Azken erabakia, udalarena

Azken erabakia, udalarena

Ibai Maruri Bilbao

Joan den urtarrilaren 25ean egin zuten herri galdeketa. 16 urtetik gorako gorliztarrek har zezaketen parte; hau da, 5.032 herritar zeuden deituta udaletxean jarritako hautetsontzitik pasatzera. Uztailero ospatzen dira Santiago jaiak, eta horietan bigantxen ekitaldirik nahi duten erantzun behar zuten: bai ala ez. 902 lagunek baino ez zuten parte hartu —%18—. Botoen %76,3 ezezkoak izan ziren, bigantxarik ez dutela gura. Udalak ez du galdeketarik egiteko eskumenik, baina deitu zuenean udal gobernuak iragarri zuen loteslea izan ez arren emaitza errespetatuko zela. Bart iluntzean egindako osoko bilkurak berretsi behar zuen herritarrek hartutako erabakia. Parte hartze “apalak” zalantzak eragin ditu. Edizio hau itxi aurretik bozketa egin gabe zegoen, baina zer bozkatzeko asmoa duten aurreratu zioten Bizkaiko Hitza-ri alderdi politikoek. Hala, EAJren eta EH Bilduren botoekin, herritarrek urtarrileko galdeketan hartutako erabakia babestu behar zuen Gorlizko Udalak. GIG abstenitzekoa zen.

Udal gobernua iazko maiatzeko hauteskundeetan ordezkaritza lortu zuten hiru alderdiek osatzen dute: alkatetzan dagoen EAJk —sei zinegotzi—, EH Bilduk —lau— eta GIG Gorlizko Talde Independenteak —hiru—.”Gure taldeak herriak erabaki duena egingo du”, erantzun du Nagore Utxupi alkate jeltzaleak. “Gu ez gara galdeketarekin ados egon, uste dugulako ez dela galdeketa bidez erabaki beharreko gai bat. Animalien tratu txarraren auka gaude. Dena den, parte hartzea erabaki genuen, eta aldez aurretik esan genuen emaitzari lotuko geniola gure bozka”, azaldu du EH Bilduko Gabi de la Mazak. GIG Gorlizko Talde Independenteko zinegotzi Inma Arcok galdeketaren prozedura gaitzetsi du: “Gu ez gaude bigantxen alde ez aurka, baina ez zaigu iruditzen zuzena izan denik galdeketa egiteko modua. Irregulartasunak egon dira, eta prozesu osoa irizpideak zehaztu gabe egin da”.

“Udal gobernura sartu ginenean esan genuen gure lana egiteko modua gardena eta parte hartzailea izango zela; herritarren iritzia kontuan hartu genuela erabakiak hartzeko orduan”. Nahiz eta udalek ez duten galdeketak egiteko eskumenik, hainbat gairen ingurukoak adostu ditu hiruko gobernuak; besteak beste, bigantxena. Irizpideak finkatzen ahalegindu zirela azaldu du alkateak. “Guk, EAJk, uste dugu galdeketaren emaitza kontuan hartuko dugun konpromisoa betetzeko baldintza batzuk behar direla. Besteak beste, parte hartzea gutxienez %50 izatea nahi genuen, ez dezan herriaren gutxiengo baten iritziak baldintzatu udalaren erabakia. Baina ez ginen ados jarri”. Arcok salatu du EAJk eta eurek gutxiengo kopurua adostu zutela, baina alkateak atzera egin zuela EH Bildu ez zelako ados egon.

Alkatearen esanetan, parte hartzea ez zen txikia izan. “Egokia” iruditu zaio galdeketa baterako. Iaz Gure Esku Dagok erabakitzeko eskubidearen inguruan antolatutakoarekin alderatu du: harako hartan gorliztarren %13k eman zuten botoa. Alderaketa bera egin du Bigantxarik Gabeko Gorliz plataformako Aitz Oleagak ere. Gaineratu du honako galdeketa hau ez dela behar beste ezagutzera eman. “Abenduko osoko bilkuran onartu zuten galdeketa egitea. Hilabete eskas igaro da. Orduan sortu genuen plataforma, eta guk ez dugu ia astirik eduki bigantxak kentzearen aldeko kanpaina egiteko”. Salatu du galdeketaren aurreko egunetan jakinarazitako bandoa izan dela udalak egin duen iragarpen bakarra.

Enpresa baten mesedetan

Oleagaren esanetan, Gorlizen “aspaldikoa” da bigantxen inguruko kezka. “Jai batzordearen barruan hainbatek eskatu izan dute ekitaldi hori kentzeko, baina orain arte ez da ezer egin; ez dira ados jarri”. Eurek ere plataforma galdeketaren berri izan dutenean sortu dute; joan den abendura arte, bada, bigantxen aurkako mugimendua ez da egituratuta egon Gorlizen. Dena den, plataformako kideak argi du urtarrileko galdeketa mugarria izan dela, eta atzoko bozketak bigantxen ekitaldia mantentzea erabaki izan balu, hasi berri duten borroka ezingo zutela eten. “Eztabaida ireki da, eta aprobetxatu egin behar dugu Gorliz animalien aurkako tratu txarrik gabeko herri bihurtzeko behin betiko”.

Horrez gainera, Oleagak gogoratu du bigantxak direla ordaindu beharreko ekitaldi bakarra. EH Bilduko zinegotziak azaldu du: “Plaza jarri eta bigantxak ekartzen dituen enpresak kobratzen du sarrera”. Salatu du lehiaketa publikorik ere ez dela egiten, zezen plaza lurzoru publikoan muntatzen den arren.