Natalia Salazar Orbe
Jasangarritasuna bultzatzeko eta hari bide emateko baliabide eta ohiturak ezagutzeko azoka iritsi da, beste urtebetez, Durangoko Landako gunera. Zortzigarren Berdeago azokak ateak irekiko ditu, gaur, 10:00etan. Helburu berei eutsita, edukietan eta erakuslekuetan sakondu du zortzi urtetan. Karmele Gomez azokako Jasangarritasunerako Europako elkarteko koordinatzaileak eman ditu gakoak: “Berdeago hasi zenean asteburu bakarreko ekitaldia zen, sektore mugatuago eta publiko murritzago batentzat zen. Azkenean, Berdeagora hurbiltzen joan den bisitariaren profilak esan digu bertan zer nahi duen ikusi. Eta bi asteburutan banatzea erabaki genuen profesionalentzat eta familientzat diren bi ekitaldiak: Energy eta Nature”.
Intsektuak elikaduran, elikadura kontzientea, ekonomia zirkularra, sareko uretan dauden arriskuak nola ekidin, klima aldaketaren aurkako borroka edota emakumeei laguntzeko finantza etikoa. Gai anitz uztartuko dituzte gaur hasi eta datorren asteburuan bukatuko diren topaketek. Egunerokoan eragina dutenak, horietako asko: etxeak berotzeko sistemari dagozkienak, kasurako. Eta ohitura aldaketen garrantzia azpimarratzen dutenak, beste hainbat.
Berdeago Energyk emango die hasiera jardunaldiei. “Profesionalen, ekintzaileen eta norbanakoen ezagutza elkarrekin banatu” nahi dute antolatzaileek. Horretarako, negozio aukerak sortzeko profesionalen arteko topaketak, lantaldeak zein ekintzailetza bultzatzeko dinamikak egingo dituzte gaur, bihar eta etzi. Hiru bloketan bereizi dituzte asteburuko jardunaldiok, profesionalek haien esperientziak parteka ditzaten.
Zenbakietan ere azaldu dute topaketak izan dezakeen indarra: 70 enpresa, hezkuntza zentro, elkarte, kluster eta elkargo ofizialek izango dute erakuslekua Landako gunean. Horrez gain, Ihobek Life Urban Klima 2050 erakusketa jarriko du ikusgai, etorkizunera begira ikuspegi arduratsua sustatzeko asmoz.
Berrikuntzak izango ditu Berdeago Energyk. GIH Hiriburuak gunea kokatuko dute bertan. Garapen iraunkorreko helburuak hiriburuetan ematen ari diren konponbideak azpimarratuko dituzte bertan. “Mugikortasun jasangarriari eskainitako gunea da. Aurten garapen iraunkorreko helburuei estuago lotuta dago. Nobedadeak eta enpresa berriak izango dira”.
Ingurumen Berrikuntzaren Irlan, berriz, Euskal Herriko hainbat enpresa publiko eta pribatuk hartuko dute parte. Atal hori ere berria da. Elkargo ofizialak, elkarteak eta klusterrak elkartuko dira bertan, biziberritzearen eta ekintzailetzaren aldeko apustua eginez, gai ekologikoei erantzuteko. “Espazio ireki batean parte hartuko dute, jasangarritasunaren arloko formakuntzan, berrikuntzan eta ikerkuntzan zer egiten ari diren azaldu, eta begirada etorkizunerantz zuzendu ahal izateko”.
Inpaktua familiengan
Arlo profesionala alde batera utzi gabe, hurrengo asteburuan aditu ez diren bisitarientzako eskaintzak zabalduko dituzte. “Profesionalen arteko elkarbanatze hori bilatzeaz gain, salerosketa, sentsibilizazioa eta inpaktua eragin nahi ditugu familiako kide guztiengan”.
Horixe izango da Berdeago Natureren egitekoa. Behar hori azpimarratu du Gomezek: “Guztion lana da gure ingurunea hobetzea, kontsumo arduratsuaren eta gure baliabideen erabilera egokiaren bidez. Elkartetik sentsibilitate hori sustatu nahi dugu, eta horregatik azoka hain garrantzitsua da. Ahalegin handia egiten dugu”.
Ahalegin horretan, gazteengan ere jarri dute arreta. Aurten, lehenengoz, bisita gidatuak antolatu dituzte ikastetxeentzat. Han izango diren enpresen eskaintza ezagutzeaz gain, kontsumo arduratsuak ingurumen jasangarria bermatzeko duen garrantziaz kontzientzia hartu ahalko dute gazteek. Zortzi urteko ibilbidean azokara gerturatu diren bisitarien joera eta eskaerei jarraituta hartu dute erabaki hori ere. “Aurreko urteetan ikastetxeetan hartu izan dute Berdeago bisitatzeko erabakia”. Aurten, bisita baino zerbait gehiago eskainiko dute. “Dinamika bat prestatu nahi izan dugu Durangoko gazteekin. Azken finean, etorkizuneko errealitate eta sektoreetan ekintzaileak izaten lagundu nahi diegu”.
Berdeago Naturek 60 bat erakusle eta gazte nahiz profesionalentzako guneak eskainiko ditu. Egunerokotasuna eta etorkizuna jasangarriagoa nola egin daitezkeen ulertu eta ikasteko aukera eman gura dute. Elikadura, ongizatea, finantza etikoak, ekonomia zirkularra edota garapen iraunkorrerako helburuak izango dira protagonista bigarren asteburu horretan. “Naturen sei gune egongo dira sentsibilizazio eta kontzientziazio helburu hauek betetzeko: Film Berdea, Hitz Berdea, Zirkulo Berdea, Gune Soziala, Erakusketa eta Gastro gunea. Programako partehartzaile guztiek dute Berdeagori ekarpena egiteko osagaia”.
Herriarentzako eredu
Ima Garrastatxu Durangoko alkateak azokaren filosofia nabarmendu du: “Baliabideen erabilera arduratsuaren aldeko apustua egiten dugu guk ere. Horregatik iruditzen zaigu interesgarria horrelakoak gure herrian egitea”. Jardunaldiek gazteengan jarri duten arreta ere azpimarratu du: “Guretzat, bereziki interesgarria da gazteen parte hartzea eta haiei ateak zabaldu izana. Haiengan dago etorkizuna eta, ondorioz, Durango berri eta hobea sortzeko erronka. Ikasketa prozesua izango baita guztiontzat ezarrita dauden jokaera desegokiekin apurtzea”.