Aldundiak teknologia berriak baliatuko ditu mendekoak zaintzeko

Aldundiak teknologia berriak baliatuko ditu mendekoak zaintzeko

Natalia Salazar Orbe

Alerta piztu da. Orain arte gauero sei orduz segidan lo egiten zuen adineko batek astebete darama goizaldean birritan jaikitzen. Haren etxean jarritako sistema teknologiko batek antzeman du hori. Goizaldean hozkailua zabaltzen duela antzemanda jakin dute ohetik jaikitzen dela, ohi ez bezala. Egoera hori azaleratu denez, mendeko horrek osasun arazoren bat duen aztertu ahal izango dute profesionalek. Hori da Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri duen EtxeTIC programaren helburua: mendekotasunen bat duten herritarren eta haien zaintzaileen bizi kalitatea hobetzea, teknologia berrien bidez.

Bilboko Marcelino Oreja kalean birgaitu duten Etxaniz egoitzan jarriko dute abian proiektua. Bi erabiltzaile mota izango ditu: batetik, mendekotasunen bat duten 25 herritarrentzako ohiko eguneko egoitza gisa funtzionatuko du; bestetik, Indautxu inguruan bizi diren mendekoentzako zerbitzua ere eskainiko du, egoitzara bertaratu behar izanik gabe.

Mendeko horiek monitorizatuta izateko sisteman datza proiektua. Etxaniz egoitzan egongo da kontrol zentroa, eta erabiltzaileen etxeetan instalatutako gailu teknologikoek emango diote kontrol zentroari behar duen informazioa. Mendekoen egunerokoan antzemandako aldaketek horiei laguntzeko neurriak hartu beharraz ohartarazten dute.

Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak eman ditu zehaztapenak: “Posible da antzematea pertsona bat gauean sarri jaikitzen dela eta hozkailura ohi baino sarriago doala. Errutina aldaketak dira, eta erakusten dute zerbait gertatzen dela pertsona horren loaren ohituretan. Kasu horietan, beharrezko neurriak hartuko dira balizko arazo bat prebenitzeko”.

Teknologiak eskaintzen du bestelako aukerarik ere: “Uraren analisi baten bidez antzeman daiteke pertsona bat sarri doan komunera eta gernuko infekzioa izan dezakeen”. Baliabide horiek jasotako datuei esker, zaintzaileen gainkarga edo mendekoaren isolamendua ere antzemateko aukera izango dutela argitu dute.

Espezialistek pertsona horien bizi kalitatea kuantifikatzeko datuak izango dituzte. Hori guztiori, helburu batekin: proiektuan parte hartzen duten erabiltzaileen egunerokoan anomaliak antzematea eta, horiei esker, istripuak edo ospitaleratzea beharko luketen gaixotasunak saihestea.

Unai Rementeriak eman zituen proiektuari buruzko xehetasun gehiago. “Proiektu honen bi axiomak dira gero eta gizarte zaharkituagoa dugula —gaixotasun kroniko ugari dituena— eta mendeko gehienek nahiago dutela etxean bizi”.

Mendekoen profila

Marcelino Oreja kaletik gertu bizi dira proiektuan parte hartuko duten mendekoak. Murilloren esanetan, gune estrategikoan kokatu dute egoitza, adineko ugari dauden eremuan. 80 eta 85 urte artean dituzte, eta laguntza jasotzen dute senide batek zaintzea behar dutelako. Gazte gutxi batzuk ere badaude horien artean.

Zaintzaileei buruzko datuak ere eman dituzte: kasuen %37tan senarrek edo emazteek hartzen dute erantzukizuna. %25etan, berriz, seme-alabek hartzen dute ardura. Haiek ere atsedena hartu ahal izateko planak eskainiko ditu egoitzak.

Aldundiak teknologia berrien merkatura joko du EtxeTIC proiektuak eskain ditzakeen baliabideak areagotzeko. Teknologia berrien eta zerbitzuen ekoizle bat bilatu nahi du. Apirilean argitaratuko ditu bete beharreko baldintzak, eta maiatzean esleitzea aurreikusi du.

Erabiltzaileen baimena

Etxeetan gailu horiek jartzeko, baimena eman beharko dute mendekoek eurek eta zaintzaileek. Zerbitzu hori jasotzen duten erabiltzaileek dagokien eguneko zentrora joateko eskubidea ere izango dute, babes zerbitzuren bat behar izanez gero.

Datorren abenduan jarriko dute martxan proba proiektua, eta hemezortzi hilabete iraungo du. Aurreikusi dute seiehun pertsona artatuko dituztela era horretan. Urte eta erdiko programa bukatu ostean, Bizkai osora zabaltzeko asmoa agertu dute. Aldundiak milioi bat euro bideratuko ditu probako proiektura.

Bizkain, 40.000 herritarrek dute mendekotasunen bat aitortuta. Horietatik 21.000k laguntzaren bat jasotzen dute etxe barruko zaintzarako. Aldundiak azaldu du programa berria martxan jarri arren ez direla desagertuko gaur egun eskaintzen dituzten bestelako zerbitzuak.

Rementeriak uste du proiektua tresna bat dela gizartea garai berrietara egokitzeko: “Mende berrian bagabiltza, gure eraikinek eta gure zerbitzuek ere mende berri horretara egokitu behar dute. Eta gure pentsamoldeak ere XXI. mendekoa izan behar du. Baina guztionak; ez bakarrik administrazioarenak, baita erabiltzaileenak ere”.