazioaren aldeko ebazpenak eman zituztela. “Usansolo bideragarria izateaz gain, txostenek zioten Galdakaotik bereizitako eremu bihurtzea desiragarria ere badela, gure egoera geografikoa kontuan hartuta: Galdakaotik erabat bereizitako gunea da Usansolo. Herrigunean ez dago segidarik. Ezaugarri horiek eta herritarren sentimenduak kontuan hartuta, Usansolo herri bihurtzeko gomendioa egiten zuten”.
Izan ere, sei hilabete dituzte txostenak egiteko. Epe hori ezartzen du legeak. Txosten guztiak egin ostean, helegiteak egiteko epea zabalduko da. “Baliteke norbaitek erreklamazioa jartzea, esaterako, ez dagoelako ados ezarritako mugaren batekin, eragina izan dezakeelako bere lurretan, besteak beste”. Hilabeteko epea egongo da erreklamazio horiek ebazteko, eta beste bi hilekoa, berriz, galdeketa antolatzeko.
Herritarrek lehen eskuko informazioa izango dute: “Hilabete izango dugu herriari txostenen emaitzen berri emateko”. Batzarrak egingo dituzte. Informazioa denen esku dagoela antolatuko dute galdeketa.
Galdeketaren emaitza loteslea izango dela azaldu du Aizpuruk. “Usansolok erabakitzen duena egingo da. Usansolok herri izan nahi duela erabakitzen badu, prozesuarekin jarraituko dugu. Eta erantzuna ezezkoa bada, bertan behera utziko dugu prozesua”. Erabakia baiezkoa zein ezezkoa izan, aldundiari emango diote haren berri. Handik Batzar Nagusietara bideratu behar da, Usansoloren erabakia berretsi ahal izateko.
Espainiako Gobernuaren erregimen lokalaren arabera, herri berri bat sortzeko eremu horrek gutxienez 5.000 biztanle izan behar ditu. Foru arauak, berriz, gutxienez 2.500 biztanle izan behar dituela dio.
Estatuaren abokatuak Gipuzkoako dekretua inpugnatu egin zuen; auzitara jo zuen. EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen estatuak ez duela legitimitaterik inpugnazio hori egiteko. Hala azaldu zuen Landa abokatuak. Auzia Espainiako Auzitegi Gorenean dago orain, Espainiako Estatuak jarritako helegitea ebazteko zain.
Aizpuruk esan du ez direla antzeko egoera baten beldur. “Aldundiak eta ia den-denok ulertzen dugu hemen aplikatu beharrekoa foru araua dela. Ezkio eta Itsasoren auzian EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion desanexioari, ezarri beharreko araua foru araua zela argudiatuta. Gainera, ebatzi zuen foru arauak ez duela Espainiako Estatuaren legea baino maila txikiagoa. Hala ere, estatuak helegitea jarri zuen. Baliteke guri ere antzeko zerbait gertatzea, baina ezin dugu prozesua geldiarazi horregatik”.