Babesik ez duenaren makulu

Babesik ez duenaren makulu

Natalia Salazar Orbe

Ez dira familia desegituratuak soilik. Asko egoera zailen batean daude, bikotekideetako bat lanik gabe geratu delako eta, lana lortu arte, ez daukatelako ezer”. Administrazioari laguntza eskatu, eta, beharrezko baldintza guztiak betez gero, dirua jaso arte, denboratxoa pasatzen da. “Zer gertatzen da denbora tarte horretan? Bete beharreko hainbat beharrizan daude”. Horien guztien beharrak aztertu, baloratu eta bideratzen saiatzen da Barakaldoko Bihotz Solidarioak elkartea. Vicky Bustillo kideak azaldu du.

Bost emakume ditu gidari. Hala ere, haien atzean sare handi bat osatu dutela ekarri du gogora Bustillok; elkarteko presidenteordea da bera. Bide luzea egin du sare sozialetan sortu zen proiektu horrek. Hiru urteren ostean, iaz elkartea eratu zuten, eta, orain, herritarrengandik gertuago egotea eta arreta zuzenagoa ematea ahalbidetzen dien bulegoa ireki dute. “Eguerdietan norbait egoten da bulegoan. Hala ere, beharra dutenen eskaeretara moldatzen gara”.

Beharrizana duenak mezu elektroniko bat idatz diezaieke, edo Facebookeko txataren bidez idatzi. “Hor abiatzen da prozesua. Guk ez diegu eskatzen agiririk. Pertsonengan dugun konfiantza eta haiek guregan dutena dira gure lanaren ardatz. Konfiantza hori oso garrantzitsua da”.

Berogailua ezin piztu

Herritar askok beharrizan handia dutela ikusi dute. Etxeko berogailua elikatzea, besteak beste. “Neguan, familia askok ezin du butano bonbonarik erosi. Butano bonbona asko erosten ditugu. Argindarra ere ordaintzen diegu beste batzuei”. Janaririk ez duten herritarrek ere jotzen dute eurengana. “Kanpotik datorren jendeak ez du agiririk. Beraz, ez dauka ezer. Eta horiek jan egin behar dute. Janaria, butanoa, arropak eta etxerako edozein tresna eskatzen dute”.

Eskaera gehienak era horretakoak izan arren, denetarik ikusi dute. “Gaur goizean [astelehenean], emakume batek hozkailu bat eskatu du, etxean zuena hondatu zaiolako. Bihar goizean jasoko dugu bat [asteartean]. Izan ere, lagun batek, kasualitatez, atzo esan zidan etxebizitza salduko duela eta izozkailua, garbigailua eta berogailua dituela. Une aproposean iritsi dira. Diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen du eskaera egin digun emakumeak, baina izozkailua hondatu zaio, eta ez du berria erosteko dirurik”.

Halako egoeretan dauden hainbat herritarri laguntzen die elkarteak. Erabiltzaileei ez diete dirurik ematen. Behar dituzten elementuak lortzen dizkiete. Garraio publikoa erabiltzeko txartelak ere ahalbidetu dizkiete batzuei; laneko elkarrizketa bat egitera joateko behar zuelako, bati. Izan dituzte muturrekoagoak izan diren beste esperientzia batzuk ere: “Ortuellan bizi den atzerriko emakume baten kasua dugu. Oinez etorri zen, lau seme-alabekin, seme txikiarentzako esne botilen bila. Ez zeukan Barik txartela ordaintzeko dirurik. Metro geltokira lagundu genuen; Barik txartela kargatu, eta etxera autobusez bueltatu ahal izan zen. Oso egoera gogorra izan zen”. Horrelako esperientzia ugari ezagutu dituztela azaldu du Bustillok.

Astero, gutxienez, zazpi familiari ematen diete laguntza. “Bost familia inguruk osatutako talde bat izaten dugu beti. Aldatu egiten dira, ez dira beti berdinak. Horrez gain, noizean behingo laguntza behar duten beste bi izaten ditugu, gutxienez”.

Bihotz Solidarioak elkarteak ez ditu salatu nahi administrazioen gabeziak, baina posible denetan prozesuak azkartzeko eskatu du Bustillok: “Nahiko nuke administrazioek erantzun azkarragoa ematea. Batez ere, seme-alabak dituzten senideentzako laguntzei dagokienez. Familia bat ezin duzu bi hilabetez zain utzi diru sarrerak bermatzeko laguntza jasotzeko”.

Barakaldon hasi zuten ibilbidea, baina handik kanpoko edonori laguntzeko prest daude. Horretarako sarea eratu dute. Euren lana egiten jarraitu ahal izateko, bazkideak egiteko kanpaina dute martxan. “Ez daukagu diru laguntzarik. Ekarpenen bidez egiten dugu lan. Gure bazkideek hilean euro bat ordaintzen dute. Diru gutxirekin laguntza handia eman dezakezu”.