Peru Azpillaga Diez
“Barakaldoko ibaiek aldaketa handiak izan dituzte XX. mendean, hiriaren eta industriaren garapena dela eta”, ohartarazi du Javier Vazquez Ekologistak Martxan elkarteko kideak. Agirtza ibaia jarri du horren adibidetzat: “1980ko hamarkadan, Agirtza ibaiak Barakaldon zituen meandroak eta urmaelak galdu zituen, eta bideratutako ibai bihurtu zen; gerora, ibaiaren orubeetan, merkataritza gune handi bat eraiki zuten”. Agirtza ibaiaren muturreko eraldaketaz gain, gune horretan eragin kaltegarria izan duten bestelako faktoreak egon direla azpimarratu du Vazquezek, hala nola uren kutsadura, kanpoko espezie inbaditzaileak eta inguruko azpiegituren kutsadura akustikoa.
Horregatik eratu du Ekologistak Martxan taldeak Barakaldo aldeko ibaiak ingurumen aldetik berreskuratzeko plana; administrazioari ibai horiek berriz naturalizatzeko zer egin behar duen eta nondik jo behar duen zehazteko. Hain zuzen ere, planak Agirtza eta Cadagua ibaiei eta Bilboko itsasadarrari eragiten die. “Ibaiko ekosistemetako balio naturala indartuta, asko irabaziko lukete, eta horrek onura handia ekarriko lieke Barakaldoko ingurumenari eta gizarteari”, erantsi du Vazquezek.
“Naturari laguntzen diozunean, izugarrizko abiaduran egiten du aurrera”, nabarmendu du talde ekologistako kideak. Espainiako Ekologistak Martxan Konfederazioak Madrilgo Manzanares ibaian martxan jarritako proiektua erabili du adibidetzat. “Oso erraza izan da, eta, hiru urtean, sekulako aldaketa izan da eremu horretan”. Horri lotuta, konfederaziotik proiektu gehiago aurkezteko deialdia egin zuten, eta Barakaldoko taldeak haien zonaldeko plana garatzea erabaki zuen. “Agirtza ibaia Bizkai osoko ibairik degradatuenetako bat da”, salatu du Vazquezek: “Horregatik erabaki genuen ingurunea birnaturalizatzeko plana egitea”.
Planaren barruan hainbat helburu dituzten zazpi jarduera bildu dituzte, eta berau garatzeko eskumena duten administrazio guztiei igorri diete: Barakaldoko, Bilboko, Trapagarango eta Sestaoko udalei; Bizkaiko Foru Aldundiari; eta Ura uraren euskal agentziari. “Badirudi gehiengoak gure planarekin bat egin duela. Barakaldoko Udalak eta Ura agentziak jarrera positiboa erakutsi dute, eta Trapagarango Udalak ere informazio gehiago eskatu digu. Beraz, aurrera aterako dela espero dugu”.
Hala ere, plana erabat integrala dela nabarmendu du. “Esate baterako, ez du zentzurik espezie inbaditzaileen aurkako neurriak hartzeak Barakaldon soilik”. Panpa lezkaren kasua jarri du adibidetzat. “Diputazioaren eskumena da espezie horiek amaitzea, eta, hori lortzeko, funtsezkoa da era koordinatuan lan egitea, bestela alferrik ibiliko gara eta”. Horregatik, aurkeztu duten programak elkarri lotuta dauden jarduerak proposatzen dituela azaldu du.
“Azken finean, asmoa da ibai tarteak hobetzea, batik bat ingurumenari eta paisaiari dagokienez, eta hobeto integratzea Barakaldoko udalerrian”, zehaztu du Vazquezek. Proposamen ireki bat dela gogorarazi du, Barakaldo aldeko ibaien ingurumena eta paisaiaren egoera aztertu eta, “hobekuntza ekologikoaren bidetik”, zenbait proposamen egiten dituena. “Neurri bakoitzaren aurrekontua eta guzti kalkulatu dugu: guztira 2.517.500 euro”.
Hitzetatik ekintzetara
Barakaldoko Ekologistak Martxan taldeko kideen ustez, planak hainbat fase izango ditu, eta batzuk aurten bertan jarri daitezke abian. Faseek administrazio guztien inplikazioa eskatuko dute. Horien artean, Ura agentzia izango da protagonista nagusietako bat. “Manzanares ibaian sekulako aldaketa izan da oso denbora gutxian; Barakaldon ere, galdu dugun eremu natural guztia berreskuratu genezake”, errepikatu du Vazquezek. “Ibaiak eta ibaiertzak berreskuratzeko garaia da”.
Vazquezek adierazi duenez, instituzioak geroz eta mezu gehiago zabaltzen dira klima larrialdiaren kontra, baina hitzetatik ekintzetara igarotzeko beharra dagoela uste du. “Hirietan espazio natural gehiago behar direla aldarrikatzen dute. Bueno, bada, hau, helburu hori lortzeko adibide argia da”. Gauza “errazenetatik” hasi beharra dagoela ohartarazi du: “Desnaturalizatuak izan diren espazioak berreskuratzea, hain zuzen ere”.
Baina, ingurunea berreskuratzeaz gain, iraganean egindako akatsak ez errepikatzeko beharra ere badagoela aipatu du. Jakinarazi duenez, Cadagua ibaiko hezegunean etxebizitzak eraikitzeko proiektua du esku artean Barakaldoko Udalak. Proiektu hori Agirtza ibaiaren inguruan egindako Megapark gune komertzialarekin alderatu du. “Ezin dugu eraiki urpean gera daitezkeen eremuetan”.
Horrekin batera, auzoak berreskuratzeko planak egiten direnean, urbanizazio masiboarekin lotuta ez dauden neurriak hartu beharko liratekeela esan du Ekologistak Martxan taldeko kideak; adibidez, ingurumena berreskuratzera bideratutakoak. Halako neurriek, auzoen garapenean laguntzeaz gain, klima aldaketaren aurka pausoak emateko aukera eskaintzen dutela argudiatu du: “Ikuspuntu global batekin aritu behar dugu, gure inguruneko naturari duen balioa aitortuz”.