Ibai Maruri Bilbao
“Abusua sufritzea ez da gerta dakizukeen gauzarik okerrena. Okerrena da abusua sufritu, kontatzera ausartu eta inork kasurik ez egitea”, zehaztu du Rosa Lizarragak. Psikologo klinikoa eta Agintzari kooperatibako psikoterapeuta da. Adingabeen aurkako abusuen inguruan dagoen isiltasun horrekin hautsi nahi du Basauriko Udalak. Horregatik, plan bat ipini zuen martxan iazko maiatzean. Besteak beste, abusuren bat salatzeko eta laguntza edo informazioa eskatzeko telefono zenbakia (94-466 63 48) eta Whatsapp zenbakia (688-73 15 09) ipini dituzte, eta helbide elektronikoa (abusurikez@basauri.eus). Horrez gain, formakuntza saioak ematen hasi dira, udaleko gizarte langileei, familiei, herriko kirol elkarteei eta ikastetxeei.
Udazkenean hasi ziren gizarte langileekin. Eskoletako guraso elkarteen bidez, herriko familia askorengana ere iritsi dira. Kirol elkarteetatik ere igaro dira. Eta asteon hasi dira ikastetxeetako irakasleekin beharrean. Udako oporrak arte, eskola guztietatik igarotzeko asmoa dute. Horretaz arduratzen den taldeko kidea da Lizarraga. Abusuak zelan detektatu eta, kasurik ezagutuz gero, zelan jokatu behar duten irakasten diete saioetan, besteak beste; guztiei aholkatu diete udalak ipinitako telefonoetara edo helbide elektronikora jotzeko.
Basauriko Baskonia kirol klubeko futbol entrenatzaile batek umetan abusuak eragin zizkiola kontatu zuen Pepe Godoy basauriarrak 2018ko azaroan, bideo batean. Gero beste sei salaketa iritsi ziren. “Herrian bonba bat lehertu zen; hekatonbea izan zen”, gogoratu du Lizarragak. Zehaztu du abusuak jakiten diren kasuetan beti dela horrela. Bonba lehertu den lekuan ez da ezer zutik geratzen: hori gertatu zen Baskonian. Baina herri osora zabaldu zen danbatekoa. “Herriko familia guztietan eragin du. Kirol talde bateko abusuak dira. Ume asko dira kide. Nor ez da ibili kirol talde batean? ‘Nire ingurukoei gertatu ote zaie? Ni ere izan nintekeen biktima…’ pentsatu dute askok”.
Abusuen gaiak sortzen duen larritasuna arindu nahi izan dute familiekin egin dituzten formakuntza saioetan. Ordu biko berbaldiak izan dira. “Ez dugu inor ikaratu nahi. Egia da saioaren hasieran asko ikaratzen direla, baina bukaeran eurek aitortzen digute etorri diren baino lasaiago doazela etxera. Eta hori ezinbestekoa da. Larritasunetik ez zara abusuak identifikatzeko gai izango”. Abusua egon badagoela azaltzen diete, uste baino gehiago. Abusua zer den azaltzen diete, nola funtzionatzen duen. Baina esaten diete abusua ez dela hondamendia. “Abusua oso gogorra da, baina terapia dauka, eta umearekin landuz gero gainditu egiten da. Horretarako gaude adituak”. Familiei ematen zaien prestakuntzaren abiapuntua, hala ere, honakoa da: “Sinistu umeek esaten dutena”.
Eta ez bakarrik familiek. Hori azpimarratzen diete guztiei. “Abusua kontatzen duen edonori beti sinistu behar zaio. Beti. Gero aztertuko da egia den edo ez. Baina kontatzen duenean sinistu beti. Abusurik ez badago, baina kontatu badu, hori ere bada larria: zer gertatzen zaio abusu bat asmatzeko? Ume horrek ere terapia behar du”.
Kirol elkarteetako begirale eta entrenatzaileei, berriz, prestakuntza teknikoagoa eskaintzen diete. “Zer den abusua, zelan funtzionatzen duen eta zelan detekta daitekeen azaltzen diegu. Hau da, zantzuak atzematen”. Lizarragak nabarmendu du abusuaz hitz egitean beti pentsatzen dela abusatzailea pertsona heldua dela, baina argitu du gero eta gehiago ikusten ari direla gaztetxoen arteko abusuak. “Kontuz aldagelekin. Han elkartzen dira nagusixeagoak eta gazteagoak diren umeak. Adi ibili behar da abusu zantzuak atzemateko”.
Ikastetxeetan irakasleekin egiten ari diren prestakuntza bestelakoa da. Nabarmendu du eskolak garrantzia handia daukala abusuak detektatzerakoan, handik pasatzen direlako ume guztiak eta ordu asko pasatzen dituztelako han. “Maisu-maistrak jatorrak badira, umeek eurengana jotzeko konfiantza izango dute arazoren bat dutenean. Agian etxean dute arazoa, ezin diete familiakoei kontatu eta maisu edo maistrari esango diote zerbait”.
Heziketa, prebentzioa
Bi oin ditu irakasleek jasotzen duten prestakuntzak. Gainontzekoei bezala abusuen ingurukoak azaltzen dizkiete, baina, era berean, Agintzari kooperatibak sortu duen tresna baten berri ere ematen diete. Euren web orrian dago, eta profesionalentzat da. 50 adierazle ditu, eta horiei erantzun behar die profesionalak. Denak erantzundakoan profesionalak jakingo du daukan susmoa sendoa izan daitekeen edo gehiago ikertu behar duen.
Prestakuntza saio hauez gain, Lizarragak beste zerbaiten premia ikusi du. “Irakasleek esan digute ikasleei ere eskaintzeko eurei eskaini diegun prestakuntza. Baina hori ez da eraginkorra. Abusuen prebentzioa ezin da oinarritu abusatzaileari ezetz esan behar zaiola irakastean. Adingabe bat inoiz ez da izango gai ezetz esateko, abusatzailea bera baino nagusiagoa delako”.
Gogora ekarri du 1980ko hamarkadan Ameriketan eta Europan eredu horretako prebentzioa lantzen hasi zirela. “Gerora emaitzak aztertu zituzten, eta ohartu ziren prebentzio kanpainetan parte hartu zuten umeen eta hartu ez zuten umeen artean abusu tasa igualtsua zela, eta parte hartu zuten umeen sufrimendua handiagoa zela, ezetz esaten irakatsi zieten arren, ez zutelako ezetz esaten jakin; errudun sentitzen ziren”. Lizarragak argi du eskolako etapa guztietan —2 urtetik 18 urtera arte— heziketa afektibo-sexuala eskaini behar zaiela neska-mutikoei. “Gorputzaz hitz egin behar zaie, intimitateaz, besteekiko harremanaz, zerk sentiarazten zaituen ondo eta zerk txarto… Horrela lor dezakegu abusatzaile gutxiago egotea eta biktimek errazago kontatzea”.
Formakuntza saio hauen bitartez abusuen gaia ez ahaztea nahi dute. “Nik uste dut orain Basauri herri seguruagoa dela. Foku guztiak abusuaren gainean ipini dira, eta abusatzaileek gaitzago izango dute”. Gogora ekarri du auzia ezagutu zenean askok esan zutela abusatzailearen inguruan bazirela zurrumurruak. “Bazekiten, zergatik ez zuten ezer esan? Abusuak sortzen duen larritasunagatik. ‘Zer pasako zait esaten badut? Eta ez bada egia?’ Zalantza logikoak dira. Abusuak aztoratu egiten gaitu eta tabu bihurtzen da”. Basauriko Udalak egindako lana ere goraipatu du: azpimarratu du komunitate oso bat abusuen aurka jartzea lortu duela.